Albistea entzun

KRITIKA. Dantza

Arranoaren bakarraldia

Agus Perez -

2016ko ekainak 7

'Now'

Konpainia: Lasala. Zuzendaritza eta koreografia: Judith Argomaniz. Argien diseinua: Gabo Punzo. Jantziak: Xabier Mujika. Dantzariak: Judith Argomaniz, Carla Diego, Rafke van Houplines, Sergio Moya, Jaiotz Osa. Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: Ekainak 4.

Donostiako Gazteszena azken besaulkiraino beteta zegoela aurkeztu du Lasala konpainiak bere lehen lan luzea. Judith Argomanizek eta Jaiotz Osak sortutako konpainia indar handiz sartu da Euskal Herriko dantzaren panoraman 2014an Hooked izeneko pieza aurkeztu zutenetik.

Hasiera harrigarri haren ostean Lauesku sortu zuten, pilota jokoaren gaineko gogoeta eginez —lehena bezain miresgarria suertatu zen—, eta jarraian goia jo zuten, Gizon haiek pieza bikaina Dantzaz konpainiaren Aureo egitarauan txertatuta. Ordurako ongi frogatuak zituzten beren sormena, beren ekimena eta beren dantzarako gaitasuna, eta heldua zen lan luzeetarako jauzia.

Ameriketako arrano buruzuriaz hitz egiten digu Now izeneko lehen lan luzearen esku-programak: kondairak dioenez, oso bizi luzea daukate arranook, baina lehen zahartzarora iritsita, bakarraldi gogor bat igaro behar dute, moko eta atzapar zaharrak apurtu eta berriak hazi arte, bide horretatik bigarren helduaro bat lortuko dutelako.

Ideia horretatik abiatuta, orain arteko bideaz eta geroan espero duenaz eraiki du Judithek bere oraingo lana. Lonpa Martikorena eta Eduardo Andresen eremu eszenikoak terma erromatar bat ekarri dit gogora, agian bere soiltasun estetikoarengatik, agian bainuontzi bat zegoelako bazter batean. Bat-batean agertu dira taldeko bost dantzariak rock indartsu baten eraginpean, eta hasierako pasarte labur horrek ikusleen entusiasmoa piztu du, jatorrizko bikotearen ezaugarri ezagunak agerian utzi eta bider bost multiplikatuta ikusi ditugulako. Ordea, jarraian etorritako duo luze-luze eta geldoak asko zeukan perfilatzeko —asko benetan—, eta haren inguruan eratu diren irudi onirikoek ezin izan dute ezabatu nesken bikoteak sortutako irudi findu gabea.

Hortik aurrera, aldiz, beste pasarte batzuk etorri dira, musika esanguratsuago batzuek lagunduta, eta haien artean belaunaldi bakoitzaren berezitasunak agertu dira, eszenaren parte izan den jende edadetuaren eta mutiko baten presentziaren bidez. Haietan guztietan gailendu da Argomaniz/Osa bikoteak sortutako lengoaia koreografikoa, kirol, esgrima eta borroka-arteetatik finezia handiz edaten duena, eta haietan guztietan ikusi da kementsua, arina, bihurgunetsua eta sinkopatua dela hain gustukoa dugun dantza estilo berri hau. Hala ere, lehen lan luze honetan agerian geratu dira haren mugapenak, eta iruditu zaigu nolabaiteko efektismo bati emanak eta funtsik gabeak zirela dantza pasarteak, koreografoak benetako muinean sakonduko ez balu bezala.

Ordea, aipamen berezia merezi dute jantziek —gris askoren gamakoak hasieran, eta horiak amaierako eszenan— eta, batez ere, argien diseinuak. Gabo Punzok sortutako argiak zurian oinarritu dira gehienbat, hori koloreko gune puntual batzuekin batera, eta gune fisikoak sortzeaz gain, giro onirikoak eta atmosfera subliminalak sortu dituzte. Dantzaren kalterako izango ez balitz, nik esango nuke emanaldiaren protagonista ere izan direla.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

1 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Berriro ere topagunea da

Ainhoa Sarasola

Iazko etenaren ondotik, aurrez aurrekoa izatera itzuli da Durangoko Azoka, eta, edukiera mugarekin, jendez bete da berriro ere Landako Gunea. Txandaka joan dira sartzen bisitariak, pilaketarik gabe

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Nahikoa lan izan dugu atzerakadari eusten»

Iñigo Astiz

Loiola, festara etorri, eta kulturak harrapatu zuen bere lehen Durangoko Azokan, eta Del Campo sormenerantz bultzatu du pandemiak. Landakon ezagutu dute elkar.

Nerea Ibarzabal bertsolaria, atzo, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoan, Larrabetzun. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Begirada guztiak finalera begira

Olatz Enzunza Mallona

Nerea Ibarzabalek irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa. Horrekin batera, erabakita geratu da finalisten zerrenda

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.