'Soldatii. Poveste din ferentari' filmak irabazi du Zinegoak saria

Marcelo Caetanok eskuratu du zuzendari onenaren saria, 'Corpo eléctrico' fikziozko filmari esker

Irudian, film onenaren Zinegoak saria eskuratu duen Soldatii. Poveste din ferentari pelikularen fotograma bat. BERRIA.
Naiara Elola.
2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Atzo eman zituzten Bilboko Zinegoak gay, lesbiana eta transexualen zinema jaialdiaren sariak. Osatu dute jaialdiaren hamabosgarren aldia. Sarituen artean ikuspuntu «soziala, probokatzailea eta sentibera» nabarmena izan dela azaldu dute antolatzaileek. Gainera, emakumeak nagusi izan direla azpimarratu dute, saritutako hamabi lagunetatik hamar emakumeak baitira. Fikzioaren atalean, sari nagusia Ivana Mladenovic zuzendari errumaniarrak irabazi du, Soldatti. Poveste din ferentari lanarekin. «Soldatii-k aurreiritziz jositako testuinguru batean barneratzen gaitu, betiere errespetuzko begirada galdu gabe», azaldu du epaimahaiak.

Ikuslearen nerbioak dantzan maistraki jartzen ditu Mladenovicek azken lanean. Iragan iraileko Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean eman zuten filmetako bat izan zen Soldatii. Poveste din ferentari. Neska-lagunak utzi berri duen antropologo gazte bat da protagonista, Adi. Bukaresteko auzorik pobreenera joan da bizitzera, Soldatiira, eta han gizonezko bat ezagutu eta adiskide egiten dira. Hari horretatik tiraka, zuzendariak bi gizonezkoen arteko maitasun harremana eraman du pantailara, ezustekoz beteriko harremana. Izan ere, bikotea osatzen duen kide bakoitzak barneratuta dauzkan aurreiritzi eta oztopoei egin beharko die aurre.

Bestalde, dokumental onenaren Zinegoak saria Nada Mezni Hafaiedh Tunisiako zuzendariaren Au-delà de l'ombre lanari eman diote. Komunitatean bizi direnen indarra helarazten du lanak, Tunisiako LGTBI kolektiboko kideek jasaten duten zapalkuntza agerian utziz. Epaimahaiaren arabera, «dudarik gabe konpromisoz eta arriskuz beteriko zinemaren ageriko adibidea da Nada Mezni Hafaiedhen dokumentala». Femen taldeko kide ohi Amina Sboui da protagonista. Haren bitartez, zapalduta dauden beste hainbat pertsonaren lekukotzak ezagutaraziko ditu filmak.

Gidoi onenaren Zinegoak saria Clarisa Navasek eskuratu du, Hoy partido a las tres lanagatik. Epaimahaiaren irudiko, «elkarrizketak modu organikoan gauzatzen dira, eta horri esker gazteek adiskidetasunaren eta sexualitatearen inguruan duten malgutasuna erakusten da». Maitasun harremanak, lehia, politika, aurreiritziak eta gizonentzat izan ohi den espazioa bereganatzeko borroka dira fikziozko film honen funtsa.

Jaialdiko beste sari nagusietako bat da zuzendari onenaren Zinegoak saria. Aurtengoan, Marcelo Caetano brasildarrak eskuratu du, Corpo eléctrico lanarengatik. «Kameraren aurrean ageri den loturarik gabeko bizitza erretratatzen du», azaldu du epaimahaiak. Caetanok eszena bakar batean biltzen du filmaren funtsa: bestea onartu ahal izateko lehen urratsa ezagutzea. Belaunaldi baten erretratua da, sentsuala eta koloretsua. Epaimahaiaren arabera, «film hunkigarria da oso».

Aktoreei dagokienez, film bat izan da nagusi, Marcelo Caetanoren eta Juliana Rojasen As boas maneiras filma. Izan ere, lan horretan parte hartzen duten bi aktorek eskuratu dituzte protagonista onenaren eta taldeko aktore onenaren sariak: Isabel Zuaak protagonista onenarena, eta Marjorie Estianok taldeko aktore onenarena.

Lesbianismoaren eta generoaren epaimahaiak partekatutako saria eman die Violette Delvoyeren Projection sur canapé eta Marianne Fraleyren Marguerite film laburrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.