Presoen babesaren kontrako operazioa. Mati Iturralde. Medikua, Jaiki Hadi-ko kidea

«Borondatez ematen diegu presoei osasun laguntza, lan sozial gisa»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Bere bi lankide atxilotu dituztela jakin duenetik aztoratuta dago. Albisteagatik, hedabideei erantzuten aritu delako, eta elkarteak gaur egingo duen agerraldia prestatu beharra zegoelako.

Zer da Jaiki Hadi?

Mediku, erizain, psikologo eta osasun alorreko beste profesional batzuen elkartea da. Gaixo dauden presoen jarraipena egiten dugu, eta tratamendua izan dezaten saiatzen gara.

Zein da elkartearen helburua?

Osasun eskubidea preso daudenei ere bermatzea da gure helburu nagusia. Pertsona guztiek dute osasunerako eskubidea, eta askatasuna ez izateak ez dio kalterik ekarri behar bere osasunari.

Nola egiten duzue lana?

Senideren batek esaten digunean gaixotasun bat edo sintoma batzuk agertu direla, presoekin harremanetan jartzen gara. Ez digutenez uzten haiekin egoten, gutunez egiten dugu normalean. Gaixotasunaren jarraipena egiten saiatzen gara, gomendioak eman eta diagnosietan laguntzen... Kartzelako medikuarekin hitz egiten dugu ahal bada informazioa trukatzeko, gure kezkak azaldu eta egoera nola ikusten dugun esateko. Presoaren egoeraren jarraipenerako txostenak egiten ditugu; probaren bat behar badu, eskaera egiten dugu... Azken finean, gure pazienteak dira, eta, ahal den neurrian, haien osasuna zaintzen saiatu behar dugu. Kasu larrienak jendaurrean jakinarazten ditugu, legeak agintzen dituen neurriak eskatzeko. Lan erabat publikoa egiten dugu. Espetxe Zaintzarekin harremanetan ere jartzen gara egoeren berri emateko, baita Auzitegi Nazionalarekin ere.

Laguntza medikoa boluntario gisa ematen duzue, beraz?

Guztiok gara Osakidetzako medikuak edo Osasunbidekoak; sare publikokoak gara, eta borondatez ematen diegu osasun laguntza presoei, lan sozial gisa. Psikologoen kasuan, osasun publikoak ez ditu barnean hartzen. Gainera, horiek bidaia asko egin behar izaten dituzte, batzuetan gaixo psikikoekin egoteko aukera ematen dietelako. Kasu horietan, bidaiak ordaintzen zaizkie.

Elkartekoak ez diren medikuek normaltzat hartzen dute lana?

Bai, bai. Askotan eskatzen diegu iritzia espezialistei, eta normal-normal ematen digute laguntza. Egiten dugun lana ezaguna da, normal egiten dugu, eta ez dago arazorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.