Botika, erregistroa eta independentzia

2016ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Botika bateko langile batek behinola esan zidan botiketan eskuratzen dituzten mozkin handienak, botiketatik baino gehiago, jaioberrien osagarrietatik datozkiela, gurasoek (lehenengoz guraso badira, are gehiago) jaio berrientzako, prezioari erreparatu gabe, beti onena nahi izaten dutelako. Lagun batek beti konparatzen du gurasotasuna norabide gabeko bidaia batekin, bidegurutzez betea dagoena, etengabean aukeratu beharra eragiten dizuna. Esan beharrik ez, guztietan lortuko ez baduzu ere, beti saiatuko zara biderik egokiena aukeratzen.

Umea jaiotzerako —bere bizitza osoan izan dezakeen transzendentziagatik— kontu garrantzitsuenetako bat izena aukeratzea izaten da. Gurasoek hor topatzen dute aurreneko bidegurutzea, eta, zeresanik ez, asmatu beharra dago; izan ere, izena, printzipioz, haurraren bizi guztirako izango baita, eta, askok dioten moduan, zenbaitetan izenak izana ordezkatzen baitu.

Izena aukeratzeak gorabehera eta buruhauste ugari ekartzen ditu, eta fonetika dela, toponimoak direla, historia dela, familiaren iritzi subjektiboak direla... kasuistika ikaragarria dago, erabaki horretan, gurasoez gain, jende eta elementu askok hartzen baitute parte.

Espainia aldean polemika berria piztu da guraso batzuek euren umeari Lobo izena ipini nahi eta zegokion erregistradoreak izen hori onartzen ez zuelako. Uda izanik, kontuak oihartzun handia jaso du, eta badirudi, gurasoek abiatutako kanpaina eta aurkeztu duten errekurtsoa dela medio, azkenean, ume horren izena Lobo izango dela.

Erregistroaren legea argia da: esanbidez debekatuta daude pertsonari kalte egin diezaioketen izenak eta identifikatzea zaildu dezaketenak, baina, horrez gain, lege horrek badio ere debekatuta daudela sexuaz okerra eragin dezaketen izenak, eta debeku hori indarrean dago, gutxienez 2017ko ekainaren 30era arte.

Konstituzioaren indarraz, Estatuak konpetentzia esklusiboa dauka Erregistroei buruz. Hortik abiatuta, Erregistro Zibilari buruzko legeek aitortzen dute estatu osoan Erregistro zibil bat eta bakarra egongo dela, ekintza batasunaz arautua izango dena, eta, horregatik, estatuko Erregistro eta Notariotzako Zuzendaritza Orokorraren Instrukzioak, Ebazpenak eta Zirkularrak bete beharrekoak izango dira, estatu osoan jakina.

Nahiz eta ia bakarrik mugatu den inguru euskaltzalera, Erregistroko Legearen indarraz, izenaren bitartez sexuaz edo generoaz bereizi behar hori ere eztabaidagaia izan da geure Herrian.

Aipatu Erregistro Zibilaren legearen ondorioz, 2001. urtean, Eusko Jaurlaritzak Euskal Izendegia argitaratu zuen, eta liburu horrek muga bat markatu zuen, lehena eta geroa; izan ere, Jaurlaritza, argitaratzeaz gain, Erkidegoko Erregistro guztietara zabaltzeaz arduratu baitzen, eta hori izan baita erregistroetako funtzionarioek izaten duten Katona, izenak legaltasunera iristeko galbahe nagusia. Hor agertzen dena bada, eta hor agertzen ez dena ez. Beraz, hor agertzen ez dena egiaztatzea interesdunari dagokio, eta zenbaitetan ez da batere erraza izaten.

Aitortu beharra dago Euskaltzaindiak ——Seaskako arduradunak bere garaian bezala— izenak biltzen lan ona egin duela, baina hortik aurrera badira bi jarrera, inongo ikuspuntutik begiratuta, onartu ezin daitezkeenak: lehena atzizki absolutiboa erabiltzea generoaz bereizketa egiteko Borjako Ecce Hommo-ren birgaitzea bezala izan delako, eta bigarrena Jaurlaritzako Justizia Sailak, arau positiborik gabe, izen bilduma horri emandako zabalpena Izendegi horretan agertutako genero bereizketa artifizial horri ixilbidez «arau indarra» eman diolako.

Uda honetan Euskaltzaindiko ordezkari baten deklarazio batzuen harira, auzi honek berriro hartu du indarra, eta, euskaldunon ohiko gidoiari jarraituz, sare sozialetan kritika latzak jaurti izan dira Euskaltzainen kontra, baita irainen bat ere. Horren inguruan oso bitxia iruditu zait, egindako kritiketatik haratago, ia inork ez duela kuestionatu ea zein puntutaraino Espainiako Lege batek inposatu diezaiekeen generoa gure umeen izenei; ea zein puntutaraino Murtzia, Zamora edo Salamancako diputatuek erabaki behar duten Aretxa neska izango dela eta Aretx mutila.

Profesionalki, bulegoan bi kasu izan ditugu, «a» bat tartean zela, Lege horrek guraso batzuei euren umeei nahi zieten izena ipintzea galarazten ziena. Oraindik preskribatu ez duenez, ez dut esango nola lortu zen, baina ume horiek, oso gazteak izan arren, badute DNIa gurasoek nahi zuten izenarekin, Euskaltzaindiak ezarritako irizpideen kontra. Esan beharrik ez dago bi ume horien izenak «ilegalak» direla.

Espainiak ezarritako inposizioetatik askatzeari begira, asko izan gara euskal herritarrak Catalunyako emantzipazio urratsak katalanengatik «inbidia» handiz eta geuregatik kezka handiz segitu dugunak.

Euskal Herrian orain artean pausoak askoz ere motelagoak izan dira, baina iaztik hona sortu da eguzki printzarik. Orain dela gutxi, Arkaitz Rodriguez Sortuko bozeramaile berriari irakurri nion euren merezimendu bakarra orokortua zegoen gogo bat mahai gainean ipini eta euskal gizarteari eskaintzea izan zela. Horrekin lotuta, Logroñoko kartzela ondoko zelaietan, eta geroago Anoetako belodromoan, Arnaldo Otegik fase independentista ofizialki inauguratu zuela sentitu nuen, eta horrek eman zidan pentsatzeko fase independentistara abiarazita Bateragune auzian zigortutakoek berriro asmatuko dutela.

Botikariak esan zidana hona ekarriz, agian garesti aterako bazaigu ere, Independentzia nahi dugu geure umeentzako onena nahi dugulako.

Ez daukat zalantzarik lortuko dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.