Anjel Lertxundi.

Ondo bidez, Kortarekin desutopiaz

2017ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Ondo bidez, oker biologikoren bat edo istripuren bat gertatu ezean, Jose Mari Kortak hemen behar zuen. Gurekin. Bizi-itxaropenaren datuek hala diote, hala dio «mens sana in corpore sano» lemari Kortak zion begiruneak ere. Aurreikuspen guztiak oker: hamazazpi urte dira ETAk jarritako lehergailuak hil zuela bere enpresaren aurrean. Atentatuaren lekutik bi kilometrora doi baina hogei urte lehenago, ETAk Ceferino Peña hil zuen bere tailer txikiaren aurrean. Handik egun batzuetara, Peñaren hilketa hutsegitetzat jo zuen ETAk. Karrozeriako enpresa txiki bat zeukan Peñak; tailer txiki bat zen Kortaren negozioa ere Peña hil zuten fetxa haietan. Pasta bertsuko langileak ziren biak, negozio txiki bati kemen handiz ekin nahi zioten bi pertsona. Errore historiko latz baten biktimak dira biak ala biak, halaxe indarkeriaren gainerako hildako eta kaltetuak ere. Ondo bide naturalez, haietako askok eta askok gurekin eta hemen behar zuten oraindik. Ez daude.

Korta hil baino astebete lehenago berarekin egin nuen topo Zarauzko Desertu Txikian (hala deitzen diogu hondartza aurreko etxe ilara luzeak utzitako soilgune hareatsu bakarrari). Urte hartan ETAk bere seta armatua areagotu zuen eta Kortak, mehatxatua zegoen arren, ez zuen bizkartzainik nahi. Ez genuen, ordea, horretaz hitz egin, ETAren balizko amaieraz baizik. Kortak erraz bilatzen zituen akordioetarako, ulermenerako, ezkortasuna uxatzeko argumentuak. ETAren lur-hartzeari erraztasunak jartzearen aldeko, ni baino optimistagoa zen etorkizunaren aurrean, nahiko epe laburrean ikusten zuen tunelaren bukaera.

Ondo bidez, Kortak gaur bizirik behar zuen, eta ETAren armagabetzearen ondoren askotan imajinatu dut gure beste enkontru bat Zarauzko Desertu Txikian. Zertaz jardungo genukeen, zer esango geniokeen elkarri. Zalantzarik gabe, krisi ekonomikoak laga digun hondamendiaz galdetuko nioke nik: konkistatutzat—betikotzat— jotzen genituen lan-baldintzen galeraz, bertan goxo egin duen prekarietateaz, ekonomian gero eta eragin handiagoa duen inoren kontrolik gabeko espekulazio gupidagabeaz. Kortak oso barneratua zuen humanismo kristauan oinarritutako dotrina soziala, eta oso gizon praktikoa zenez, ausartzen naiz esatera haren humanismoa ere oso zela praktikoa, ez batere abstraktua, eguneroko errealitatean txertatua baizik. Baina, tamalez, ezin haren gogoetarik jaso.

Berak, aldiz, elkartzen ginen aldiro bezala, kulturan eta gizartean susmatzen ditudan nondik norakoez galdetzen baitzidan, oraingoan desutopia deitzen dudanaz mintzatuko nintzaion, kolpean ulertzen den eta aspaldian buruan bueltaka darabildan kontzeptu batez.

Gizakiok, mugatuak baikara, ezin dugu gizarte berdin eta justu bat guztiz gauzatu; hala ere, denok sentitzen dugu, aldez edo moldez, neurri txikian zein oparo, adorez zein nagi-epelik, mundu hobeago baten ametsa. Utopiaren bila jarri gintuen gure izaera moralak: gizakiak berezkoa du mundua hobetzeko bulkada, eta barne-gogo horrek asko du —ez dena, ez beti— kontzientzia moraletik. Bulkada utopikoek aura urretsua izan dute erromantizismotik honako hainbat mugimendu sozial eta politikoetan. Baina laster, utopien eskutik bideratutako hainbat basakeria ezagutzen hasi ginen, eta ikusi genuen haien atzean ez zela gelditzen hasierako bulkada moralik: kontzientzia pertsonala balizko etorkizun justu baten etsai zen, utopiaren izenean —edo aitzakian— egindako oro ez zen, hurrik eman ere, zuzena.

Pixkana-pixkana, mundua hobetzeko ahaleginek prestigioa, lilura, amets ederrenen distira galdu dute. Argilunez osatutako egitate bat da errealitatea, baina nola bizi egitate horren alde ilunenak utopiaren alde argienak gabe? Larrutik sufrituak gara gaizkiaren banalizazioak iturrian eta emaitzetan daraman hondamendia; kezkatuta gauzka denon artean eraikitzen ari garen etorkizun gero eta arriskutsuagoak; kontsumoak instantea du helburu; ideologiek eta erlijioek ez dute garai bateko sinesgarritasunik…

Eta desutopiaren desertu handiaren erdian, mundua; eta munduan, gu, helduleku etikorik gabe. Egun argi da, eguzkia gorenetik ari zaigu. Hartan, Claudio Rodríguezek zehaztasun poetikoz adierazitako bakardadea eta erantzukizun pertsonala xuxurlatu dizkiot Kortari:

«Lehen zehatza zenak orain ezin du bete tokia aurkitu. Ez, ez du aurkitzen eta egun argi da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.