Sokatira, borrokaren ondorioz lortutako ofizialtasuna

Mikel Urkola eta Martxel Toledo
2014ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Gehienok jakingo duzuen bezala, uztailaren 1etik aurrera, Euskadiko Herri Kirol Federazioa (EHKF) Nazioarteko Sokatira Federazioko (TWIF) kidea da eta ondorioz, hemendik aurrera, sokatirako Euskal Selekzioak, ofizialki, nazioarteko txapelketa guztietan Basque Country bezala parte hartzeko aukera izango du. Estatus berri hau Madisonen, Wisconsin (AEB), datorren abuztuaren 28tik 31ra ospatuko den lur gaineko txapelketatik aurrera izango dute. Lehenik eta behin, zorionak, ofizialtasun hori lortzeko urteak eta urteak lanean aritu zareten guztioi, borroka horren ondorioa baino ez delako orain lortutako ofizialtasuna.

Japoniako Akita hirian izandako munduko sokatira txapelketara euskal selekzio gisa joan ziren Euskal Herriko taldeak kanporatuak izan zirenetik 13 urte pasatu dira. Gogoratu baino ez bertan gertatutakoa, Sakana neska taldea urrea irabazi eta saria jasotzera podiumera igo zenean, Espainiako ereserkia jarri zietenean hauek bertatik jaistea erabaki zutela eta, mendeku bezala, TWIFek Sakana neska taldea zein euskal talde guztiak txapelketatik kanpo jarri zituela. Esan beharra dago herri kirol modalitatean ez dela Espainia edo Frantziako kirol federaziorik existitzen eta ondorioz, TWIFek antolatutako txapelketa ofizial horietan, ordura arte, podiumean soilik nazioarteko ereserkia jartzen zutela.

Euskal taldeek, batez beste, 40 urte inguru daramate nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzen. Urte hauetan guztietan, egoera ezberdinetan aritu dira lehiatzen. Hasieran ez zioten Espainia edo Frantziako ereserkirik ipintzen, eta Estatu hauen izenarekin parte hartzen bazuten ere gure taldeek sinbologia euskalduna erabiltzen zuten txapelketa horietan. Akitako txapelketa hori izan zen lehen aldia euskal tiralariak horrelako tranpa-baldintza batekin aurkitu zirela. Ordutik aurrera, azken hamahiru urte hauetan, denetarik egon da. Lehengo urteetan, ez zieten parte hartzen uzten; gerora, kluben mailan bai baina nazio gisa ezin izan dira lehiatu, eta azken bi txapelketetan, berriz, klub zein nazio mailan federazio gisa lehiatu ahal izan dira. Hemendik aurrera, berriz, beste nazioen antzera aritzeko aukera izango dute, alegia, Euskal Herriaren izenean. Bazen garaia!

2012ko apirilaren 18an Espainiako Konstituzio Auzitegiak BOE-A-2012-6490, euskal kirolari buruzko ebazpena, kaleratu zuen. Ebazpen horrek, besteak beste, zioen Espainiako federaziorik ez zegoen kirol arlo horretan, herri kirolaren kasuan bezala, erkidegoko kirol federazioek ordezkaritza gisa nazioartean lehiatzeko aukera daukatela. Eta funtsean, ebazpen hori eta aurretik, Euskadi eta Gipuzkoako herri kirolen federazioek TWIFekin egindako sukalde lana izan da, nazioarteko erakunde horrek, alegia, TWIFek, batzar eta negoziazio prozesu sakon bat irekitzeko erabilitako arrazoia. Eta nola ez, hainbat urtetako oztopoak alde batera utzita, Euskadiko Herri Kirol Federazioa bazkide gisa onartzea eta, ondorioz, sokatiran euskal selekzioaren ofizialtasunari ateak nazioartean irekitzea.

Euskadiko Herri Kirol Federazioak (EHKF) berria jakinarazteko ateratako agirian ongi azaldu duen modura, iruditzen zait lorpen hau urte luzeetako lanaren ondorioz heldu dela, batik bat sokatiran buru-belarri lanean aritu diren talde guztiek egindako lanari esker. Eta orain, batzuk lorpen horri etekin politikoa atera nahian ibili arren (ikusi baino ez albistea emateko formak, erabilitako espresioak eta abar...), sokatiran herri honek bere selekzio propioa nazioartean izateko urteak eta urteak lanean aritu direnen garaipena baino ez da. Zentzu horretan, ezin aipatu gabe utzi horien artean 2001. urtean, arestian aipatu bezala, Akitan, Japonian Sakanako neska taldeak erakutsitako ausardia eta zintzotasuna. Eta hartutako erabakia, alegia, Espainiako ereserkiaren aurrean podiumetik jaistea, hasieran ondorio larriak ekarri bazituen ere nazioarteko txapelketetan parte hartzeko aukerarik gabe utzi zituztelako eta kritika zorrotzak pairatu bazituzten ere federazio, tiralari eta kazetari batzuen partetik, uste dut luzera begira eta ofizialtasuna lortzeko bidean urrats garrantzitsua ere izan zela. Beraz, lorpen hau beste hainbatena bezala Sakana neska taldearena eta garai haietan borrokatu zirenena ere badela uste dut.

Beraz, zorionak garaipen txiki hau lortzeko zuen egunerokoan aritu zareten guztiei, batik bat, federazio, klub eta euskal sokatiralari guztiei. Orain, disfrutatu eta gozatu ezazue merezi duzuen modura, hemendik aurrera, ikurrina eskuetan hartuta, zuen selekzio propioarekin aritzeko ohorea izango duzue eta. Eta ea garaipen honek beste hainbat arlotako euskal selekzioen ofizialtasunari nazioartean ateak irekitzeko balio duen. Baina hori, sokatiraren kasuan bezala, guztion borrokaren ondorioz lortuko da. Espero dut orain bere buruari medailak jarrita azaldu diren horiek ere, esan duten bezala, zeregin horretan elkarlanean jardutea. Baina hori denborak erakutsiko digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.