Albistea entzun

Tourra eta Pirinioak: ez dira berdin, ezin dira izan berdin

Mikel Uzkudun, Pepe Turrillas eta Martxel Toledo - ESAITeko kideak

2014ko abuztuak 7

Orain hamalau urte hasi zen ESAIT Pirinioetarako irteerak antolatzen, Frantziako Tourrak, nazioartera begira, euskal selekzioaren aldarrikapena lau haizeetara zabaltzeko eskaintzen zigun aukera ikusita. Lehen aldiz 2001ean izan zen, eta Tourmaleteko kaskora eraman genuen gure aldarrikapena. Atzo bailitzan gogoratzen dugu une hura. Batetik, Euskal Herritik kanpo horrelako ekimen bat lehen aldiz antolatzeak zekarren urduritasuna eta ezjakintasuna handiak zirelako, eta, bestetik, Luz Ardidengo helmugan, Euskaltel Euskadi txirrindularitza taldeko Roberto Laisekak garaipen historiko bat lortu zuelako lehen aldi hartan. Gerora, azken hamahiru urte hauetan, marea laranja izenarekin bataiatu izan den olatu erraldoiarekin batera jarraitu dugu tokian tokiko, gure urteroko ekimena antolatzen. Azkenekoa, aurreko astean, Saint Lary-Pla D'Adet eski estazioko zelaietan. Denetariko bizipenak izan ditugu hamalau urte hauetan, baina urtero, jendarmeen jazarpena gure begiekin ikusi eta gorputzean sentitu dugu. Aurten, gainera, lortu dute aurreko egunean antolatzen genuen euskal festa izenekoa bertan behera uztea. Baina hori pasatutako anekdota baino ez da, eta ez luke inolaz ere Tourrari begira gure ekimena eta bere helburua baldintzatzeko gaitasunik eduki behar. Hori, ordea, denborak erakutsiko du.

Euskal Herriak lotura zuzena eta berezia izan du betidanik txirrindularitzarekin. Hori ukaezina eta begi bistakoa da. Hemen sortu eta urteetan maila guztietan lehiatzen aritu eta ari diren taldeen eta txirrindularien zerrenda, luzea izateaz gain, punta-puntakoa ere izan delako. Eta zaletasun horren isla, azken hamahiru urte hauetan, Frantziako Tourra Alpeetara eta, batik bat, Pirinioetara hurbiltzen zenean, laranjaz jantzita bertara inguratzen ziren euskal herritarrak, uholde gisa, milaka eta milaka izan dira, eta haiek sortutako giroa, deskribaezina.

Baina, aurten, ez da horrelakorik gertatu, eta, azken hamahiru urte horietan ez bezala, Pirinioak ez dira laranja kolorez jantzi, eta hutsune hori bertaratu garen guztiok nabarmen antzeman dugu, euskal zaleen presentzia inoiz baino apalagoa izan delako; seguruenik, azken 25 urteotan izan dugun txikiena. Eta horren zergatia, egungo krisiaren gainetik, Euskaltel Euskadi profesional taldearen desagertzea da, gure uste apalean, jakina baita taldeak izugarrizko jendetza ekartzen zuela Pirinioetara. Horregatik, ondorio horren irakurketa azkar eta xume bat, gure ikuspegitik, egitea merezi duela uste dugu. Hori da behintzat gustatuko litzaigukeena.

Tourrean ez da nazio gisa lehiatzen, alegia, txirrindulariak ez dira munduko txapelketa batean bezala nazio baten izenean selekzio gisa lehiatzen, bere taldearen izenean baizik. Baina euskal herritar askorentzat, gehiengoarentzat esango genuke, Euskaltel Euskadi taldearekin lehiatzea, taldearen izenean aritzeaz gain, herri baten ordezkari izatea eta herri honen izenean selekzio gisa aritzea ere bazen. Eta ohore hori taldeko txirrindulariek azken urte hauetan soinean eraman izan dute. Bejondeizuela guztiei! Baina tamalez, aurten, aukera hori ez da egon, guztiok dakigun bezala, Euskaltel Euskadi ez delako egon Tourrean, euskal txirrindulariak hainbat taldetan sakabanatuta egon badira ere.

Euskal Herriko instituzio nagusiek diru asko gastatzen dute kirol profesionalaren arloan, gehiegi, beharbada. Gainera, batzuetan oso arin esango genuke, alegia, euskal nazio ikuspegitik, inongo perspektibarik gabe dirutza emanez. Ikusi baino ez, esate baterako, azken urte hauetan, besteak beste, Gasteizko eta Iruñeko Gobernuek txirrindularitzan Espainiako Itzulia Euskal Herrira ekartzeko zenbat diru gastatu duten edota Jaurlaritzak, aurrekoak eta oraingoak, abuztuan Barakaldoko BECen jokatuko den Munduko Saskibaloi txapelketa antolatzeko ordaindutako dirutza. Adibide bi baino ez dira, baina nahikoa, politikari batzuek guztion diruarekin zein arin jokatzen duten ikusteko.

Basque Team proiektuaren bitartez, goi mailako euskal kirolari batzuek, beken bitartez, laguntza ekonomikoa jasotzeko aukera dute. Gero, ordea, lortutako kirol maila, zoritxarrez, euskal selekzioarekin ez, eta Espainiakorekin erakutsi beharrean izaten dira, eta haiek jasotzen dute ohore guztia. Eta inork ez dezala ulertu laguntza horien aurka gaudenik, ezta gutxiagorik ere, jasotzen duten kirolari guztiek eta beste hainbestek ere laguntza hori eta gehiago merezi dutelako.

Orain bada beste marka berri bat euskaldunon belarrietara oso suabe eta azkar sartzen ari zaiguna, eta Jaurlaritzak berea izango balitz bezala bultzatu nahi duena: Basque Country, hain zuzen ere. Dirudienez, nazioartean herri honen izatea aldarrikatzea du helburu. Ongi etorria izan dadila, horretarako bada, guztia beharko baita, baina nazioartean Euskal Herria (Basque Country) ezagutzera emateko, besteak beste, kanpaina eta marketinetik haratago, euskaldunok gure herriaren izenean aritzea, alegia, euskal selekzio gisa aritzea izango litzateke onena. Eta aukera hori, zorionez, txirrindularitzan, Euskaltel Euskadi bitartez izan dugu azken hamalau urteetan. Horregatik, guztion helburua, herri honen identitateari lotutako goi mailako Euskal Herriko talde bat berriro sortzea izan beharko luke, euskal talderik gabe Tourra eta Pirinioak ez direlako berdin. Aurten ez dira berdin izan, eta aurrerantzean ere, euskal talderik gabe, beldur gara, ezin izango direla berdin izan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...