Erabakitze eskubidea, funts demokratikoa

Eva Aranguren,, Miren Aranoa, eta Maiorga Ramirez
2014ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Berriki, Independentistak Sareak argitaratu duen Eskozia, Independentziara bidaia liburuaren aurkezpenean, Jule Goikoetxea EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak honela adierazi zuen: «herri batean gehiengoa duen indar politikoak ezin badu inoiz agindu, ezin baditu estatu baliabideak herritarrek bozkatu duten proiektua garatzeko kudeatu, demosa, herritarren nahia, ez dago ordezkatuta, eta beraz, ez dago demokraziarik». Hala, lurralde batean dauden lehentasun politikoak ez badira islatzen Estatuko proiektuan, normalena da Estatu berri bat eraikitzea lurralde horretako borondate demokratiko-politikora egokitzeko.

Eusko Alkartasunak bere sorreratik defendatu du erabakitzeko eskubidea oinarrizko printzipio eta ariketa demokratikoa dela. Erabakitzea demokrazia da, eta ez dago demokrazia posiblerik herriari libreki erabakitzen utzi eta bere borondatea mugarik gabe errespetatu eta onartzen ez bada. Eskoziako eta Kataluniako prozesu subiranisten oinarrian ere funts demokratikoa dago, oinarria ez da bateraezintasun esentzial (etniko edo nazional) bat, baizik eta proiektu politiko desberdinak dituztela. Eztabaida jada ez da nazioak garen edo ez, bagarelako; eztabaida ez da nazio gisa zer dagokigun eta zer ez; gakoa da demokrazia izan nahi dugun edo ez. Eta herritarrak ari gara jabetzen independentzia dela demokraziaren abiapuntua, independentzia da nafar eta euskal herritarron borondatea estatu egituretan ordezkatuta egoteko modu bakarra eta guk nahi dugun etorkizuna eta gizarte eredua eraikitzeko modu bakarra.

Eta independentzia demosa Estatu egituretan ordezkatua izateko bide bakarra den bezala, herritarrak dira independentziaren aldeko mezuak zabaltzeko ahalmen handiena duten subjektuak. Prozesu subiranisten aldeko herri mugimenduen indarra eta eraginkortasuna agerian gelditu da bai Eskozian, bai Katalunian eta baita Euskal Herrian ere. Assemblea Nacional Catalana, Ã’mnium Cultural, Independence First, Scottish Independence Convention, Independentistak Sarea eta Gure Esku Dago bezalako gizarte mugimenduek garbi erakutsi dute azken urteotan erabakitze eskubidearen aldeko mezuak eraldatu eta gizarteratzeko duten gaitasuna. Diskurtsoa eraberritu, tabua apurtu eta eztabaidara sentsibilitate politiko guztietako herritarrak erakartzea lortu dute.

Alde horretatik, aniztasuna eta adostasuna izan dira azkenaldian Nafarroan egin diren mobilizazio jendetsuen ezaugarri nagusiak, ideia politiko eta pentsamendu anitzek bat egin dute Nafarroako herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela aitortzeko eta aldarrikatzeko. Euskal Herriaren historia demokratikoaren lehen orriak idatzi ditugu, ez bakarrik giza kate erraldoiarekin herri honek erabaki egin nahi duela erakutsi diogulako munduari, baizik eta ekimen honen bitartez gizarteko espazio anitzen artean konfiantzak sortu, elkarguneak bultzatu eta zubiak eraiki direlako.

Erabakitzeko eskubidea aldarrikapen abertzalea baino gehiago aldarri demokratikoa dela aitortu du herritarren gehiengoak eta adierazi Euskal Herrian ireki den ziklo demokratiko berri honetan sortuko diren aukeretan sinesten dugula. Argi erakutsi dugu, nafarrok, euskal herritarrok, gure etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea dugula, zer izan nahi dugun erabaki nahi dugula, inolako oztoporik gabe. Eta Espainiar Estatuak gizartearen erabakia errespetatu eta onartu behar du, ez dago besterik.

Izan ere, egungo estatu eredua krisian dago, ez du gaitasunik herritarren arazo sozioekonomiko, politiko, autonomiko eta instituzional larriei erantzuteko, eta beraz, guztiz ulertezina eta zentzugabea da eredu zaharkitu horri eusten saiatzea. Dena delako arrazoiengatik eta bide batetik edo bestetik, aldaketa demokratikoa etorriko da.

Entzuten dugu egun independentziaren mamua esnatu dela Europan. Aspaldiko mamu zaharra. Europako bihotzean etengabean aldatu dira Estatuen formak: deskolonizazioa, bateratzea, sezesioa, disoluzioa.. denetariko prozesuak bizi izan ditu bere baitan, aldebakarrekoak zein aldeaniztunak. Jaume Lopez Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak deritzon bezala «independentziaren laugarren olatua» dugu Europan. Bata, Lehen Mundu Gerraren ostean, hau da, Inperio handiak (Turkiar Inperioa eta Britaniar Inperioa) desegitearekin izan zen; bigarrena, kolonialismoaren desagerpenarekin (Austria-Hungariako Inperioa, adibidez). Hirugarrena, 80ko hamarkadakoa, ekialdeko sistema sozialista erori ostekoa. Ordutik, Europan 19 estatu berri sortu dira.

Eta laugarren olatua oraintxe dator. Lehen aldatu izan da Europa, eta gerora ere aldatuko da. Nafarroa, Euskal Herria, aurrera doa erabakitzeko bidean eta Eskozia eta Kataluniak udazkenean emango dituzten pausoetatik asko izanen dugu ikasteko. Herritarrek eragile politiko eta sozialei erabakitzeko eskubidearen alde lanean jarraitzeko deia egin digute eta EH Bildu osatzen dugun indar anitzek gure egiten dugu ardura hori; gure konpromisoa agertzen dugu giza kateari esku hartuta erabakitzeko eskubide demokratikoari jarraipena emateko.

Izan ere, erabakitzeko eskubidearen alde egitea, unean uneko ekimen eta tresnak babestetik haratago doala, demokraziaren aldeko jarrera eta konpromiso irmoa da. Eta guk, funts demokratikoak betetzea nahi dugu, herritarron erabakitzeko eskubidea gauzatzea; guk demokrazian bizi nahi dugu, independentzia nahi dugu, nafar eta euskal herritarron nahiak eta proiektuak aurrera ateratzeko gaitasuna izanen duen Estatu egitura nahi dugu. Euskal estatu propiorik gabe, ez dugulako inoiz demokraziarik izanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.