Lurraldetasuna (III)

2015eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
EH Bilduren zuzendaritzak banatuko dituen 100.000 kafeetako bat herriko lagunekin mintzatzen dastatzeko asmoa izan arren, Euskal Bidea proposamena plazaratutakoan, ohikoa den trilogia ereduari aitzakiatzat harturik, BERRIaren irakurleekin solastatzen jarraitu nahi nuke.

Ezker Subiranistaren koalizioek (EH Bildu eta EH Bai) aurkeztu duten proposamenaren hainbat ardatz oso atsegin ditut: aldebakartasuna, desobedientzia eraldaketa... Hitz kuttunak zaizkit. Independentziarako prozesua beste Euskal Herri bat egiteko aukera paregabea dela sinistu nahi dugunontzat, erakargarria da ezkerreko sektore euskaltzaleek bultzatuko prozesu askatzailea.

Haatik, dokumentuaren beste atalak sakonago irakurritakoan, aurreko bi artikuluetan adierazi nituen kezkak ez zaizkit arindu. Proposamen xedeak, sarrera luzean azaltzen denak, aldebakartasunerako agertoki batera eraman nahi gaituela ematen du. Bigarren atala, berriz, beste eremu baterako proposamena dela deritzot.

Testuan bi esparru ezberdin nahasten dira, eta, izkribua osatu duten lagunen eskarmentua handia dela kontuan izanik, nahasketa propio egin dela pentsa dezakegu. Lehenengo atala independentziaren aldeko indar metaketaren beharraz mintzo da; bigarrena autonomia berri batera eraman gaitzakeen akordio zeharkatzaile dugu.

Bi dira, nire ustez, testuan azaltzen diren bi kontzeptu eztabaidagarrienak: «abiadurak» eta «gehiengo nahikoa». Lehenengoa mingarria suerta liteke; bigarrena, «gehiengo nahikoa» automugatzailea izan daiteke.

Eztabaida zabaldu denez, ekarpenak egiteko garaian gaudelarik, zilegi bekit hausnarketa alternatiboa plazaratzea.

Gehiengo nahikoa;gutxieneko eraldatzailea

Mendebaldeko herrietan dugun demokrazia formalak hedatu dituen tresnen bidez, boza emateko eskubidea duten %25ren babesa lortzea aski da indar politiko bat boterera iristeko. Sistema hau babesten duten taldeek gobernuetara iristen direnean aginduak betearazteko mekanismoak asmatu dituzte. Horrela, populazio osoaren %15ren ordezkaritzaz presidenteak, lehendakariak eta bestelako makiladun agintari franko hautatzen dituzte. Inor gutxik gogoratzen du benetan Barcinak edota Urkulluk populazioaren zenbateko babesa duten, eta inor gutxik goratzen die indarrean jarri duten eredua eraiki ahal izateko gehiengo nahikoaren eskutik egin beharrean, gutxiengo faktikoaren laguntzaz egin dutela. Urkulluk 350.000 bat boto izan zituen, eta ez du inolako lotsarik erakusten lehendakari de todas/os las vascas/os dela esateko. Euren demokrazia ereduan 350.000 lagunek «gehiengo nahikoa» osatzen dute.

Ezker Independentistak metodo horrekin bat egitekotan, bere burua mugatuko luke. Indarrean dugun eredua gutxieneko batek ezarri du, benetako demokraziak izan beharko lituzkeen erabakiguneak garapena ukatuz.

Zilegitasun osoz, jendarte zibilaren heren baten babesa lortzera hel daitekeen proposamen politiko batek beste heren batekin lehia eta konfrontazio politikoa egin dezake. Gutxiengo faktikoari, gutxiengo eraldatzailez erantzun diezaiokegu.

Euskal Bidea-ren testuegileen ustez, bideragarria da gutxieneko akordioa alderdi sistemiko batzuekin marko juridiko-politikoa aldatzeko. Hegoldean Podemosi buruz ez badira ari, PNV, Geroa Bai, IU eta PSOEz ari direla susma daiteke. Datu objektiboak eskuan, nekez uler dezaket zer-nolako minimo interesgarria aurki daitekeen egungo PNV eta PSOErekin.

Duela zenbait urte Catalunyan ohartu ziren: espainiar nazionalismoarekin irtenbide federalista adostea independentzia adostea bezain zaila da. Euskal Herrian ere egoera berdintsua da, eta, Nafarroa Garaiari dagokionez, Euskal Herriari nazio izaera ukatzen diotenek ez dituzte Hegoaldeko lau herrialdeak eremu politiko berean onartuko, ez autonomia gisa, ez estatu federal eran. Hegoaldeko eskualde guztien lurralde batasunaren aurka dauden erakunde politikoen indarra eta norabidea bera izango da, lauko autonomia eskatuz, independentzia osoa aldarrikatuta ere.

Matematiketan erabiltzen diren formulek politikagintzan ez dute balio. Gutxieneko komuna, zatitzaile bilaka daiteke; maximoa, aldiz, biderkatzaile. Erabakitzeko eskubidea ezin da tresna taktikoa izan. Ez da soilik indar-korrelazioarengatik, kontzeptu berak, gure testuinguruan, muga gaitzake. Euskal prozesu konstituzioegileaz aritzeak, ordea, haustura demokratikora garamatza.

Estatuen agindupean ez dauden benetako ezker ez-abertzaleak antolatu arte, Ezker Subiranistaren erakunde politiko, sozial eta sindikalak bakarrik daude nazio askapen prozesu eraldatzailean. Bakarrik, baina herrikideekin aurrez aurre hitz egiteko prest. Solaskideak herrikideak ditugu. Alderdi politiko klasikoen zuzendaritzekin hitzartu daitezkeen akordioak ezin dira estrategikoak izan, ezinezkoa da.

Aniztasuna maite dugunok ez gaitu Euskal Herri berriak beldurtzen. Ez gaitu ikaratzen ezberdinak direnekin euskal nazioa herri aske gisa eraikitzeak. Aitzitik, izu handia diogu Erdal Herriari (egun euskalherritarren %84k frantses eta gaztelera hutsez bizi da); Portland Herriari (euskal lurraldea birrindu duen eredua); Basque Country-ri (euskal kultura turismorako amua besterik ez dela bultzatu duen eredua); Kasino Herria (boteretsuen mesederako egituratu duten sistema ekonomiko bidegabea).

Lau herri mota horiei alternatiba eraiki behar dio Ezker Independentistak, eta hori lortze aldera, langa jaitsiz ez dugu bidaiderik aurkituko.

Ez dakigu hiru, lau, hamaika prozesu batera emango ote diren, baina Ezker Independentistari dagokio, batik bat, euskal nazio subjektu kideak izan nahi duten lagun guztiei lanabesak eskaintzea. Abiadura bakarra dago, euskal independentistok hartuko duguna pertsona moduan eta kolektiboki. Estatuek ezarritako eremu administratiboetatik arituta soilik, ezinezkoa da jauzi demokratikoa eta subiranista. Egunerokotasunaren hainbat arazo erakunde horietatik konpondu behar dira, kontrakoa esatea gezurra litzateke. Aldiz, marko horietan erabiltzen diren joko-arauek tranpa berri batera eraman gaitzakete.

Euskal nazio subjektu eraldatzaileak herriz herriko locus (leku) bat behar du. Biltoki bat zein erabakigunea. Esparru berrietara iristeko eta herrikide gehiago aktibatzeko. Herritarrok subjektu garela sentitu behar dugu. Sentitu eta jakin gu garela protagonistak. Erabakigune hauek sortuko dituzte eremu askeak eta eremu horiek elkartzean lurraldetasunari ekingo diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.