'Euskalduntze berantiarra' dokumentala salatzen

2016ko urriaren 11
00:00
Entzun
EITBk Baskoniako historia bat: euskalduntze berantiarra dokumentala aurkeztu zuen 2014ko Donostiako Zinemaldian. Ondoren, beste historia-gai batzuk garatuta eta atalka zatituta, Baskoniako historia bat izeneko dokumental sorta eskaintzen ari da. Dokumental sortaren lehenengo atalak Euskalduntze berantiarra du izena; atal hori besteen oinarri edo tesitzat jo daiteke: «Josu Venerok eta Alberto Santanak zuzenduriko lan honek [...] Baskoniako mendebaldea (Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba) ez zela euskalduna, hipotesi hori plazaratzen du dokumentalak; euskara VI. mendean Iruñerrian indartu zela eta ondoren Baskonia guztian barrena zabaldu zela dioen teoria aurkeztea da dokumentalaren funtsa».

Hipotesia 1925ean Gómez Moreno arkeologoak sortutakoa da, eta Claudio Sánchez Albornoz historialari eta batez ere politikari espainiarrak zabaldua (1956). Bere garaian gure historialari gehienek ez zioten ia jaramonik egin hipotesi horri, asmo politiko nabarmenekoa zelako batez ere, oinarri historiko ahulekoa izateaz gain. Pentsatzen dugu gure herriaren harrotasuna ahultzea zela hipotesi horren helburu ezkutua. Hemengo historialariak aurka agertu izan dira: Jimeno Jurio, Estornes Lasa, Arturo Campion, Juan Plazaola edo Andres Mañarikua, eta gaur egungoen artean Jose Luis Orella Untzue, Tomas Urzainki, Mikel Sorauren, Iñaki Sagredo eta beste asko. Koldo Mitxelena edo Henrike Knörr bezalako hizkuntzalariak ere ez zetozen bat hipotesi honekin. Espainolen artean Julio Caro Baroja, Antonio Tovar edo Ramón Menéndez Pidal, esaterako, kontra zeuden. Beraz, hipotesia azaltzean hasieratik gezurretan ari da dokumentala, «berria» dela aditzera ematen baitu.

Hemengo zein Espainiar estatuko historialari, arkeologo eta filologo hauen erreferentzia bakar bat ere ez da ageri dokumentalean. Are okerrago, Koldo Mitxelenaren izena aipatzen da hipotesi honen alde egon zitekeela esanez, baina hori gezurra da; zera idatzi zuen errenteriarrak: «Se puede sostener que várdulos y caristios, al menos en la parte norte del territorio, hablaban la misma lengua que los vascones septentrionales» («Sobre la lengua vasca en Alava durante la Edad Media» 1982).

Hipotesia frogatzeko, dokumentalean unibertsitateko bi hizkuntzalari agertzen dira. Joseba Abaitua hizkuntza modernoetan aditua da; antzinako hizkuntzez ez zaio lanik ezagutzen. Gainera, ez du zelta edo indoeuropar hizkuntzen aldeko datu edo hitz bat ere aipatzen. Dokumentalean agertzen ez direnak Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako epigrafeetan irakurtzen diren euskarazko jainko- eta pertsona-izenak dira, adibidez: Attia, Belteso,Ivilia, Helasse, Illuna, Lutbelscottio, Luntbelsar, Uvarna, Vinumburus... Bigarren filologoa Joaquín Gorrochategui da, indoeuropar hizkuntzetan aditua; honela esaten du hitzez hitz: «Pentsa daiteke euskara apur bat hitz egiten zela». Baina dokumentalean hipotesiaren alde egongo balitz bezala saltzen zaigu. Hizkuntzalari hori Iruña-Veleiako harresien aurrean agertzen da, eta Santanak unea profitatzen du «ustezko aurkikuntza faltsuak» aipatzeko, auzia oraindik erabaki gabe dagoenean eta grafitoen ustezko faltsutasunaren aldeko argudioak denborarekin hutsalduz joan direnean.

Santanak euskara erromatarren garaian Akitanian bakarrik hitz egiten zela esaten du, Pirinioen iparraldean, baina ez hegoaldeko baskoien eta beste herrien artean. Horretarako, Saint-Bertrand-de-Comminges herrira joaten da hango hilarriak filmatzera. Baina hori hutsegite handia da: San Jeronimoren esanetan, hegoaldeko baskoiez birpopulatu zen Saint-Bertrand-de-Comminges K.a. 75. urtean. Gainera, baskoien artean ere euskal hitzak agertu dira erromatarren garaiko hainbat epigrafetan: Lacubegi, Ummesahar, Selatse, Itsacvrrinne, Errensae, Losae/Loxae, Urde, Larahe, Larrahi, Abisunhari, Edsuri, Or[du]netsi, Urchatetelli, Agirseni... Baita Errioxa-Sorian ere: Sesenco, Agirsar, Lesuri... eta Burgosen: Suttunius, Velonsa.

Santanak ez ditu dokumentalean erromatar garaiko herri akitaniarrak, barduliarrak, karistiarrak edo autrigoiak ondo kokatzen: agertzen diren mapak ez datoz bat historiografiak onartzen dituenekin. Gainera, gaur egungo probintzien arabera ipini dira, eta Trebiñuko konderria ere Burgos bezala agertzen da. Arkeologia-indusketetako irudiek indar handia hartzen dute dokumentalean. Baina Arabako Aldaietan agertutako materiala bat dator gehientsuek testuinguru historikoaz duten iritziarekin: Baskoniako Dukerria, Santanak ez ikusi egiten duennafar estatuaren aurrekaria.

Toponimia-saltsan ere sartzen da, eta hor ere hutsegiteak galantak dira. Esaterako, «Ibai eta mendi inportanteenek ez dute euskal izenik» dio. Zeintzuek, baina? Euskal Autonomia Erkidegoko mendi garaienak Aitxuri, Aizkorri eta Arbelaitz dira eta ibairik handienak Oria, Zadorra eta Ibaizabal, denak euskarazkoak. Eta horrela milaka eta milaka leku-izen.Genetistak ere agertzen dira dokumentalean, baina bat bera ere ez Santanaren hipotesiaren alde. Batek zera dio gaztelaniaz: «ADN de una población estable (...) más afinidad con la cornisa cantábrica que con los francos».

Idatzi honen sinatzaileok geure protesta azaldu nahi diogu EITBri, erakunde publikoa den neurrian, gure historialari eta hizkuntzalari ia guztiekin bat ez datozen hipotesiak ezin dituela finantzatu pentsatzen baitugu, are gutxiago gure herriaren kontrakoak badira. Azkenik, dei egiten diegu Euskal Herriko historia, kultura eta hizkuntza defendatzeko ardura duten erakunde publiko eta pribatuei zein pertsonei, obra honi buruzko iritzia eman dezaten, eta EITBri dokumentalen lehen atala behintzat berriro eman ez dezan.

Artikulu hau honako hauek sinatu dute, besteak beste:  Aitzol Altuna (idazlea), Juan Martin Elexpuru (SOS Iruña-Veleia), Mikel Sorauren (Nabarralde), Koldo Urrutia (Euskararen Jatorria), Leopoldo Zugaza (editorea), Jose Luis Lizundia Askondo (Euskaltzain emeritua), Patxi Zabaleta (euskaltzaina), Jose Luis Orella Unzue (historialaria), Joan Mari Irigoien (idazlea), Jose Mari Esparza (editorea), Eneko del Castillo (Xabier Mina Elkartea), Pako Aristi (idazlea), Gotzon Barandiaran (idazlea), Patxi Azparren (antropologoa), Juan Antonio Urbeltz (folklore ikerlaria), Nerea Rementeria (irakasle ohia), Ander Iturriotz (EHUko irakaslea), Jon Nikolas (ikerlaria), Patxi Alaña (euskara teknikaria), Joxe Austin Arrieta Ugartetxea (idazlea), Juan Madariaga Orbea (historialaria, Nafarroako Unibertsitate Publikoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.