Jule Goikoetxea.

Euskal Idazleen Sindikatua

2017ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Idazleen Elkartearen 35. urteurrena ospatu genuen herenegun. Etorkizuneko proiekzio umoretsua egitea zen agindua: Euskal Idazleen Elkartea hemendik 20 urte barru. Nire lehen aurreikuspena da hemendik 20 urtera arkatza eta boligrafo analogikoa desagertuko direla, idazleak eta eskulanak edo eskulangileak berdintzen zituzten kailuak galduko ditugula eta idazleen marka bihurtuko den tendinitisak hartuko duela lekukoa. Baina ez da dena sufrimendua izango. Liburuak 280 orrialde izatetik 280 karaktere izatera pasatuko baitira, eta kapituluek ezingo dute 140 karaktere baino gehiago izan. Espazio aldaketa horrekin, denbora azkartuko zaigu, obra literario oso bat goizean idatzi eta arratsaldean autoeditatzeko aukera egongo baita.

Hemendik 20 urtera, liburuak ez dira inprentatik ateratzen diren produktu bukatuak izango, egunero aldatudaitezkeen obra literarioak baizik, sekula bukatzen ez diren errelato edo narratiba digitalak. Hortaz, obra literarioen euskarri klasikoenek ere bideoak txertatuko dituzte paragrafo bakoitzeko, eta zuzenean eguneratzen den iruzkin atala ere eramango dute, eta gauero berridazten den hiztegitxo bat barneratuko dute atzealdean, euskalenglishez, euskaƱolez eta euskatalanez esandako hitzen euskarazko itzulpenarekin eta dagozkien emotikonoekin.

2.0 literatura horrek honela funtzionatuko du: zuetako batek pertsonaia bat zirriborratuko du txio baten bidez, beste batek pertsonaia horrek zapaltzen duen zorua deskribatuko du, eta beste batek, ordubetera, pertsonaiaren testuinguru intimoa azalduko du irudi baten bidez; hurrengo txiolari batek eszenatoki ezberdinak proposatuko ditu eta 2.0 irakurleek trama posibleak aurkeztuko dituzte twiterreko hari ezberdinen bitartez. Bat-batean, pertsonaia ez den baina autorea ere ez den beste hamalaugarren batek pertsonaia nagusiarekin elkarrizketa bat hasteko gogoa izango du haren amonari (benetakoari) gerran gertatutakoaz, eta, hori oinarri hartuta, pertsonaia historiko berria sortuko dute. Txiolari horietako batzuek tabernara eramango dute istorioa, fisikoki, eta bertan ateratako ideia iradokitzaileenak txertatuko dituzte gauean txio-istorio horren hamaikagarren harian, jada 20.000 irakurle (eta parte hartzaile) dituen ekimen birtual, literario, erdi-historiko, erdi-fikziozkoan. Horrek orain arteko obra literarioen kontzeptua irauliko du, eta hankaz gora jarriko ditu teoria literario hermeneutiko eta filosofia estetikoaren oinarrizko nozio guztiak: nor da autorea? Eta pertsonaia? Nor narratzailea eta nor behatzailea? Zer da subjektu literarioa? Eta objektu artistikoa?

Obra literarioaren subjektua eta sorkuntza prozesua irauliko direnez, Euskal Idazleen Elkarteko idazleen batez besteko edadea jaitsiko da eta genero nagusia aldatu, euskal idazlearen figura hegemonikoa zatikatuz. Are gehiago, 20 urte barru hiru edo lau genero izango ditugu, emakumeez gain, lesbianak (badakizue lesbianak, Wittigen arabera, ez direla emakumeak) eta genero neutroko idazleak, Alemaniakoak bezalakoak. Horrek guztiak Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) dituen beharrak, aldarrikapenak eta lehentasunak aldatuko ditu, batetik, eta, bestetik, egun literatura sailkatzeko erabiltzen diren kategoria eta klasifikazioak ipurdikatuko ditu: nork definituko du zer den literatura intimista? Edo gotikoa, politikoa, klasikoa? Edo eleberri beltza? Orain arteko literatura unibertsala bilakatuko ote da literatura maskulino intimista eta zuri; eta trans edo emakume beltzen literatura, unibertsal?

Orain, distopia utopikoa. Muturreko politizazio bat beharrezkoa izango da Euskal Idazleen Elkartea ez dadin Idazle Autonomikoen Euskal Ardaxka bilakatu 20 urte barru. Politizazioa behar dela esatean ez naiz ari alderdikeriaz, baizik eta publifikazioaz, estatu erakundeez eta profesionaltasunaz; eskubideez eta diskurtsoaz, alegia. Euskal idazle izatea zer den definitzeko behar dugun lerrokatzeaz eta lerrokatze horrek behar dituen baliabideez.

Euskal idazlea ez dadin gizateriaren azpiespezie folkloriko bilakatu, Euskal estatua beharko du euskal literaturak eta euskal kulturak. Jasanezina baita gaur euskal idazleok dugun baliabide, egitura eta prestigio falta. Badakit edade batetik aurrerako idazle gehienak, gizonak nagusiki, funtzionarioak izan ohi direla. Baina idazle gazteak ez dira funtzionarioak, eta ez dira izango, sekula. EIEk etorkizunean biziraun dezan, euskal idazleak beharko dira, eta horiek, sortu ez ezik, bizitza jasangarria ere izan beharko dute. Horrexegatik, Euskal Idazleen Sindikatua sortzea proposatzen dugu, guztiz prekario eta izkina bakoitzean ematen dizkiguten ogi (kontratu eta mozkin) koxkorrak onartuz bizi behar ez izateko. Ez dugu bulego ibiltaririk Berlin- edo Londres-antzeko wifidun kafetegi pribatu eta postmodernoetan, ezpada periferiako komun publikoetan. Eta ondo dago artearen publikotasuna defendatzea, erakunde publikoek artea defendatzen duten heinean. Horregatik, Euskadi Sariak7 sari eta dirutza banatu ordez, bana ditzala 15 sari eta dirurik ez, eta Eusko Jaurlaritzako kultura sailak eman ditzala bekak eta kontratuak, idazleak (nahi dutenak behintzat) langile profesionalak bilakatzeko. Horrek, batetik, aukera emango liguke marjinaziora kondenatzen gaituen estatu arrotzari era egituratuan eta jasangarrian aurre egiteko, eta, bestetik, desproportzionalki gizonen eskuetara doazen sarietako dirutza euskal patriarkatua eta kultura sexista birsortzeko erabili ordez, euskal errepublika feminista bat eraikitzeko behar den literatura sortzeko erabiliko genuke.

Horregatik behar da Euskal Idazleen Sindikatu bat: euskal erakunde publikoek kulturarako dituzten inbertsio planak, helburuak eta egitasmoak baldintzatzeko gaitasuna izango duen sindikatu bat. Euskal idazleen eskubideak, profesionaltasuna eta duintasuna defendatuko dituen sindikatu bat. Hori lortu ezean, 20 urte barru, distopia folkloriko eta museistikoaren koadro epiko baten apaingarri bilakatuko gara euskal idazleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.