Katalanen plebiszitua

2015eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Beldurrak ala askatasun nahiak irabaziko du Katalunian I-27an? ETAren mehatxua antidemokratikoa zen eta ezin onartuzkoa; eta, mila aldiz armatuago dagoen Espainiako armadarena? Mehatxu horrek bere baitan hartzen dituen beste hainbat izen ahaztu gabe: legearen aurkakoa, Europan segitzearen aurkakoa, katalan ekonomiaren aurkakoa, eta mehatxu horretara biltzen diren ahots espainol guztiak: hasi PP-Ciutadans-etik, pasa PSOEtik eta Podemos alderdiraino, eta hedabide espainiarrak, eguneroko prentsa eta eguneroko irrati eta telebistak.

M. Aranburu politologoak kontatu digu berriki alderdikeriek zer eragin izan duten han, eta Catalunya Sí es Pot-en garaipenak Bartzelonan zer lurrikara eragin zuen, eta bi hitzetan esanda erraza ez dagoela baiezkoak irabaztea; hala eta guztiz ere, Euskal Herritik ikusita, ez al dute ondo bideratu prozesua Junts Pel Si-koek: herri erakundeak —ANC eta Omnium— eta ezker eta eskuin subiranista bat eginda, hedabideetan eta kalean, eta independentista ezkertiarragoei CUPen aukera utzita, horiek ere baiezkoaren alde? Diadako manifestazio erraldoiak ere halaxe erakutsi digu, apustu egokia izan dela eta ilusioa berpiztu duela.

Baina oraindik orain zabaldu den datu bat geratu zait gogoan iltzatua: katalan independentziazaleetatik %5ek ematen omen du botoa identitate katalanaren aldeko jarrera arrazoi nagusi duela; gainerakoek independentziarekin herrialde hobea eraikiko dutelakoan ematen bide dute; aldiz, espainol unionistetatik %45ek espainol identitate sentimenduagatik.

Inkestak inkesta dira, eta fidagarritasuna hala moduzkoa izan ohi dute sarri-askotan, baina zer esan nahi du horrek? Axola gutxi zaiela katalan izan edo espainol izan; garrantzizkoena hilean mila euro irabazi ordez, mila eta berrehun irabaztea dela? Ez dut gutxietsi nahi ongizatearen garrantzia, baina identitatearena ongizatearekin lotua ikusten dut. Badirudi aurrerakoi direlako askok hori lorpentzat jotzen dutela, niretzat ahultasuna da, eta beste ezer baino gehiago estaturen indarra adierazten du bere lurraldean estatuaren identitatea txertatzeko nazional guztiei.

Zer ezagutzen da hobeto Katalunian: katalan historia ala Espainiaren historia; katalan kulturaren agerpenak: hizkuntza, musika, literatura, artea, antzerkia, zinema... ala espainiar kulturarena? Gurerako berdin-berdin balio dute galderok. Estatuak identitate arazoak hutsaldu eta lausotzea lortzen du, estalkipean eta bestela bezala berea inposatuz nazional guztiei.

Plebiszituaren emaitzak nola eragingo dio katalan hizkuntza eta kulturari? Gurean 1982ko Euskararen Legea hor dago bazter utzia, aldatu beharrik ez balu bezala; bien bitartean Katalunian, 1983ko legea 1997an aldatu zuten, katalanaren eta katalanen mesedetan aldatu ere; eta, orain, estatu berria aldarrikatu eta konstituzio berria ezartzen bada, honela dio jada prestatua duten konstituzio berriaren IV. artikuluak:

«1. La llengua oficial i pròpia de Catalunya és el català, i per tant, serà emprada de forma preferent per totes les Administracions publiques.

2. El castellà gaudeix de l'estatut de llengua cooficial, i podrà ser emprat oralment i per escrit per tots aquells ciutadans que així ho desitgin.

L'aranès és la llengua oficial i pròpia de la Vall d'Aran, en règim de cooficialitat plena amb el català».

Inperialismo linguistikorik ez, Pirinioetako aranerari aitortzen diotenez Aranen Katalunian katalanari aitortzen dioten estatus juridiko berbera.

Katalanaren erabilerak izan dezakeen erabileraz mintzo, honela jasotzen ditu J.M. Odriozolak Estatu etnozidaren kontra deritzan liburuan, Salvador Cardus i Ros katalan soziologoaren hitzak:

«Kataluniako egoera zertan den ikusita, katalanaren erabilerak eduki dezakeen aurrerabidea batez ere burujabetasun politikoaren esku dago. Erabileraren auzia hizkuntzarekiko atxikimendua sorraraz dezaketen baldintza politikoen kontua da».

Eta horri eransten dio ezen Katalunian oinarri etnolinguistiko eta kulturalaren humus-a bizirik dagoenez, burujabetza politikoa lortzeak ikaragarri hobetu dezakeela nazio-hizkuntzaren estatusa, eta hortaz, eransten diot nik, hartan oinarritu edo haren bitartez lantzen eta garatzen den kultura, eta beste hainbat elementurekin batean, katalan identitatea sendotzeko prozesua.

Artikulu honen sarreran adierazi dut hedabide espainiarren itzala luzea dela Katalunian ere. Igandeko alean adierazi digu egunkari honetan bertan Cardus i Ros soziologoak katalanez argitaratzen diren bi egunkari nagusiak, alde handiarekin, unionistak direla modu irekian. Eta TV3, hots, katalan telebista ozta-ozta heltzen dela %15era, eta subiranista katalan bat topatzea ia ezinezkoa den Espainiako telebista-kateetan daudela harrapaturik ikus-entzuleen %85. Horra hein adierazgarri batean inkestek adierazten dutena esplikatua. Eta artikulu berean dioenez, Oxfordeko unibertsitateak argitaratu duen txosten baten arabera, Espainiako hedabideak dira sinesgarritasun gutxiena dutenak Europan, eta sinesgarritasun txikiena dutenetatik bigarrenak munduan.

Konstituzio espainola den nazio menderatuen kaiolatik hanka egitea opa diegu katalanei eta euren nazio-hizkuntza eta kultura, presarik gabe baina etenik gabe nagusiaraztea, hots, hegemoniko bihurtzea beren lurraldean, hartara denok aberastuko baikara, katalanak, euskaldunak, eta munduko herri guztietako herritarrak hizkuntza eta identitate aniztasunaren mesedetan.

Nire adinekook, beharbada, edo segur aski, ez dugu ezagutuko, baina pare bat belaunalditan, berrogei bat urtean, Bartzelonan bertan ere, Katalunia guztian bezala, katalana egun Madrilen eta Espainian espainiera dena bilaka liteke, hortxe nonbait.

Bide zaila izango dute, baina ondo abiatuak iduri dute. Ikasbide ederra eman diezagukete estatu bera zapaltzaile dugunoi!
Iruzkinak