Sahara, NBE eta Espainiako Estatua, noiz arte?

Urko Aiartza Azurtza
2016ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Joan den apirilaren 29an Segurtasun Kontseiluak Saharari buruzko 2.285. ebazpena onartu zuen, aurkako bi boto (Venezuela eta Uruguai) eta hiru abstentziorekin (Angola, Errusia eta Zelanda Berria). Besteak beste, Minurso bere betekizunetara itzultzearen beharra nabarmentzen zuen ebazpen hark, eta NBEren idazkari nagusiari 90 eguneko epea ematen zion hartutako erabakien berri Segurtasun Kontseiluari jakinaraz diezaion.

Era berean, Segurtasun Kontseiluak babes osoa adierazi die idazkari nagusiari, Ross Jauna bidali bereziari, eta Minursoren arduradunari, Bolduc Andreari, alegia. Are gehiago, statu quo-a ez dela onargarria berretsi eta behin betiko konponbidea lortze aldera, Nazio Batuen Gutunak jasotzen dituen printzipioak oinarri hartuta saharar herriari autodeterminazio eskubideaaitortuz aurrez aurre dauden aldeei laguntza emateko konpromisoa hartzen du ebazpenak.

Bukatu da horrela, oraingoz, Makhezem-en erregimenak Saharako agertokia aldatzeko asmoz hasitako ofentsiba. Ofentsiba politiko, ekonomiko eta diplomatikoa izan dela esan dezakegu. Golkoko herrien eta Frantzia eta Espainiaren (azken hori, makurturik, gehiegi ikus ez dakion) erabateko sostengua izan duen ofentsiba. Helburu argi batekin: joko-mahaia aldatzea, Nazio Batuen gidaritzapean 1991n erdietsitako akordioek aurreikusten zuten autodeterminaziorako erreferendumaren oinarri juridiko eta politikoa ekuaziotik ezabatzea, alegia.

Hainbat dira Marokoko erregimena ofentsibara eraman duten elementuak. Ross Jaunaren jarrera irmoa, EB-Marokoren arteko akordioak legez kanpokotzat joz Europako Justizia Epaitegiak kaleraturiko ebazpena, arrantzu akordioen etorkizuna bide beretik joango den aurreikuspena, egoera guztia berraztertu behar dela esanez Ban Ki Moon idazkari nagusiak apirilaren 25ean esan zituenak eta, nola ez, honi buruz Obamaren gobernuaren baitan izandako aldaketa txikiak ere bai.

Ofentsiba honen alderik publikoena Ross bidali bereziaren aurkako erasoak eta Ban Ki Moon idazkari nagusiari emandako tratamendu zakarra dira. Noski, horri guztiari Minursoren kontingente zibil eta politikoaren kanporatzea gehitu behar zaio.

Carlos Ruiz Miguel irakasleak dioen bezala, ez dira horren publikoak izan, ordea, Marokoko erregimenak eginiko beste jokaldi politiko-diplomatiko batzuk. Apirilaren 20an Golkoko Kooperaziorako Kontseiluaren aurrean Riad hirian egindako hitzartzea, esate baterako. Agerraldi hartan NBEren idazkari nagusiari gogor eraso zion Marokoko erregeak, eta besteak beste, mendebaldeko herriek manipulatu egiten dutela leporatu zion.Mohamed VI.ak «ohiko lagun» gisa izendatu ohi dituen Amerikako Estatu Batuak, Frantzia eta Espainiaren jarrera ere kritikatu zituen.

Ofentsiba horri Errusiara eginiko bidaia gehitu behar zaio. Helburu argi batekin: akordio ekonomiko eta militarretatik abiatuz bi herrialdeen arteko harremanak sendotzea (nahiz eta Segurtasun Kontseiluan historikoki izan duen jarrera mantendu duen Errusiak). Horrezaz gain, Txina eta Indiara ere hurbiltzen saiatu da Rabat.

Ofentsiba hori Ban Ki Moon idazkari nagusiaren txostenaren eta Segurtasun Kontseiluaren ebazpenaren zirriborroaren aurkezpena egin aurretik gertatu da. Biek ala biek aldaketak izan dituzte Maroko eta bere aliatu leialen (Frantzia, Espainia eta Golkoko herrialdeak) presioengatik.

Aipagarria da NBEren bake gaietarako sailean frantziarrek egin duten presioa. Txostenaren aurkezpena hamabost egunez atzeratu zuten, eta, Carlos Ruiz Miguel irakasleak zehazten duen bezala, aldaketa ugari izan zituen. Behin betiko txostenak Marokoren onespena jaso zuen.

Bigarren borroka Segurtasun Kontseiluaren ebazpenean bertan kokatzen da. Marokok Frantzia eta Espainiaren babes osoa jaso du facts on the ground delako doktrina israeldarra ezartzeko ahaleginean. Horrek ondorio zuena izan du: kontingente zibilaren kanporatzea eta, beraz, bere garaian Minurso osatzeko lortu ziren akordioen urraketa.

Frantzia eta Espainiaren helburua hauxe izan liteke: Saharako gaiak eragina izatea NBEn idazkari nagusia aukeratzeko hilabete gutxi barru irekiko den prozesuan. Margallo ministro espainiarrak berak aurreratu zuen Minursoren misioa hilabetez luzatu zitekeela soilik.

Modu horretara, Marokoren herrialde aliatuak (Egipto —Golkoko herrialdeen aliatua berau—, eta Frantziaren eraginpeko Afrikako herrialde batzuk) Afrikako Batasunaren Sahararako bidalia, Chissano Mozanbikeko presidente ohia, NBEn agertu ez zedin saiatu ziren. Hala ere, Chissano Jaunak, Angolaren eskutik, esku artean zeraman txostena azaldu zuen erreferendumaren aldeko jarrera argia erakutsiz.

Uruguay eta Venezuelako ordezkariek, era duin batez, onarturiko ebazpena ahula zelakoan eta Minursoren Misioa erabat babesten ez zuela iritzita, aurka bozkatu zuten. Errusiak, Zelanda Berriak eta Angolak abstentziora jo zuten. Modu horretara, Minursoren berritzeak historikoki izan duen guztien adostasuna hautsi egin da.

Hala ere, onartu beharra dago Frantzia, Espainia eta Golkoko herrialdeen laguntza izan duenMarokoren ofentsibak ez dituela bere helburuak bete, eta, beraz, batailak aurrera darrai.

Borroka honetan ezinbestekoa da Espainiako gobernuaren jarrera agerian uztea. Gogoratu beharra dago Segurtasun Kontseiluko presidentetzan izan denean ez duela gai honi buruzko ekimenik aurkeztu eta, gainera, Espainiako parlamentutik egin zaizkion eskaera guztiei muzin egin diela.

Espainia lurralde okupatuetako egoera larriaren aurrean isilik geratu ez ezik, frantziarren aliatu eta Mohamed VI.a erregearen ezkutari leial gisa azpijokoan ari dela esan genezake.

Argi eta garbi esan dezagun: kontua ez da duela 40 urte Espainiak saharar herria saldu zuela, urtez urte sahararren belaunaldi berriak Segurtasun Kontseiluaren aurrean saltzen dituela baizik. Noiz arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.