Kontrako botoaren kanpaina AEBetan

2016ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
AEBetako hauteskunde presidentzialen historian Hillary Clinton eta Donald Trump bezainbesteko gaitzespena sortzen duten bi hautagai aurkitzea zaila litzateke. Lehenengoa hautesleen parte handi batek establishment-aren defendatzaile sutsua bezala ikusten dute: lobbyen (eta bereziki Wall Streeten) zerbitzura, gerrazalea, ustela, moral bikoitzekoa eta politikatik aberasteko edozertarako gai dena. Bigarrenak aldiz higuina sorrarazten du hautesle askoren artean matxista, xenofoboa eta harroputza izateagatik. Horregatik, bi hautagai nagusien hauteskunde kanpaina, aldeko botoa bilatzen ez, kontrako botoak aktibatzean oinarritu da.

Kontrako botoa aktibatzeko lanetan, Clintonek estatuko aparatuak eta botere politiko, ekonomiko eta mediatiko nagusien laguntza izan du. Gutxitan ikusi den baliabide desoreka baten aurrean egon gara. Clintonek kanpainarako lortu dituen ekarpen ekonomikoak Trumpenak hirukoiztu egin ditu, baina atentzioa gehien eman duena zera da hedabideetatik lortu duen babesa eta konplizitatea. Beste herrialde batean hori bera gertatuko balitz, pluraltasunaren eta demokraziaren aurkako eraso gisa salatuko luke Mendebaldeak.

Trump ez da zintzotasunaren eta zuzentasunaren adibidea, baina Clinton maila berean dago. Halere, bada diferentzia bat bien artean; hautagai demokratak hiru hamarkada daramatza politikan, eta haren gezurrak, ustelkeria kasuak, gerrazaletasuna eta politika egiteko moduak epaitzeko elementu asko daude mahai gainean. Clintonek finantza kapital handiaren eta industria militarraren interesak babesten ditu. Globalizazio neoliberala du bere bandera. Frogak ehunka metatu dira: bere praxian, ikerketa lan desberdinetan, dokumentuetan eta filtratu diren haren mezu e-mail-etan.

Gerra hotzeko unerik beroenetan bezala, Wikileaksek filtratu dituen dokumentu eta e-mail-ak errusiar agenteen lana izan dela errepikatu dute demokraten kanpainako arduradunek, nahiz eta hori sostengatzeko froga bat bera ere ez egon. Clintonek debateetan edo kazetarien aurrean edozein estualdi izan duenean, esku hartze errusiarraren mamua hauspotu du. Antzera, hautagai demokrataren mesedetan, hedabideek sarean dagoen informazioa ez dute ustiatu nahi izan, nahiz eta hor aurkitu daitekeena garrantzitsua izan.

Besteak beste, WikiLeakseri esker, badakigu Clinton Estatu idazkari zenean Soros magnatearen jarraibideak jasotzen zituela, Al Qaeda armatu zuela eta jakinaren gainean zegoela bere aliatuak diren Qatar eta Saudi Arabia ISIS armatzen ari zirela. Halere, hori guztia ia doan atera zaio sexu bereko pertsonen ezkontzen kontra agertu zenari edo Mexikon etorkin ilegalen kontra hesia eraikitzeko baiezko botoa eman zuenari.

Gauzak horrela, ez da kasualitatea Bushen garaiko neocon ia denek Trumpi babesa kendu, eta geroz eta gehiagok Clintonen aldeko botoa emango dutela iragarri izana. Azkena Collin Powell izan da, baina Irakeko gerraren arkitektoa izan zen Paul Wolfowitz lehenengoetakoa izan zen. Azken batean, Clintonek Irakeko gerra eta inbasioaren alde bozkatu zuen; telebistan esan zuen, berriz, «irandarrek jakitea nahi dut presidentea banaiz Irani eraso egingo diogula»; mertzenario kolonbiarrek Gaddafi hil zutenean Clintonek bota zituen algarak oraindik entzun daitezke; eta haren belizismo eta agresibitatea nazioarteko harremanetan edozein belatz handiren parekoa da.

Trumpek, bere aldetik, nazioarteko harremanetan errepublikanoek historikoki defendatu zuten isolazionismo erlatiborako buelta iragarri du, eta munduko potentzien elkar-ulertzearen aldeko keinuak egin ditu. Barne politikan, berriz, immigrazioa oztopatu eta protekzionismo ekonomikora bueltatu nahi du. Botere finantzarioa kontrolatu eta AEB berrindustrializatzeko Merkataritza Libreko Itunekin amaitu nahi du, langile eta ertain klaseen mesedetan. Trumpek dioena sinestea kosta egiten da, baina, eta beraz Clintonen kasuan ez bezala, zaila da jakitea haren agintaldi bat nolako izango litzatekeen.

Batak zein besteak irabazi, errealitatea da AEBetako presidenteak pentsatu ohi dugun baino botere txikiagoa duela. Izan ere, iparramerikar sistema politikoaren printzipio nagusietako bat da botere sakabanaketa. Betodun jokalari askok dute zeresana politikak diseinatu eta aurrera eramateko orduan. Sistema konplexua da emaitza kontserbadoreak izan ditzan. Horregatik, gobernua eta botere legegilearen artean ez dago loturarik, kolore batekoa izan daiteke bata, eta beste kolore batekoa bestea. Baina hor ez da bukatzen botere sakabanaketa, legegileak bi ganbera simetriko ditu: Ordezkarien ganbera eta Senatua. Lehenengorako bi urtetik behin hautatzen dira ordezkariak, eta bigarrengorako sei urtetarako hautatuak izaten dira senatariak; baina, bi urtean behin, ganberaren herena berriztatzen da, soilik jarraitutasuna eta moderazioa segurtatzeko.

Ondorioz, AEBetan, politika publikoak errotik aldatu ahal izateko, kolore bateko gehiengoak behar dira aldi berean Presidentetzan, Ordezkarien ganberan, Senatuan eta Auzitegi gorenean. Horregatik, azkenean emaitzak edozein direlarik ere, egon seguru hauteskundeetara aurkeztu gabe AEBetan agintzen dutenek agintzen jarraituko dutela hauteskundeak igaro eta gero ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.