Giza eskubideen kontra

2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzaturik giza eskubideei buruzko bi ekimen plazaratu dira berriki gure artean. Batean, Donostiako Aieteko Bakearen Etxean, giza eskubideei buruzko zentro pedagogiko bat zabaldu dela ikusi dut, Eskura izenekoa. Haren helburua, nonbait, hezkuntza sisteman giza eskubideen kultura sustatzea da, eta, ildo horretatik, unitate didaktikoak sortuko ditu irakaskuntzan gaia behar bezala lantzeko.

Bestean, Koldo Mitxelena Kulturunean, Oroimen Izpiak deritzaneko erakusketa eratu dela irakurri dut, ETAren terrorismoaren inguruko artearen gogoeta omen dena antolatzaileen hitzetan.

Azken urte hauetan UPV/EHUn Giza Eskubideak, Gizarte eta Hezkuntza Politikak izeneko ikasgaia irakasten aritu naizenez, aipatu bi berri haien inguruan hausnarketa publikoa egitea otu zait. Hona hemen:

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (1948)

Izen honekin ezagun den testuari Bigarren Mundu Gerra amaitu osteko Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordean hasiera eman zitzaion, Eleanor Roosevelt Estatu Batuetako ordezkaria batzordeburu zelarik. Buru-lan ugari eta gero, Nazio Batuen Biltzarrak ontzat eman zuen, 1948ko abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Aldarrikapena izenekoa.

Testu honetako Hitzaurre eta 1. artikuluaren esanetan, «Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela».

30 artikuluk osatzen dute oraindik orain nazio askoren konstituzioek oinarritzat hartzen duten Adierazpena. Gizarte edota Ekonomia-eremuetan giza eskubideak sustatu asmoz Nazio Batuen baitan eratu zituzten batzordeetako bat Adierazpen zirriborroa idazten hasi zen. Rene Cassin baionarra buru eta koordinatzaile zela, adierazpena zabaldu eta aplikatu asmoz, tradizio juridiko ezberdinak eta mundu osoko ordezkariak bildu zituen lan batzordeak Adierazpenari behin betiko taxuera eman zion.

Hala eta guztiz ere, mundu osoan agintarien eta, Rousseauren itzalean, Herrien arteko gizarte-kontratu modernotzat onartu eta etengabe eguneratuz doan testu bizia da Adierazpena.

1948ko Adierazpen horren hitzaurreak, bestalde, bidegabekeriari aurre egiteko abiaburu, eskabide eta are beharra (errebelamendu edo matxinatzeko eskubidea) finkatu du eskubide horien oinarritzat. Zehazki, honela dio:

Kontuan izanik ezinbestekoa dela giza eskubideak zuzenbidezko erregimen batek babestea, gizaki-tirania eta zapalkuntzen aurkako azken irtenbidea den matxinadara jo beharrean aurkitu ez dadin... burutzen da Adierazpen hau.

Beraz, Giza Eskubideen Aldarrikapena idatzi zen gizakiari funtsezkoa zaion tiraniaren aurka errebelatzeko betebeharra gauza ez dadin; izan ere, lehen artikuluan aipatutako duintasuna ezin zaio inori eman norbera hura eskuratzeko gai ez den bitartean. Edo, beste moduz adierazita, giza eskubiderik ezin da egon norberak, berez, injustiziaren aurka errebelatzeko dagokion betekizunari muzin eginez gero.

1948ko Adierazpenaren Hitzaurreko aurrebaldintza honi kasu egin gabe, bada, alperrik dira hurrengo 30 artikulu guztiak «azken irtenbidea den matxinadak» gizakia bera definitzen baitu. Hura gabe ez baikinateke gizakia izango esklaboa baizik edo, Rousseauren adiskidea izan zen Etienne de La Boetieren hitzetan «borondatezko mirabetza» deritzanean bizi bakarrik.

Beldur naiz, ordea, Eskura zentroan egiteke dauden balizko irakurketa didaktikoek 1948ko Adierazpenaren Hitzaurreko mezu hori lausotuko ote duten eta, horrekin batera, matxinatzeko betekizuna beharrean, hurrengo belaunaldiak bideratutako mirabetzan heziko ote diren Giza Eskubideen aitzakian. Hala balitz, Giza Eskubideen kontra nengoke...

Giza Eskubideen Kontra

Honako izenburua du Slavoj Zizek filosofo esloveniarrak New Left Reviewen 2005ean idatzitako artikuluak (euskaraz irakurri nahi izanez gero nire Giza Eskubideak, Gizarte eta Hezkuntza Politikak liburuan dago. Delta. 2016.)

Aipatu idazkian 1948an, Bigarren Mundu Gerla amaitu eta «ondasun komunaren» izenean Giza Eskubideen Adierazpena planteatu zuenean, garaileak iruzurra burutu zuen, gizaki orok bere erlaziozko/kultur eredu soilari bai ala bai jarraitu behar ziolako. «Besteren ondasunak» ezarritako ordenu berri honek edonorentzat osasun eskubideak, eskubide politikoak eta eskubide sozialak ere bilatzen dituela dio, baina, egiatan, «gizaki gisa» erantzun beharrean erakundeetatik erantzuten du eta, elkartasun-laguntza ordezkatuz, gizabanako eskubideen gizarte garatuari erantzuten ari zaio. «Giza Eskubideen» ikuspuntu honek kritika ugari jaso ditu bere planteamendu neokolonizatzaile bezain eurozentristagatik eta, funtsean, gizarte aniztasuna kontestualizatzearen ordez, mendebaldarren kultura bortxaz ezartzeagatik «Giza Eskubideak» direla medio.

Hori bera gertatzen da, nire aburuz, Oroimen Izpiak deritzaneko erakusketarekin. Alegia, ikuspegi bakar bat nagusitzen dela, ezinbesteko bihurtzeraino, ikarara hedatzeko eta, finean, gure gizartearen historia desitxuratzeko, deskontestualizatzeko eta, azkenik, bertsio bakan hura bortxazezartzeko. Izan ere, orduko gizaki-tirania, herri zapalkuntza eta estatu terrorismoa aipatu gabe, nekez uler baitaiteke inolako ETAren terrorismoaren inguruko artearen gogoetarik.

Erakusketan jorratzen den sasoietako «azken irtenbidea den matxinada» Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren hitzaurrekoa izan zitekeen ETAren borroka, baina, esan bezala, aipatu erakusketan, jakina, hori ez da azaltzen eta, aitzitik, hori bera proposatu ahal izatea ere ezinezko bihurtzen du.

Hala J.J. Rousseauk nola Etienne de La Boetierek ere gizakiak gizaki bihurtzeko askea behar zuela izan eta, horretarako, borrokatu behar zuela zioten Estatu Absolutuaren tirania garaietan. Ezin da pentsatu, egun ere ez, giza eskubideak inolako liskarrik gabe erdietsi daitezkeenik. Eta are gutxiago, hori erakutsi ezta irakatsi ere, bestela, bakearen partez, hori egitekotan, Giza Eskubideak izena ibiliko ginateke erabiltzen Giza Eskubideen izanaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.