Adierazpenetatik harago, berdintasuna ekintzen bidez eraikitzen da

2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Aurten, martxoaren 8a, aldi baterako nazioarteko geldialdi edo greba deialdiekin batera dator. Gaurkoa bezalako egun batek honako gai hauen inguruan gogoeta egitera behartzen gaitu: gizonen eta emakumeen arteko berdintasun printzipioa, pixkanaka ematen ari diren aurrerapausoak, eta matxismoa sistema gisa ezabatzearen inguruan dauden erresistentziak.

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) ahalegin handiak egin ditu berdintasunaren arloan. Gure erakundeko gobernu organoak parekideak dira, eta ikasleak emakumezkoak dira hein handi batean; hala eta guztiz, luzea eta konplexua da aurrean dugun bidea. Adibidez, irakaskuntza teknikoetan oso gutxi dira emakumeak (%26 inguru). Zuzendaritza karguetan ere oso presentzia txikia dute (%36 dekanotza taldeetan eta ikastegietako zuzendaritzetan, esaterako). Beste bi datu esanguratsu: ikerketa taldeak zuzentzen dituzten emakumeak %33 baino ez dira, eta unibertsitateko emakumezko katedradunen kopurua ez da %25era iristen.

Dena dela, halako datuek ez diete beste batzuei itzal egin behar: gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortze bidean, une hauetan II. Berdintasun Planaren ebaluazio prozesuan murgilduta gaude, proiektu benetan handinahia eta unibertsitatearen jarduera guzti-guztietan eragiten duena, hiru helburu nagusirekin: genero ikuspegia txertatzea, tratu eta aukera berdintasuna bermatzea, eta UPV/EHUk berdintasunarekiko duen konpromisoari ikusgarritasuna ematea. Horrekin batera, ikastaro espezifikoak ematen ditugu berdintasunari, maskulinitate berriei edo sexu eta genero aniztasunari buruz. Genero indarkeriaren aurkako protokolo berri bat ere prestatzen ari gara, eta Akademe programa jarri dugu abian, emakume akademikoen lidergo gaitasunak garatzen laguntzeko eta haien motibazioa indartzeko ikerketaren, irakaskuntzaren eta transferentziaren arloko erantzukizuneko lanpostuei begira. Hori guztia unibertsitatean ere badagoen botere harremanen egitura hausteko helburuz.

Euskal Herriko Unibertsitatean dauden argi-itzalen ebaluazio txiki hori egin nahi izan dut, gogoeta maila pertsonalago batera zuzendu aurretik. Izan ere, askotan, berdintasunak planteatzen dituen arazoen aurrean (baina baita beste gizarte arazo askoren aurrean ere), erantzukizun guztia administrazio publikoen bizkarrean jartzen dugu, eta ez dugu geure erantzukizun pertsonala aintzat hartzen.

Horrekin nabarmendu nahi dut berdintasunaren aldeko borroka ez dela politika hutsa. Gizon eta emakume askoren konpromisoa eskatzen du. Beste hainbat arazorekin gertatzen den bezala, gauza ez da gobernuari (edo gobernuei) zerbait egin dezala eskatzea bakarrik. Aldiz, oso ondo aztertu behar dugu zer egin dezakeen norberak, emakume nahiz gizon, bere testuinguruan berdintasuna bultzatzeko edo, alderantziz, jarrera matxistak betikotzeko.

Nik, zorionez, karrera akademiko luzea garatzeko aukera paregabea izan dut. Horretarako, erabaki pertsonal bat eta benetako konpromisoa behar izan nituen, baina baita beste pertsona batzuen erabakiak eta konpromisoa ere.

Ikerketa egonaldiak egin ditut Erresuma Batuko eta Ameriketako Estatu Batuetan, esperientzia erabakigarriak nire ibilbide akademikoan, eta hori egiteko, ez nion uko egin behar izan nire alaba izaerari, edo bikotekide izaerari, ezta, inondik ere, nire ama izaerari ere. Baina hori guztia egin ahal izateko, nire konpromisoaz gain, amaren, aitaren eta senarraren konpromisoa behar izan nituen. Nire garapen profesionalean une on asko izan ditut, baina baita adore falta eta nahigabe momentuak ere. Alabak txikiak zirenean, denboraldi batean haiengandik urrun egotea nire bizitza osoko esperientzia mingarrienetako bat izan da. Baina gainditu ahal izan nuen berdintasunean hezi ninduten amaren eta aitaren babes erabatekoari esker, eta gure familia aurrera eramateko baterako erantzukizuna bere gain hartu zuen gizon baten babesari esker, ardura hori bere jarduera profesionalarekin uztartu zuena, askotan nik baino neurri handiagoan, gainera. Aitatasuna ama batek amatasuna eraman ohi duen muturretara eramateko gai izan zen gizon bat, sarritan bere buruari uko egin eta lan eskerga hartuta bere gain.

Nire ibilbide akademikoaz harro nago, baina, batez ere, nire familiaz nago harro, haien babesik gabe ezin izango nuelako lortu dudana lortu. Ez dut ulertzen zergatik planteatzen diren berdintasun kontuak, sarri, borrokaren, gatazkaren eta gizonen eta emakumeen arteko lehiaren ikuspegitik; berdintasunari aliantza eta konplizitate ikuspegi batetik heldu beharko litzaioke. Finean, maitasunaren ikuspegitik heltzea litzateke onena, seguruenik. Agian emakumeok galdetu beharko genioke geure buruari ez ote garen ari berdintasunaren inguruko gogoeta parametro hertsiki maskulinoetatik ulertzen; ez ote diogun gaiari begiratzen lehia eta gatazka lehenetsita, horiek maitasunaren aurretik jarrita.

Adierazi ditudanak bezain gai pertsonalak aipatzea iruditu zait begien bistakoa den zerbait ikusarazteko modurik egokiena; izan ere, berdintasuna lortzeko arlo pertsonaletik egiteke dagoen lana arlo politikotik egiteke dagoena bezain beste da, edo gehiago. Eta horrek gizon askoren konpromisoa, apustua eta aurreranzko pausoak eskatzen ditu.

Horregatik, jakinarazten dut gaur bat egingo dudala hainbat elkarte feministak deituriko geldialdiarekin. Erabaki pertsonal bat da, eta ez du inolaz ere nire erakundea konpromisoan jartzen. Aldarrikapen bat egin nahi dudalako hartu dut erabakia, baina ez horregatik bakarrik, baita emakume askok, eta zenbait gizonek (nahiago nuke gehiago izango balira), berdintasunaren alde egindako lana eta ahalegina aintzatetsi nahi dudalako ere; hotsandiko adierazpen politikoez harago, beren bizitza pertsonalera eraman baitituzte printzipio horiek, diskurtsotik ekintzetara igarota, aldarrikapenetik adibidera.

Horien guztien aitorpen gisa, bat egiten dut geldialdiarekin eta aditzera ematen dut, berriz ere, guztion berdintasunaren aldeko nire konpromisoa, baita berdintasun hori ondorio guztiekin onartzen dutenekiko nire esker ona ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.