Prest gaude

Zelai Nikolas eta Angel Oiarbide
2016ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Une erabakigarria iritsi da. Iritsi da unea jauzi egiteko amestetik sinestera. Hiru urteko ibilbideak erakutsi digu elkarrekin handira jokatzeko gai garela. Orain arte lortu duguna ikusi besterik ez da. Izan ere, ezinezkoa zela esan ziguten. Baina egin genuen: 150.000 lagun batu genituen 2013an giza kate erraldoian. Milaka euskal herritarren ilusioarekin jantzi genuen Durangotik Iruñerako bidea. Ezinezkoa zela esan ziguten. Baina herriz herri hasi ginen borondateak josten, gure artean eskua ematen; ezberdinen artean hitz egiten, adosten, ulertzen. Ezinezkoa zela esan ziguten, baina erabakitzen hasi gara; galdeketaz galdeketa, herriz herri, botoz boto. Gure esku dagoelako. Ezinezkoa zela esan ziguten. Baina egiten ari gara. Ezina ekinez egiten delako.

Iritsi da unea. Herritarrok prest gaude bidea egiteko. Prest gaude erronka berriei ekiteko. Prest gaude kultura politiko berri bat eraikitzeko. Prest aro berri baten zimenduak eraikitzeko. Prest besteari eskua eman, lubakitik atera eta zubiak eraikitzeko. Prest gaude gure etorkizuna erabakitzeko. Pausoak emateko, protagonistak izateko. Prest gaude elkarrekin egiteko. Konplizitateak bilatzeko. Zer lortu nahi dugun erabakitzeko. Prest gaude.

Ez da erraza izan eta badakigu ez dela erraza izango. Ez gara bide errazetara mugatzen, ez zaizkigu gustatzen erronka erosoak, edota oinarririk gabeko apustuak. Une historiko honi maila bereko erantzuna eman nahi diogu. Hiru urte eta erdiko ibilbidea egin ondoren, urratsa egitera goaz. Eta urrats hori sendoa izan dadin, Prest ibilbide orria diseinatu dugu, Eskura txostenean jaso genituen oinarrietatik abiatuta. Beraz, badugu abiapuntua eta badugu jomuga: Gure Esku Dago-k ziklo bat itxiko du 2019rako. Urte emankorra izan da, eta datorrena are emankorragoa izango delakoan, urte berriari ilusioz eta anbizioz ekitera goaz; etorkizuna eraikitzeko dinamika sendo batekin.

Kultura politiko berri bat sortuz, aro berri baten zimenduak eraikitzen jarraituko dugu. Eta horretarako, Gure Esku Dago-k, batetik, hilaren 17an Iruñean aurkeztu genuen Prest ibilbide orria eskaintzen du, eta, bestetik, euskal herritar eta eragile guztientzako elkarlan eremua; sinesgarritasunean, zintzotasunean eta konfiantzan oinarritzen dena. Ez baikinen jaio bere kabuz aritzeko; baizik eta erabakitzeko eskubidearen aldeko indar guztiak aterki beraren pean batzeko. Eta horretan ari gara.

Erabakiaren bidean asko ari gara ikasten. Ikaragarri. Beste gauza askoren artean, ikasi dugu Gure Esku Dago bezalako dinamika batek malgua izan behar duela, unean uneko testuingurura egokitu behar duela, eta, beraz, ezin duela epe ertain eta luzera begirako plangintza itxi bat diseinatu. Horregatik, Prest-ek 2017a du ardatz, eta datorren urtean egin beharreko lanean jarriko dugu indarra orain. Hortik aurrera, testuinguruak berak eta 2017an egindako lanek markatuko dizkigute aurrerantzean eman beharreko pausoak.

Lau zutaberen gainean eraikiko dugu bidea; bata bestearen osagarri: herri galdeketak, herritarron ituna, mobilizazioak eta elkarlana. 2017ko ekainerako 600.000 biztanle baino gehiago bizi diren eremuetara iritsiko gara, eta, hortik, Euskal Herriko hiriburuetara salto egiteko determinazioa daukagu. Herritarron itunean jasoko ditugu herriz herri sortzen ari diren adostasunak; euskal herritarron zoru komuna. Eta ekainaren 10ean Bilbon aurkeztuko dugu, mobilizazio jendetsu batean. Horrez gain, Euskal Herri mailako alderdi politiko, sindikatu, erakunde, fundazio, enpresa, kooperatiba, unibertsitate eta eragileen artean, proiektu ezberdinetan elkarlanean arituko gara; baita euskal komunitate osoarekin ere, guztiok momentu historiko honen partaide eta protagonista sentitu gaitezen.

Eta hori guztia posible egiteko eta erabakiaren aroa bururaino eramateko, bazkidetza kanpaina indartzen segituko dugu. Orain artean mila modutan dinamikan parte hartu duten herritar guzti-guztiei bazkide egiteko gonbidapena egiten diegu. Atzera-bueltarik ez duen fase honetan, guztiok baikara beharrezkoak. Bestalde, eta erabakiaren aroa sostengatzea herritarroi dagokigunez, Urteberriko Saria atera dugu. Bi iturri horien emaria ezinbestekoa izango da Gure Esku Dago-k euskal herritar guztiei egin nahi dien ekarpena egiteko. Erabaki ahal izateko, herritarrok gara bermea. Eta hori horrela izan dadin, Gure Esku Dago herri dinamika sendoa beharrezkoa dugu.

Ezina ekinez egina. Erabakitzeko eskubidea erdigunean kokatzea lortu dugu. Orain, une erabakigarriari erantzutea helburu duen bideari ekitera goaz. Gure eskubideez, protagonismoaz eta erabakitzeko gaitasunaz jabeturik, erabakitzeko prest gaude, erabakitzeko beharra dugu. Elkarrekin zer egitera irits gaitezkeen sentitu nahi dugu. Eta, horretarako, Euskal Herriko herritar eta eragile guztien indarra bilduko duen gunea izan nahi du Gure Esku Dago-k. Balio demokratikoez osaturiko orube komuna eraiki nahi dugu; herritarren borondatean oinarritutako oraina eta etorkizuna eraiki eta erabaki ahal izateko. 2017rako erronka potoloak jarri ditugu mahai gainean. Amestetik sinestera jauzi egin dugu. Prest gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.