Aralarko pistak epaitegian

2017ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Orain gutxi jakin dugu Ingurumen Fiskaltzak iaz Aralarren eraikitako pistaren salaketa, Landarlan eta Eguzki talde ekologistek jarria, Tolosako Epaitegira bideratu duela lege-hauste zantzuak ikusi dituelako eta berauek sakonago ikertzeko beharra dagoela ondorioztatu duelako. Berri hau jaso ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aralarko Natur Parkearen kudeaketaren arduradun nagusiak, lehengo aburuz, proiektuak legeak finkatzen dituen prozedura legal guztiak betetzen dituela argudiatuz erantzun du, eta beste behin ere, artzainen lan-baldintzak eta irisgarritasuna hobetzeko helburua azpimarratu du. Guk ere artzaintza biziki defendatzen dugu eta kolektibo honen lan-baldintzak hobetzearen alde gaude, beti ere, helburu hau lortzeko jartzen diren bitartekoek Aralarko araudia errespetatu eta natur ondarearen kontserbazioa lehenesten badute, baina Aralarko pista proiektuak ez du inondik inora halakorik egiten.

2016an eraiki zen pistaren proiektuak araudiak ezarritako mugak saihesteko argudioak biltzen zituen. Aralar Natur Parke izateaz gain, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Natura 2000 Sareko parte ere bada, eta horregatik, bere kudeaketaren helburua bertako natur ondarea babestea da. Aldundiak ordea, legediaren interpretazio interesatu bat eginez, araudiaren helburuak baztertu zituen, Aralarko natur ondarea kaltetuz.

Dagoeneko eraikitako pista honek Aralarko Natur Baliabideen Antolamenduko legearen zenbait artikulu urratzen ditu: pista legez lurzorua mugitzea debekatuta dagoen Mendi Babeslean eraiki zen, ez da Aralarko bide azpiegituren plangintza orokorrik egin eta pistak puntu batzuetan %28ko maldak ditu (legeak %10eko muga ezartzen duenean). Hau gutxi balitz, ez zen Natura 2000 Sareko eremu baterako exijitzen den Ingurumen Inpaktuko Azterketa mota egokia egin eta Europar Batasunarentzako interesekoak eta derrigorrez babestu beharrekoak diren espezie eta habitatak ez dira behar bezala kontuan hartu, obrak beraien gain izan ditzaken ondorio kaltegarriak ezagutzen ez direlarik.

Proiektuak eragin ikaragarria du bertako ingurunean: paisaiaren degradazio itzela ekarri du, faunaren mugimendua eragozten duten ezpondak daude eta lurzoru-higadura ikaragarri areagotu da. Honez gain, uraren ibilgu aldaketa eragin du eta akuiferoak arriskuan jarri dira. Honi guztiari lotuta, Aranzadi Zientzia Elkarteak Batzar Nagusietan egin zuen agerraldian pista honen eragina «gogorra eta atzeraezina» dela adierazi zuen.

Proiektu honen garapenean ez zen plan orokor bat egiteko Aralarko egoeraren diagnostiko integral bat egin eta ez zen parkeko gainontzeko erabiltzaileen parte-hartzerik sustatu. Gipuzkoako Foru Aldundiak abeltzainen interesak soilik izan zituen kontuan, gainontzeko kolektiboei (mendizale, naturzale, komunitate zientifikoa, etab.) bizkarra emanez. Gaur egun Aralar Natur Parkea, KBE eta Natura 2000 Sareko parte denez, eremu horrentzako helburu nagusia bertako natur ondarearen kontserbazioa da eta bertan garatzen den edozein jarduerak helburu horrekin bateragarria izan behar du. Hau oinarritzat hartuta, Aranzadi Zientzia Elkartearen arabera Aralarko gaur egungo txabolen kokapenak beste garai bateko behar eta irizpideei erantzuten die eta gaurko testuinguruaren baitako ordenazio berri baten beharra aldarrikatu du. Ez du zentzurik gaurko beharretara egokitutako txabolen ordenazio berria egin baino lehen pista berriak egiteak. Pista proiektu berria planteatu aurretik zeuden azpiegiturek 1.000 metro ingurura kotxez iristea ahalbidetzen die abeltzainei eta Aralarko orografia ezagutzen dutenek ongi dakite oinez egin beharreko distantziak motzak eta ibilbideak erosoak kasu gehien-gehienetan. Hala eta guztiz ere, artzainek bere txaboletara materiala garraiatzeko behar puntualak izanez gero, ulergaitza da nolatan ez diren beste alternatiba jasangarriago batzuk planteatu. Honek guztiak bistan uzten du parkeko kudeaketaren arduradunak diren Gipuzkoako Foru Aldundia eta Enirio-Aralar Mankomunitatearen Aralarren gaurko testuinguru juridikoak ezarritakoa betetzeko gaitasun falta eta arduragabekeria.

Pistak eraikitzeak eragiten dituen kalteak, honek gizarteari eskaintzen dizkion onuraz gaindikoak dira: eremu oso zaurgarriak edo kalteberatasun handikoak direlako, bere espezieen (ugatza, sai zuria, etab.) eta habitaten garrantziagatik eta bere aparteko edertasunagatik. Honez gain, esan behar da, Aralarko bihotza dela Gipuzkoa osoan pistarik gabe mantentzen den gune bakarra. Proiektu hau ekologikoki kaltegarria dela esateaz haratago, ez dugu uste artzaintzaren etorkizuna bermatzen duenik, baserri-bideek bertako nekazal jarduera mantentzea bermatzen ez duten bezalaxe.

Hau guztia gutxi ez, eta Gipuzkoako Foru Aldundia Aralarren pista berri bat eraikitzeko tramiteetan buru-belarri dabil gaur gaurkoz. Beste behin, legediaren interpretazio interesatu bat eginez, pista berria eraikitzeko lanak lehengo oinezko bidearen hobekuntza delako argudioaren atzean ezkutatu nahi dute, araudiak finkaturiko Mendi Babesleko lur mugimendu debekuak saihesteko. Pista berria eraikitzeko lanek ia 160 zuhaitz eta zuhaixka moztea inplikatuko dute, gehienak elorriak izanik eta 17 gorosti eta 6 hagin, azken bi espezie hauek legez babestuak. Gainera, oinezko bide hau Aralarko artzaintzaren historiaren parte da, kultur ondare garrantzizkoa eta, zalantzarik gabe, babestu beharrekoa. Landarlanek ekarpen guzti hauek Ingurumen Sailari helarazi dizkio zehaztasun handiko txosten batean eta proiektua ez onartzeko eskatu dio.

Hogei urte pasatu dira Aralar Parke Naturala deklaratu zenetik eta urte guzti horietan Aldundian egon direnetako agintari politiko bakar bat ez da ausartu pistak eraikitzen, traba legalak ikusten zituztelako. Aldiz, oraingo agintariek arauak azpian hartu dituzte era arduragabe eta onartezinean. Euren aurretik egon zirenak baino bizkorragoak direlakoan daude nonbait; baina, zer uste dute, pistak egitea erraza izan balitz, orain arte egin gabe egongo zirela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.