Bakea, kea eta nekea

Nora Miralles, Zuriñe Rodriguez, eta Itziar Mujika
2016ko urriaren 20a
00:00
Entzun
ETAk bere jarduera armatua uztea iragarri zuenetik bost urtera, oraindik galdera da: euskal gizartea bakean dago? Ordutik euskal gobernua, alderdi politikoak eta gizarte zibilak ETArik gabe bizitzeko oinarri duten planak, proposamenak eta bide orriak aurkeztu dituzte, sakonduz ETAren antolakuntza militarraren deuseztatzean, gatazka armatuaren ondorioetan zein presoen, desarmearen edo biktimen egoeraren inguruan.

Proposamen hauetako asko bideraezinak dira bake prozesu klasikoen eskemetatik kanpo, non gobernua eta talde armatuak elkarrizketari nagusi diren. Estatu espainiarra solaskide duen alde biko elkarrizketa formalaren aukera alderatuta —hala behar luke— egun geldialdiaren eta egia mingarri baten artean gaude: estatu espainiarrari ETAren desarme formala eta ordenatua ez zaio interesatzen.

Sektore asko egoera kronifikatzearen beldur bada ere, Foro Sozialaren proposamenak, bake prozesua gizarte zibilak gidatu beharreko prozesutzat identifikatzen duenak, blokeoa hautsi dezakeen aukera aurkezten du. Gatazka oste bottom-up bat, hau da, behetik gorantz eraikitakoa, tokiko jendarte mugimendu eta espazioetatik, eta ez elite negoziatzaileetatik, ahalbidetuz emakumeen, sexu disidentzien edota auzoetako bizilagunen parte hartzea, kasu.

Jarduera politikorako bermeak zalantzazkoak direnean, gisa honetako prozesu baten inplementazioa ez da erraza. ETAren iraunkortasunaren edo galeraren arteko talka, batetik, arazo poliziala balitz bezala, eta, bestetik, neurri berezien eta «dena ETA da» doktrinaren jarraipenaren baitan bizi dugu. Eta prozesu hau gidatu beharko lukeen gizarte zibil horren zati batek politikaren judizializazioaren etengabeko mehatxupean dirau.

ETA dagoen linboan, Foro Sozialak desarmatzerako egiaztatze batzorde misto bat eratzeko proposamena irteera bakartzat gailentzen da. Gizarte zibilak gidatutako prozesu baten aldeko apustuak fitxa mugitzea eskatzen du, diskurtso paralizatzaile eta biktimista alboratzea eta estatu espainiarraren borondaterik eza eta jarrera antidemokratikoa salatzea. Horrek ez du esan nahi bizikidetzaren berreraikuntzak, adiskidetzea deitutakoak, dirauten eta oraindik iristeke dauden gatazkaren ondorioak kontuan hartu behar ez dituenik.

Bada prozesu hau imajinatzeko Irlandan inspiratu denik, ikuspuntu partzial batetik eta perfektu izatetik urruti dagoen prozesu baten akatsak begiratu gabe. Bistan da, ordea, akordioa sinatu zenetik 18 urtera Irlanda iparraldekoa indarkeria matxista, alkoholismoa, droga menpekotasuna, buru nahasmendua eta suizidio maila oso handiak dituen gizartea dela, eragin berezia dutenak, gainera, emakumeengan, gazteengan eta borrokalari ohiengan. Ez da kasualitatea.

Analisi kritiko batek gatazkaren ondorioen abordatze kolektibo eta integrala lehenestera behartzen gaitu, bai eta gatazkan modu aktiboan parte hartu dutenen desmobilizazio fisiko, psikiko eta generozkoa egitera ere. Gatazkaren ondorioak biktimengan, borrokalari ohiengan, presoengan eta familiengan ez ikusteak, eta desmilitarizazioa soilik kanpoko segurtasun indarren kanporatze gisa ulertzeak, ondorio larriak sor ditzakete epe ertainera. Begira diezaiogun Irlandari, baina bere osotasunean.

Militarizazioaren inguruko lanketa integral bat egin gabe, hau da, gatazken kudeaketa indarkeriaz kutsatzen duten eta logika horietatik sortzen diren genero ereduen inguruko lanketa oso bat egin gabe, gatazkaren ondorio horiek gailendu egingo dira, eta zuzenean zigortuko dituzte emakumeen eta sexu disidentzien gorputzak eta bizitzak.

Ezin dugu bost urte gehiago itxaron gizarte euskaldun patriarkalean inbisibilizatutako ondorio horiei heltzeko. Indarkeria gauzatu eta pairatu dutenen traumaren kudeaketa, presoen osasun emozionala eta psikologikoa zein sakabanaketak emakumeengan eragin dituzten zaintza lan eta lan afektiboen gainkargak ezin dira izan aurrerantzean elementu periferikogizarte zibilak gidatutako prozesu honetan.

Presoen kasuan, sakabanaketaren amaieraren truke hauek euren eskubideen defentsa kolektibo bati uko egiteko ofentsibak azken helburutzat du subjektu kolektiboaren desagerpena, EPPKrena, arrisku larria suposatzen duena. Kasu horien indibidualizazioak zaildu egiten du, desmilitarizazio integrala zein integrazioa modu antolatu eta efektiboan garatzea, gatazkaren ondorio psikologiko eta emozionalei aurre egitea ekidingo duen babesgabetasun sentipenak elikatuz. Subjektu kolektiboaren desagerpenak eta horien egoeraren eguneroko ondorioen ahanzturak, gainera, euren bizitzak sostengatzen dituzten sareak bertan behera uztea suposatzen du, batez ere euren emazteak, neska-lagunak, amak, arrebak eta alabak.

Arriskuez harago, bake prozesuak agertoki pribilegiatuak dira akordio sozialak eta genero erregimenak berriro negoziatzeko. Ezin da galdu orain arte bakerako plan eta bide orrietatik kanporatuta geratu direnak batzeko aukera. Hori egiteko modu bakarra dago, onartuta euskal gizartea ez dela eta ez dela izango gizarte baketsu bat estrukturalki biolentoa den bitartean, eta, batez ere, eremu publikoan eta pribatuan burututako indarkeria politikoaren bereizketak darraien bitartean. Azken bost urteotan hilketarik izan ez dela esateak adierazi nahi du euskal gizartean emakumeak erailtzen eta erasotzen jarraitzen dutela. Bake prozesua, beraz, ez da matxista euskaldunengana iritsi, eta feminizidioak erreparaziorik, justiziarik, errekonozimendurik eta memoriarik gabe dirau.

Horregatik, beharrezkoa da formula tekniko eta legaletatik harago nolako eta norentzako bakea eraiki nahi dugun ardaztea. Hemen, baditugu ispiluak, Kolonbiako kasua lez, feminizidioak bake prozesuaren aurkako eraso gisa ulertuz eta mahai gainean jarriz maskulinitate militarizatuak kontrolik gabe gizarteratzearen arriskuak. Beraz, genero ikuspunturik gabeko bakea ez da soilik bake elitista eta patriarkala izango, baizik eta prozesuaren beraren huts egitea ahalbidetu dezakeena. Eta, hemen, erantzukizunak izango ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.