1917ko iraultzaz: beste mundu bat posible da

2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
E hun urte bete dira 1917ko Urriko iraultza gertatu zenetik, neguko jauregia hartu eta mundua aztoratu zuten hamar egun horietatik, John Reed kazetari iraultzaile amerikarrak idatzi zuen bezala. Historiaren ezkerreko mito iraultzaile maitatuena sortu zen momentu horretan (Latinoamerikako iraultzak ahaztu gabe), iraultzaren oztopoa sinbolizatzen zuen eta sinbolo tsaristez josia zegoen jauregiaren hartze hartan. Gertakizuna Nicolas II.aren Neguko jauregiaren hartzera erreduzitu ohi da, edota errebolta militarraren ekintzara, Leninen estrategia militar eta politikoak goraipatuz: baina momentu ikusgarriak izan arren, ez dira iraultzaren ezaugarri funtsezkoenak. Izan ere, iraultza ez da izan momentu konkretu bat, kasik egun batetik besterako kulminazioa izan duen arren: aitzitik, urteetako prozesu baten bidez gizartearen egitura kultural eta politikoak eraldatzen joan den prozesu luzea izan da.

Iraultza sobietarrak XX. mendeari eman zion hasiera nolabait, eta sinbolikoki Berlingo harresiaren erorketarekin eta 1989ko Sobietar Batasunaren deuseztapenarekin bukatu zen. Iraultza sobietarrarekin munduari buruzko imajinario soziala bitan banatu zen. Munduko zapalduen eta subalternoen espektatiba kolektiboak gauzatu egin ziren, iraultzak beste mundu bat posible zelako sinesmena haragiztatu baitzuen. Gertaera hark ordura arte marjinaltzat hartu zitekeen ideia materializatu zuen, eta kapitalismoaren ordez beste gizarte eredu bat eraiki zitekeela gorpuztu. Hau izan zen, ezbairik gabe, iraultza horren garaipen handiena, eta XX. mende luzean borrokatu ziren beste hainbat burkide eta herrirentzat utzitako ondare nagusiena. Finean, gizartea beste era batera antolatu daitekeen esperantza da —kapitalismoak alternatiba bat izatearen materializazioa, sozialismoa, hain zuzen— gizakiari utzitako ondare nagusia, ezbairik gabe.

Esperantza berri horren katalizatzailea XX. mendean erabiliena izango zen iraultzaren kontzeptua izango zen. Azpimarratu behar da Iraultzaren mitoaren eta historiaren gaineko egungo borroka ez dela orduko gertakarien ezagutza historikoaren zehaztasunaren inguruan ematen, baizik eta plano praktikoan. Alegia, oroimenak ezin du iragana goretsi nostalgia hutsez, baizik eta aurrera begirako perspektibarekin eta egungo testuingurua kontuan hartuz aldarrikatu behar du. Iraultzaren mitoa egoera berriak ulertzeko erabili daiteke, orduko lezioak ikasiz eta barneratuz, ez modu ahistorikoan aldarrikatu eta gaur egun kopiatu nahi izateko. Iragana, orduan, orainerako ekintzarako printzipioa bilakatzen da. Izan ere, iraganeko gertaeren ulerkera literalak orainaldia iraganaren gatibu egiten du. Ordea, memoriaren bestelako erabilpenak iragana orainerako erabiltzea ahalbidetzen du, iraganeko lezio eta injustiziak gaurko injustizien kontra egiteko baliatuz.

Iraultza bakoitzak badu bere kontakizun mitikoa, bere istorioa, bere irudimenezko momentu ederrekin, iraultzaren handitasuna goratzen laguntzen dutenak eta ondorengoentzako borrokarako kontakizunak uzten dizkigutenak ondare gisa. Lenin, esaterako, boltxebikeen alderdiaren Komite Zentralaren bilerara bizarra moztua eta burusoila ileorde batekin estalita agertu zen (artzain luterar baten itxura omen zeukan), bidean ezagutua eta atzemana izan ez zedin. Iraultza guztietan agertzen dira halako pasadizoak, baita euskal borrokaren baitan ere, eta noski, gaur egungo kataluniar iraultza demokratikoan zer esanik ez. Eskola liburuetan ez dira agertuko, esaterako, Puigdemont Kataluniako presidentea poliziarengandik ihes egiteko tunel batean kotxez aldatu zenekoa, ezta herritarrek zeinen modu irudimentsuan bozka kutxak nola ezkutatu zituzten ere. Baina kataluniar iraultzaren errelatoan, miresmenez azpimarratuko diren ekintzak izango dira, dudarik gabe.

Ehun urte pasatu dira iraultza boltxebikea gertatu zelarik, eta denbora ez da alferrik pasa. Neoliberalismoak ekonomiaren globalizazioarekin sektore popularren bizi baldintzak okertu ditu, desjabetze bidezko akumulazioa indartuz; funtsean, kapitalismoaren forma depredatzailea areagotu egin da. Sektore popularrek eta borroka gogorrez eskuratutako instituzioek erabakimena galdu dute finantza sektore supraestatalen mesedetan, eta neoliberalismoak estatuaren funtzioa berrasmatu du sektore finantzarioen interes pribatuak babesteko asmoz, estatuari biolentziarako kapazitate eta tresna are indartsuagoak emanez (gurean, Mozal Legea kasu). Demokraziaren eta subiranotzaren pribatizazioa da finean gertatu dena, hortaz.

Gure oraineko eta etorkizuneko iraultza 1978ko erregimen neofrankistaren testuinguruan kokatzen da. Eta errebolta demokratiko subiranistak dira gaur egun bidea markatzen ari direnak kate horiekin apurtzeko, gurean eta Katalunian, bederen. Eta gaur egungo XXI. mendeko sozialismoaren iraultzek ez dute egun batetik bestera neguko jauregirik hartuko. Aitzitik, atzeraezinezko aldaketa kultural, sozial eta politikoak goldatu behar dituzte jendartean eta jendartearekin, gizarte justuago, feministago, sozialago, ekologikoago batera bidean. Horretan gabiltza, iraultzaren mendeurrenari omenaldi onena egin nahian, alegia, mobilizazio ziklo eta iraultza demokratiko berriak irekitzeko borrokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.