Katalunia lanparatik

2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Maisu batek esan ohi zidan gogoeta bat darabilt buruan azken egunotan: egoera konplexu bat bere sakontasunean ulertu nahi izanez gero, lanpara batekingertutik aztertzen saiatu beharrean, hobe izan ohi da lanparara igo eta bertatik begiratzea. Kataluniako kasuan, hainbestekoa da daukagun korapiloa, aholkuaren gaurkotasuna paregabea dela. Izan ere, gutxienez hiru dimentsio ezberdin genituzke: juridikoa, politikoa eta normatiboa. Komunikabide nahiz gizartean gaiak sortu duen zurrunbiloan hiru esparruak nahasten diren arren, gertakariak ondo ulertzeak ezinbestean banaka aztertzea eskatzen du.

Lehen esparruan, zalantzan dagoena ez da eragile katalanek hartutako erabakiek eduki ditzaketen ondorio juridikoak, zuzenbide estatuaren beraren etorkizuna baizik. Izan ere, eragile independentisten inguruan abian dagoen prozesu judizialean, demokrazia batean ezinbestekoak diren hainbat erakunderen neutralitatea zalantzan geratzen ari da. Espetxeratze prebentiboaren tresna gehiegikeriaz erabiltzea, bidezko prozesu baten eskubide urraketak, aurretik erabakitako zigorrak ezarri ahal izateko gertakarien berreraikitze arbitrarioak edo zalantzazko euroaginduen erabilera gehiegikeria horren erakusgarri lirateke. Egoera hau salatu zutenak hasiera batean zuzenbide aditu gutxi batzuk izan baziren ere, dagoeneko gutxi dira, independentismoaren ordezkariek hartutako erabakiekin ados egon ala ez, epaitegiak hartzen ari diren erabakiak salatzen ez dituztenak. Gehiegikeria hauek salatzeak ez du independentismoa babestearekin zerikusirik eduki behar nahitaez: hiritar guztion ardura izan beharko litzateke.

Esparru politikoari dagokionez, batetik tenim pressa leloa akats bat izan zela nahiko agerian geratu da. Izan ere, halako prozesu konplexu bati epeak jartzeak hainbat erabaki era arrazionalean hartu beharrean egutegiaren presiopean hartzera bultzatu ditu ordezkari independentistak. Bestetik, urriaren 1etik aurrerako erabakien balorazioa izango genuke. Gai honetan adostasuna ez da hain zabala. Batzuentzat independentismoaren estrategiak ondorio bakarra zekarren: independentzia adierazpena bai edo bai. Aldebakartasuna, hain zuzen ere. Aurreikuspen horrek justifikatuko luke estatuaren erreakzioa. Beste batzuentzat, aldiz, estatuaren gehiegikeriak jasan izan ez balira, urriaren 2tik urriaren 27ra egindako ibilbidea, aldebakarreko independentzia adierazpenean amaitu zena, ez zen jorratua izango. Ikuspegi honetatik aztertuta, independentismoak hasieratik zekien urriaren 1eko erreferendumak independentzia ez zuela ekarriko. Helburua, aldiz, estatuaren mugimendu eza gainditzea izango litzateke. Hau da, aldebakartasunaren errekurtsoa erreferendumera deitzeko gaitasunarekin egongo litzateke lotuta, ez hainbeste erreferendum horren emaitza gauzatzeko gaitasunarekin.

Beste elementu politikoa independentismoaren babes maila izango litzateke. Independentisten ordezkariek gizartearen gehiengoaren babesa ez zutela oro har onartu dute. Edo, hobeto esanda, orain arte ez dutela gehiengo hau behar bezala frogatu ahal izan. Bestetik, independentismoaren babesa hauteskundez hauteskunde igotzen joan den epe berean, estatuaren batasunaren ustezko balio intrintsekoan oinarritutako proiektuak defendatzen dituzten alderdiek ez dute gizartearen gehiengoaren babesa jaso duen proiektu bat plazaratzerik ere lortu. Independentismoaren kasuan gehiengo hori lortzeko ahaleginetan, proiektuak hainbat bilakaera izan ditu: hasierako ustezko bidegabekeria fiskalak salatzean oinarritzen zen posizionamendutik (Espanya ens roba hura), mezu positibo (revolució dels somriures) edo eraikigarriak (fem república) bultzatzen saiatzen den mugimendura. Unionisten kasuan, aldiz, proiektu amankomunaren gabeziak batik bat identitatean oinarritutako posizionamenduak bultzatzera eraman ditu. Hala, ba, abenduaren 21eko hauteskundeetan hautesleen ehuneko nabarmen batek katalanismoari uko egin eta nazionalismo espainiarra babesten duen alderdi bat bozkatzera eraman ditu lehendabizikoz. Behin berriz, hau ez litzateke independentismoaren arazoa, hiritar guztion ardura baizik: orain arteko polarizazio politiko normala bezain jasangarria polarizazio sozial jasangaitz bihurtu baitezake.

Hor legoke azken gakoa, esparru normatiboan. Izan ere, neurri handi batean mugimendu independentistaren oinarrian dagoen erabakitzeko eskubidearen marko teorikoak funtsean printzipio eta balio zilegiak ditu. Honek, baina, ez du esan nahi eskubidea gauzatzeko estrategia tokian-tokian nahitaez egokia denik. Iruzkina bidezkoa izan dadin, erabakitzeko eskubidearen inguruan teorizatzen dabiltzan hainbat eta hainbat ikerlari zailtasun praktiko horietaz jabetzen direla esan beharra dago. Zoritxarrez, Ciutadans bezalako alderdi baten igoerak Kataluniako kasuan erakusten du ñabardura horien inguruko gogoetei ez zaiela behar bezala ekin eztabaida publikoan. Europar Batasunarekin harremana (brexit-aren mamua), estatuko hiritarrekin distribuzio fluxuak (America First edo Front Nationalen gisako mamuak) edo euren burua Espainiarekin lotzen duten Kataluniako hiritarren eskubideen urraketa potentziala (balkanizazioaren mamua), besteak beste, eztabaida publikoan alarmak piztu dituzten elementuak dira. Alarma hauek, bidezkoak izan ez arren, funtsean erabakitzeko eskubidearen atzean autarkia grina bat dagoela sumatzen dute. Hau da, independentistek aintzakotzat euren burua besterik ez dutelako susmoa.

Berri ona, halako mamuak uxatzearen zentzuan, independentismoa fenomeno askoz konplexuagoa dela da: besteak beste, horregatik mantendu eta zabaltzen du babesa hauteskundez hauteskunde era transbertsalean: proiektu baketsu, demokratiko, inklusibo, kosmopolita eta eraldatzaile baten adierazpena delako. Berri txarra, elkarbizitzaren ikuspegitik behintzat, mezu hori independentista gutxi batzuen ahotan eta, batez ere, independentismotik haratago, oraindik zalantzan dagoela da. Epe erdi-luzean zalantza horiek gainditzea izango da berebiziko erronka. Ziurrenik, hainbestetan salatu ditugun estatuaren jarrera eta gehiegikeriez gain, independentismoa lanparara igo ez izanak eragin du erronka horiek oraindik ez gainditu izana. Izan ere, lanparara igotzeak independentismoak nahitaez balizko jomuga bakar gisa independentzia eduki behar ez duela ondorioztatzera eraman dezake. Aurrean halako estatu botere eta ordezkariak edukita, ondorio hori ez da erakargarria: ez da erraza halako baldintzetan estatuan eroso sentitzea inoiz aukera bat izan daitekeenik irudikatzea. Alabaina, orain independentismoa babesten duten hiritar talde anitz bezain zabalak inoiz erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi badu, erabaki daitekeen aukera bakarra independentzia ez dela barneratu eta, batez ere, azaldu beharko du. Hortik abiatuta independentzia edo zer etorriko den ez dakigu, besteak beste estatuaren erantzuna zein izango den ezin dugulako aurreikusi. Baina behintzat ezinbestekoak diren barne adostasunak (eta nazioarteko babesak) gertuago egongo dira. Lortuko al du Katalunian abian dagoen eraldaketa demokratikoaren aldeko mugimenduak lanparara igo eta teorian argi dauden elementu horiek praktikan bideratzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.