Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Gure esku(bideen baitan) dago!

2014ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Giza-katea erabakitzeko eskubidearen alde ez da berebizikoa bakarrik gizartetik bertatik sortutako ekimena delako, baizik eta ikusarazten duelako bizi garen aldi berria, eta guztiz baketsua, aldarrikapen politiko jakin batzuei ekiterakoan. Giza-kateak eteten du Euskal Herriko izanari buruzko eztabaida sozial eta politikoan ETAk beti proiektatzen zuen itzal maltzurra. Giza-kateak islatzen du, modu sinboliko eta argian, halako nahia eta gogoa dela Euskal Herriaren erabakitzeko eskubideaz amets egiteko, funtsezko eskubideen ariketa hutsa lez. Eta funtsezko eskubideetatik, hain zuzen ere, nahiko nuke nik hausnarketa xume bati ekin. Izan ere, urteetan, hamarkadatan, ETA erabateko jardunean zebilela, entzun baitugu dena zela posible, alegia, mota guztietako erreibindikazio politikoak posible zirela indarkeria albo batera utzita. Baina hori egia al da?

Batzuetan ezetz ematen du. Eta hori argudiatu ahal izateko, zuzenbide espainiarrean dagoen bilakaera bat aztertu nahiko nuke: hau da, zuzenbidearen erabilera maltzurra eskubideak murrizteko, ez horiei bidea emateko; zapuzteko, ez horiek bultzatzeko; hiritarrei askatasun-esparruak kontrolatzeko; ez horiek elikatzeko, zabaltzeko, handitzeko. Ikus dezagun.

Giza-katea zerbait baldin bada, adierazpen-askatasunaren eta ideologia-askatasunaren ariketa da. Giza-katearen bitartez ideia politiko jakin bat, kasu honetan alderdi politikoetatik at, bultzatu nahi izaten da, gizarte aurreko antzerki-lan erraldoiaren bitartez. Ez da mitin bat, hitzez beterikoa. Ez da manifestazioa, hain ohikoa izan duguna gure herrian. Bestelako zerbait dugu. Jai girokoa. Xinplea, baina ikaragarrizko prestaketa-lanaz hornitua. Sinbolikoa. Irudimenezkoa. Adin esparru desberdinak hartzen dituena. Zabala, oso esparru ideologiko ezberdinek hor elkar topa dezaketelako. Giza-katea, gainera, oinarritik sortu da: ez dago alderdi politiko bat atzetik hasierako ideian eta hobe lukete alderdiek ekimen hau bereganatzen ahaleginduko ez balira, hil nahi izan ezean bederen. Adierazpen-askatasunaren ariketa hau, hortaz, bestelakoa da eta egungo gizartearentzat ikaragarri indar-emailea, zeren eta, nire aburuz, gure gizarte postmodernoak nahiago ditu-eta honelako moduak, eta ez iraganeko ekitaldi sakon eta gordinak.

Adierazpen-askatasunaren ariketa hutsa, baina zein edukiz? Edukia, antza, Espainiako Konstituzioan ez da kabitzen. Erabakitzeko eskubidea bakarrik Espainiako herriak omen du, bestelako subjektuak horren jabe ez direlarik. Eta posible al da demokrazia jator batean Konstituzioan esanbidez aitortzen ez diren ideiak, eta Konstituzioa bera ere, auzitan jar ditzakeen ideiak defendatzea, mantentzea, bultzatu nahi izatea? Bai, horixe.

Eta horretarako gogora dezagun, ondorio hauetarako susmagarria izango ez den erakundea: hau da, Espainiako Konstituzio Auzitegia. Honek Espainiako Eredu konstituzionala demokrazia militante baten ereduari ez dagokiola gardentasun osoz argitu zuen aspalditik. Demokrazia militante izenekoa Alemaniako Konstituzioaren ereduarekin lotuta dago, faxismoa —batez ere nazionalsozialismoa— arbuiatu eta debekatzera behartuz. Espainiako Estatuan, ordea, faxismoa, Frankorena, ez zen garaitua suertatu eta Espainiako Konstituzioan ez zen horregatik halako faxismoaren debekua txertatu. Hortaz, Frankoren faxismoaren apologia ez da delitu, legegileak erabakitzen ez badu —eta ez du erabaki—, eta, gainera, Justizia Administrazioaren jardunean —eta, oro har, sistema juridikoaren antolaketan— mota horretako faxismoaren aurreko jarrera oso ahula eta ustela dugu. Gogoratu besterik ez dugu egin behar Espainiako Memoria Historikoaren Legearen nondik norakoak. Labur esanda: Franko eta frankismoaren inguruko apologia jarduerak Espainiako kaleetan, monumentutan, gizarte zibilaren taldeetan, eta alderdi politikoetan ere barra-barra presente egonik, nor ausart daiteke esatera erabakitzeko eskubidea defendatu ezin dela? Eskuin muturreko faxismo frankozalearen apologia libre da, eta diru publikoz lagundua askotan; ordea, adierazpen-askatasunaren ariketa ez? Ba, zeharkako era batean Espainiako Gobernu ordezkaria den Carlos Urkijo jaunak halako zeozer defendatzen duela ematen du, Gipuzkoako Aldundiak Gure Esku Dago ekimenari emandako diru-laguntza auzitegietara eraman duenean. Carlos Urkijok, funtsezko eskubideen aldeko interpretazioa egin beharrean, kontrakoa egiten du. Adierazpen-askatasunari eta ideologia-askatasunari hesiak jarri nahi dizkio, denon dirua erabiliz. Legea hitz handitan inbokatu, baina edukietan demokraziari muzin egiten dio.

Eta ildo beretik doa Espainiako Fiskal Nagusia esan duenean «konstituzioan ez dagoena ez dela existitzen». Aipu hori, Fiskal Nagusiarena alegia, Errepublikari buruzkoa bazen ere, berdin-berdin uler liteke erabakitzeko eskubidera aplikatu nahiko lukeela. Nirekin ala nire aurka? Demokraziak, benetakoak, funtsezko eskubideen benetako edukietan oinarritzen denak, ez du horrela funtzionatzen. Legearen inbokazio formal eta formalistaren izenean, demokrazia ahuldu daiteke. Eskerrak Euskal Herrian gizarte zibila martxan jarria dela sinesten duena aurrera eramaten. Horra hor txertorik onena, demokraziak edukiz betetzeko. Gure esku dago eta gure eskubidea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.