Albistea entzun

Txile, bigarren itzuli dudazko baterantz

Gabriel Puricelli - Politika Publikoen Laborategiaren Nazioarteko Politikaren Programako koordinatzailea

2017ko azaroak 23

Inkestatzailerik errespetagarrienek partida bukatua zela iragarri bazuten ere, Txileko herritarrek —behintzat, botoa ematera joan zen gutxiengoak— presidentetzarako partida inoiz baino irekiagoa uztea erabaki zuten. Sebastian Piñera presidente ohiak berak boto bila irten behar izan zuen, inolako aurreiritzirik gabe pinochetistagoa den eskuinaren alderantz ihes egindako botoen bila; bai tokikoek eta bai kanpokoek espero zuten Piñera izatea aukeraturiko presidentea, 2010etik 2014rako jardunerako aukeratu zutenean bezala, edo, gutxienez, faborito argi gisa irtetea, lau aste barru izatekoa den bigarren itzuliari begira. Piñeraren aurkari eta alderdikide ohi Jose Antonio Kastek botoen %8 kendu zizkion, 2009ko lehen itzuliko jardunetik 2017kora galduak; orain, giharraren %36 bat bakarrik du, eta horrek ez dio ematen bultzada automatikorik, duela zortzi urte lortu bezala —%40ko langa erruz gainditu zuen orduan—.

Joan den igandeko aukeraketa osoak antz handia du 2009koarekin: boto emaileen kopurua ia bera izan da —nahiz eta gaur egun orduan baino 1.200.000 txiletar gehiago izan herrialdean—; eta ia proportzio berbera izan da, halaber, zentrotik ezkerrerantz egin duten boto emaileen blokean (%55etik gora) eta eskuinerantz egin dutenen blokean (%44tik gora). Antzekotasun horrek, halere, aldaketa dramatiko bat biltzen du bere barruan, zentroaren eskuinaldean dagoen eremuan gertatua.

Alejandro Guillier independentea izanik hautagai gisa, orain arteko presidente Michelle Bachelet sozialistaren ofizialismoak ikusi zuen nola alde egiten zion demokrazia itzuliz geroztik izan duen hegemoniak. Bi hautagaitzaren arteko lehiak ahuldurik —Guillier bera, batetik, eta gaur egun Senatuan duen kidea Carolina Goic demokristaua, bestetik—, gobernu koalizioak ikusi zuen nola sartzen zitzaien indarrez ezkerraldetik Beatriz Sanchez kazetariaren hautagaitza, eta nola polo progresista bi zati handi eta ia berdinetan banatzen zen (Guillierren %23 eta Sanchezen %20), %6 inguruko bi zerrendarekin ezker-eskuin (Goic eta Marco Enriquez-Ominami sozialista ohia).

Ezbairik gabe, FA Fronte Zabaleko Sanchez hautagaiak harritu zituen denak, bere jardunarengatik, nahiz eta itzalik handieneko aholkularien inkestek gutxietsi egin zuten. Igandeko botoen ondoren, bloke progresista ezkerralderago lerratu da, FAk eta sozialistek gobernua koalizioan izandako jardunaren eraginez, horiek demokristauek baino aulki gehiago baitituzte orain —1989az geroztiko koalizio progresista guztietan, demokristauena izan zen alderdi nagusia—.

Zentroaren eskuinaldeko hemisferioan kulunkan dabiltza berriro ere, eta horrek bide ematen die RN Berrikuntza Nazionaleko kontserbadore tradizionalei Txile Goazen koalizioko indar nagusi bihur daitezen, UDI Batasun Demokrata Independente pinochetista ordezkatzeraino, diktadura amaituz geroztik lehen aldiz. Zentrotik gertuago dagoen eskuinak baliteke hautesle demokristau batzuk liluratzea, horiexen botoak behar baititu bigarren itzulia irabazteko.

Alderdien sistema barruko birkokatzeak gorabehera, herritar gehienei oraindik ere arrotz zaie sistema hori. Botoa emateko eskubidea zutenetatik %47k baino gutxixeagok bakarrik aukeratu zuten botoa ematea. Gaur egun, 18 milioi biztanle baino gehiago ditu Txilek, eta, joan den azaroaren 19an, 1989an baino 400.000 lagun gutxiagok eman zuten botoa —orduan, 12 milioi biztanle zituen—. Hala, prozesu demokratikoari desatxikimendu pasiboa adierazi diote; desatxikimendu horri ez dio eragiten gobernuen politika norabidea aldatu izanak, eta, gainera, aldaketa konstituzionalerako proposamen ausartek ez dute hunkitzen —halaxe gertatu da Bacheleten bigarren agintaldian, amaitzear dagoen horretan—, nahiz eta herritarrek beren ordezkariei botere txikiagoa eman diezaieten egin proposamen horiek.

Panorama hori ikusirik, izan zen emaitzekin poztu zen gobernukiderik, paradoxaz: gobernu koalizioak galdutako botoak Sanchezengana joan ziren, zeinak Bacheletek hasitako aldaketetan sakontzearen alde egin baitzuen; aldaketa horiek kritikatuak izan ziren, ez gaizki bideratuak zirelako, baizik eta xumeak zirelako. Bacheleten bigarren gobernuaren bulkada hori, ezbairik gabe, Augusto Pinochet boteretik irten ondoren etorri ziren gobernu demokratiko guztien ezkerretara gertatu zen, eta bertigoa sentiarazi zien ofizialista askori, susmoa baitzuten sektore moderatuen babesa galduko zutela.

Txileko ofizialismoak zera galdetzen dio bere buruari: irabazi ahalko du? Eta, hala izanez gero, nola gobernatu irabaziz gero? FArekin kogestio itun bat egitea litzateke derrigorrezko bidea, horixe izango bailuke ustez kide bakar Diputatuen Ganberan gehiengoa lortzeko zorian egoteko. Kasu horretan, FAk berak bidegurutze bat du aurrez aurre: edo Guillier baztertu, iraganeko parte gisa, eta bakarrik utzi; edo sinetsi hark Bacheleten agenda erradikalizatzeko duen gaitasunean, eta babes baldintzapeko bat eskaini.

Piñerak, bide batez, ez dio uko egin faborito izateari. Ez da bihurtu kuia, automatikoki, bozketa eguneko gauerdiak jo orduko, baina moderazioaren ertzetik ibili behar du boto emaile demokristau batzuek bloke progresistari bizkar eman diezaioten. Gauzak are eta duda-mudazkoago egiteko, bada beste gauza bat argitzen zaila: zer parte-hartze tasa espero daitekeen.

(Erredakzioan itzulia)

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.