Ertzak

Ane Labaka Mayoz - Bertsolaria

2018ko apirilak 18
Amorrarazi egiten naute mundua logika bitarrean soilik ulertu eta adierazten dutenek. Egitura dikotomikoek gorputzetan biolentzia eragiten dutelako haserretzen naiz han edo hemen kokatzea eskatzen didaten aldiro. Ezein espazio publikotan komunera larritasunez joan behar dudan bakoitzean ere bai. Kaiola hartan edo beste honetan. Han edo hemen.

Are gehiago amorrarazten naute genero-ikuspegiaz edo feminismoaz hitz egiten hasi eta «kontu horietan bertsolaritza gizartea baino aurrerago doa» baieztapena dena dakiela uste duenaren tonuarekin ahoskatuta lasai geratzen direnek. Bertsolaritza uharte isolatu gisa irudikatzea komeniko zaie akaso, garai bateko antropologo jakintsuek urruneko tribu exotikoak aztertu zituzten modu bertsuan.

Bertsotan egitea unean unekoa da, ordea. Orain eta hemen. Eta gauza jakina da orain eta hemen hau gizonezko zisgeneroa, zuria, heterosexuala, klase ertainekoa, disfuntziorik gabekoa eta heldua dela ezer —eta, batez ere, inor— izatekotan. Bertsolaritza, sistema beregain bezala ulertu daitekeen arren, gizartearen lagin bat baino ez delako funtsean.

Horregatik, mugimendu feminista zabalaren eta zehatzago, Euskal Herrian lekututakoaren ekarpen eta eztabaida garrantzitsuenekin marra kronologiko bat osatuko bagenu, ariketa erraza litzateke bertsolaritzaren baitan garatutakoak ere antzerako marra paralelo batean kokatzea. Hor egotea dagokigu, nire aburuz, helmuga urrutiegi duen eguneroko lasterketa honetan. Ez aurrerago eta ez atzerago. Posible bada behintzat; paraleloan.

Diskurtsoak egoki barneratu izanaren adierazgarri izango da ertzak behin eta berriro aipatzea. Norbere galbahetik pasa ditugu irakurritako liburuak, apunteak jakin-minez azpimarratu ditugu eta sareko artikuluak murtxikatu ahala irentsi. Erantzun ditugu elkarrizketetako galderak, saioetan guri bakarrik jarri dizkiguten «gure gaiak», hitzaldi eta tailerrak eskaini eta mahai-inguruetan parte hartu dugu. Idatzi dugu eta jarri dugu zalantzan aurrez idatzitakoa. Eztabaidatu dugu gure artean. Eztabaidatzen ari gara.

Eta, hala ere, inork maitasunez eta erdi brometan bezain serio diskurtsoan trebeegiak eta, ondorioz, arrazionalegiak garela egotziko baligu, ni neu izango nintzateke arrazoia ematen lehenengoa. Inbidia diet gorputzetik ikasten, desikasten, hitz egiten, erabakitzen, transgreditzen, bizitzen... dakitenei. Hargatik izan nahi du jarraian datorrenak diskurtsoa albora utzi eta gorputzetik idazten jarraitzeko saiakera. Hemen doaz, beraz, elkarrekin harilkatutako bi bizipen zuentzat opari, oilo-larrututako azalean bilduta.

Azaroaren lehena du aurrenekoak datatzat. Irunen izan zen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoan. Azalari ikusten utzita, ez dut gogoan gorputzean horrenbesteko katarsia eragin didan bertsoaldirik. Orain eta hemen. Errepikaezina zen une oso berezi bat bizi izanaren sentipenarekin itzuli ginen etxera eta sentitutako dardararen oihartzunak luze iraun zigun. Demagun bertsoaldi hark balio izan ziola bizi osoko bertsozale klasiko bati nire aita izan zitekeenari bere alabarengana hurreratu eta bizitzan lehen aldiz pertsona transgenero eta pertsona transexual baten arteko ezberdintasuna zein den azaldu ziezaiola eskatzeko. Demagun bertsotan horrenbesteko samurtasunez erantzitako gorputz batek balio izan zuela kasu horretan alderantzizko bidea egin eta gorputzetik diskurtsora igarotzeko.

Denbora aldetik gertuago, martxoaren hamarrean izan zen bigarrena, Antiguoko Talde Feministak urtero legez mimoz antolatutako bertso-afarian. Gizon transgenero batekin aritu nintzen bertsotan lehen aldiz, (kontzienteki behintzat) lehen aldiz entzun nuen gizon transgenero bat bertsotan. Bakarkako ariketan gizon transgeneroa izanik bere aluaz oso harro zegoela kantatu zuen bertsolari bat. Orain eta hemen. Kantatutako fikzioa eta kantatzen ari denaren errealitatea, diskurtsoa eta gorputza bat eginda.

Esango nuke bertsoaren azken puntua errepikatu orduko berari besarkada bat emateko gogoa sentitu nuela, baina, arrazionalegiak garelako agian, barne bulkadari uko egin eta publikoko gainerakoek bezain indartsu eta luze txalotzera mugatu nuen neure burua edo mugatu ninduen neure buruak. Saioa bukatu ostean ere ez nuen sentitzen nuena azaltzeko adorerik izan eta «bakarkako ederra egin duzu!» lau bat bota nion zegokionari, beste edozein gairi buruz kantatu izan balu bezalaxe. Baliteke zalantzek eraginda saio osteko momentu horretarako jarrera egokia hautatu izana. Aitakeria zantzurik adierazteko inolako arriskurik hartu gabe, gizarteak naturaltzat dituen eraikuntzek sinbolikoki kolpatu izan duten gorputzetik horren modu «naturalean» sortutakoa naturaltasun osoz hartzea zegokidan niri ere.

Nahastuta egin nuen etxeranzko bidea. Aztoratuta eta nahastuta. Hala sentitzen naizenetan ohiko dudan moduan gau hartan gertatu zena eta zitzaidana noizbait idatzi egingo nuela erabaki nuen eta hara non amaitu dudan gorputz zati bat lerrootara ekartzen.

Horrelako une katartiko gehiago opa dizkiot bertsolaritzari. Bertsolariak entzun ditzagun ertzei buruz bertsotan, ertzetakoei begira eta ertzetakoen begiradatik. Eta, areago, entzun ditzagun ertzetakoak bertsotan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna