Lurraldetasuna II

2015eko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Aurrekoan, abenduaren 6an Hegoaldeko bi talde politiko nagusiek lurraldetasunari buruz plazaratutako proposamenen harira lerro batzuk idatzi nituen. Artikuluak zehaztapen gehiago behar zituelakoan, jarraipenari ekin diot abertzale mugimenduaren barnean birdefinizio garaian gaudela ematen baitu. Artikuluan nioen moduan, EAJk bere burua burujabetzaren aldeko prozesu guztietatik at kokatu duenez, independentzia ikusi nahi dugunon arteko hausnarketan jarraitzeko, zenbait ideia konpartitu nahi nituzke.

Egun hartan ere, EH Bilduren zuzendaritzaren izenean, Hasier Arraizek burujabetzaren prozesuan, lurraldeka, «hiru abiadura» egon litezkeela aurreratu zuen. Ez da ideia berria, izan ere, duela 14 bat urte Abertzaleen Batasuna eta gero Aralar, besteak bete, proposamen heterokronikoaren taktikaz mintzatu ziren. Guztiz berria da, berriz, Sortuko presidentearen ahotik proposamen hori entzutea.

Errepaso xumea

Antimilitarismoan aritu garenok harremana ukan dugu 80ko hamarkadatik Ipar Euskal Herriko Ezker Abertzalearekin. Ezkerreko abertzaletasuna Pirinioaren ipar isurialdean hasieratik oso askotarikoa izan da, eta bide oso originalak jorratu behar izan ditu. Agian euren ordezkaritza duela gutxi arte oso apala zelako, agian Europatik zetozen beste korronte ideologikoek eragin izan dutelako. Ezin ukatu Ipar Euskal Herrian Iparretarrak taldeak aukeratu zuen estrategiak ere eragin handia izan zuela ezkerreko abertzaletasunaren egituraketan, Hegoaldeko talde armatuarekiko alde handia baitzuen.

Eszenatiko horretan, Patxa, Oldartzen, Herriaren Alde; geroan, AB, Demoak... oso gertuko erreferentziatzat jotzen genituen batzuek. Beste talde askok uste zutenaren kontra, antimilitarismo abertzaletik, Ipar eta Hego Euskal Herrian estrategia bateratuak jorra zitezkeela uste genuen, eta hein batean, nahiko zuzen genbiltzala baieztatu zela uste dut, euskalgintzatik harago aldarrikapen politiko batzuk mugaren bi aldeetan batera lantzea bazegoela erakutsi baitzen.

Urteek aurrera egin ahala, Estatuek ezarritako mugaren bi aldeetako ezkerreko talde abertzaleen arteko harremana estutu ahal izan zen. Lizarra-Garazirekin batera, Udalbiltza eta hainbat ekimen berri. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako Ezker Abertzalea (AB, zein beste taldeak) garrantzi handiko eragile bilakatu zen.

Haize epelak bultzaturik, zenbait taldetan Euskal Herri osorako prozesu subiranista bakarra antola genezakeela pentsatu genuen. Baliteke Hegoaldeko abertzaleok dugun harrokeriak eragina izatea, baina zintzo ere aritu ginela pentsatzen genuen. Nolabait, Hegoaldeko indar-korrelazioa Iparraldeko egoera hobetzeko profitatu behar zela uste baikenuen, egoera okerragoan zeuden herrikideak laguntzeko beharra zegoela uste genuen-eta.

Laster, Iparraldeko eragile gehienek eragozpenak erakutsi zituzten, euskal bideak bertan bide ezberdinak jorratu beharko zituela deliberatu baitzuten. Estatuek mendeetan jarritako mugak indar handia du, Espainiak eta Frantziak gogor astindu dute euskal nortasuna, eta barneratzea kostatu bazitzaigun ere, azkenean askok desberdintasun hori egitea eraginkorra izango zela iruditu zitzaigun.

Nafarroa Garaia

Korapilatsuagoa da zalantzarik gabe Nafarroa Garaiko afera. Gure ikonografiaren erdigunea Nafarroa izanik, nekez ikus genezake/dezakegu Nafarroa Garaia mendebaldeko hiru herrialdeetatik bereizita. Zalantzarik gabe, gutariko askorentzat interesgarriagoa litzateke burujabetzaren aldeko prozesuaren abiapuntua Nafarroa Garaitik egitea, lurralde batasunera eramango gaituen prozesua, alegia.

Haatik, ziur aski Ipar Euskal Herriarekiko zegoen/dagoen antzeko egoeraz ari gara. Mendebaldeko hiru herrialdetako eskualdeetan bizi garenon ikuspuntutik gure abiapuntua hobea dela uste dugu eta horregatik ziur aski, zintzotasun osoz, Nafarroa Garaiko eskualdeetako euskal herritarrekin batera prozesu bakar batean aritzeko proposamena egiten dugunean, gako nagusi bati erantzuten diogula uste dugu: lurralde guztietako euskal herritarrok eskubide berberak eduki behar ditugu.

Alabaina, litekeena da oraingoan ere oker ibiltzea, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko indar-korrelazioa Nafarroa Garaikoa baino askoz hobea dela pentsatzen dugunean, eta hori geratzen da, batik bat, EAJ prozesu subiranista eta eraldaketa sozioekonomikoan bidaide izan daitekeela amesten badugu.

Paradoxa batean aritu behar gara independentistok, bi gako hauen artean dagoen paradoxan: ez baztertu inor; ez behartu inor. Hau da, euskal bidean euskal nazio subjetukide orok lehengo unetik baldintza berberetan parte hartzeko aukera bermatu behar da eta, bide batez, bide horrekin bat egin nahi ez duena errespetatzea. Paradoxa honetan modu eraginkorrez aritu ahal izatea errazagoa da pertsonez ari bagara soilik; zailagoa, berriz, lurraldeez mintzo bagara.

Irudimena

Euskal bidearen osagarriak originalak izan beharko dira. Beste lurraldeetan erabili diren metodoek ez dute, bere horretan, balio geurean. Sorkuntza kolektibotik jaiotzen den irudimenaren indarraz aurkitu ahal izango dugu, eta horretarako gure gorputz sozial osoa hausnartzen, eztabaidatzen eta ekintzan jarri behar dugu. Independentismoaren jarduna soilik politikari profesionalen esku uzten badugu, epe laburreko behar taktikoen araberako proposamenetara mugatuko da, berriz ere. Aldiz, gorputz sozial osoa lanean jartzen bada, gure benetako beharren araberako proposamen estrategikoak adostu ahal izango ditugu.

Estatuek ezarritako zatiketa administratiboaren araberako egindako prozesu heterokroniko hutsa ez da erakargarriena, eta litekeena da uste dugun baino emaitza eskasagoak ematea. Beste afera dugu zatiketa administratibo horretatik sortu diren menpeko erakundeetan aritzea: herritarren zenbait zerbitzu bermatzeko, baliabideak modu justuz eta gardentasunez erabiltzeko, egunerokotasunak dakarrenari erantzuteko... Lan horiek beste esparruko betebeharrak dira, egin beharrekoa, errealak, materialak, baina eraldaketara nekez eramango gaituen esparrua da. Arlo estrategikoa, ordea, euskal nazio subjektutik abiaturiko prozesua emankorragoa eta eraginkorragoa izango dela uste dut. Lurraldetasuna ulertzeko modu desberdinak izanik eta prozesu independentista prozesu konstituziogile gisa ulerturik, pertsonengandik hasita, udalerri eta eskualdeetan gorpuztuta eta eskualde guztietan ordezkaritza duen nazio erakunde batez dinamizatuta, Udalbiltza, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.