Tere Maldonado.

Erlijio ikasgaiaren iruzurra

2016ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Filosofia irakasle nabil ogibidez Bigarren Hezkuntzan duela urte asko. Gure irakasgaian munduari eta gizarteari buruzko ikuspuntu kritikoak garatzea dugu helburu, besteak beste; eta, horretarako, ezinbestekoa izaten da ikasgaien arteko loturak agerian uztea. Horregatik, sarri asko, Filosofia klasean beste ikasgaietan landu dituzten gaiak jorratzen ditugu (genetika dela, artea Errenazimentuan dela, mito klasikoak edo Shakespeareren idazlanak direla). Horri esker, diziplinen arteko loturaz ohartzen dira ikasleak, hezkuntza sisteman ezagutza ikasgaietan nahitaez bananduta egon arren.

Zenbaitetan, departamentuen arteko elkarlana lortzen dugu. Ni neu, behintzat, askotan ibili izan naiz beste ikasgaietako irakasleen atzetik, euren klaseetan eman dutenaren berrien bila, Biologian neurona eta sinapsiei buruz, edo Kultura Klasikoan Iliada-ri buruz zer ikusi duten jakiteko asmoz.

Salbuespen bakar eta deigarriarekin: sekula ez naiz ausartu Erlijio katolikoko irakaslearekin jarduten. Bai, niretzat, argi eta garbi dago erlijio irakasgaiak eskolatik kanpo egon behar duela, baina elkarlan-gabezia horrek nire partetik Erlijio irakaslearekiko ez dauka zerikusirik nire laikotasunaren aldeko militantziarekin. Zergatik ez diot, orduan, inoiz ezer galdetu Erlijio katolikoko irakasleari? Jarrera horren atzean irakasle horiekiko auzo-lotsa apur bat dago; nola galdetu zer landu duten jatorrizko bekatuari buruz edo mistikari buruz? Guztiok ez entzunarena egin arren, badakigu zer egiten duten Erlijio katolikoko orduetan.

Ohikoa da, oso, Erlijioak oro har eta, bereziki, kristautasuna agertzea Filosofia ikasgaian. Bada, hamar urtez edo gehiagoz Erlijio katolikoko iraskasgaian egondako ikasleek ez dakite ezer kristau planteamenduaz haragiaren eta sexualitatearen ikusmoldeari buruz, barkamenaz, erospen misterioaz, ogiaren eta ardoaren mirakuluaz, Paradisuko iraizpenaz, eta abarrez.

Klasean galdetuz gero zer ikasi duten Bio-n eboluzioari buruz, edoLite-n Barrokoari buruz, denetarik topatu ahal dugu: batzuek ez dute gauza handirik gogoratzen, beste batzuek, ordea, gehiago. Baina, modu berean, erlijio irakasgaian ikasi dutenaz galdetzean —Cain eta Abelen ahaide hiltzeaz edota lagun hurkoa maitatzeko aginte kristauaz — gehienetan erdi-barrezka hasten dira, txantxetan hartzen dute galdera, eta zera esaten dute: «Zer jakingo dugu, bada? Erlijio klasean ez da ezer egiten». Lotsagabekeria hain da handia, non zaila baita ulertzea zelan mantendu den egoera hau urtez urte, guztion aurrean eta guztion pasibotasunari esker. Aurrekoa gutxi balitz bezala, Heziberriren ezarpenarekin (LOMCEren bertsioa Euskadiko Autonomia Erkidegoan) Batxilergoan Erlijio ikasgaia lau ordukoa bihurtu dute ikasturte honetan, eta, aldiz, beste aukerako batzuk, Antropologia edo Psikologia, desagerrarazi dituzte.

Lerro hauek irakurtzean, baliteke baten batek pentsatzea Erlijio katolikoko irakasle batzuek betetzen dutela curriculuma eta, beraz, nire salaketa hau bidegabea dela; baina iritzi hori oinarri gabekoa da; izan ere, argi gera dadila, ez nago kasu horietaz hitz egiten, baldin badaude, eta ez dut ukatzen egon daitezkeenik. Baina ikastetxe askotan (ez dakit guztietan, badakit gehiegietan) ageriko sekretua da Erlijio eskoletan pelikulak bata bestearen atzean ikusten direla (Torrente el brazo tonto de la ley bezalakoak barne), eta, askotan, inolako hausnarketarik egin gabe. Hezkuntza komunitatean jende guztia jakitun dago: ikasleak, irakasleak, zuzendaritzak, ikuskariak eta hezkuntza saileko arduradunak.

Atzeko ate baten moduko bihurtu da aspalditik Erlijo katolikoko ikasgaia; horren bidez, apezpikuek izendatu dituzten irakasleek gainontzeko irakasleen gainetik pasatzeko aukera ezin hobea topatu dute lanpostu bat eskuratzeko. Horietako askok ez dute inolako asmorik Erlijio katolikoaren curriculuma betetzeko, nahiz eta horretarako kontratatu dituzten. Reli beste ikasgaien moduko ikasgaia delako ustea fikzio hutsa da, eta ezin dugu iraunarazi egun bat gehiago ere. Itxura mantentzeko ikasgai normala balitz bezala tratatu arren, guztiok jakin badakigu iruzur hutsa dela. Zer gertatuko litzateke gainontzeko irakasleok modu berean jokatuko bagenu, gure programa alde batera utzita, pelikulak eten gabe ikusteko eta ikasle guztiei nota izugarri altuak ipiniz? Urteak daramatzagu horrela.

Kalitatezko eskola publikoa eta laikoa defendatzen dugunok gure borrokari eutsiko diogu, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu Erlijio irakasgai konfesionala curriculumetik ateratzeko. Baina, mesedez, zoritxarrez bertan dagoen bitartean, ikas dezaten zertxobait, Jainkoarren!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.