Paul Bilbao Sarria.

#2dEmanEuskarari

2016ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Iluntasuna. Iluntasunean zokoratu nahi izan ditu urteetan Nafarroako Gobernuak euskaraz bizi nahi izan duten herritarrak. Iluntasuna, hoztasuna, goibeltasuna... Bere esku izan duen guztia baliatu du gizartearen zati bat ikusgabea izan dadin, babesik gabe egon dadin; finean, desager dadin.

Araudi murriztailea abiarazi zuten 1986an, herritarren artean bereizkeria eraginez. Hori nahikoa ez, eta 2000. urtetik aurrera egoera are ilunagoa izan zedin urrats berriak egin zituen, hain zuzen ere, euskara administrazio publikotik desagerrarazten zuten Dekretuak abian jarriz, edota herritarren eskubideak berma zitzaketen langileei ateak itxiz, bai eta euskaldunon eskubideen urraketa sistematikoa ahalbidetuz ere.

Iluntasun hori elikatu zuen Gobernuak Nafarroako Administrazioa euskalduntzeko plangintza abiatu gabe. Izan ere, plangintza bai izan zuen Gobernuak, baina iluntasuna are ilunagoa izan zedin. Eta, noski, aurrekontuetan, urtez urte, gero eta baliabide gutxiago esleitzen zizkien argiak pizten zituzten eragile horiei guztiei.

Are gehiago, Gobernuan egon gabe ere, orduko inertziek argiak itzaltzeko joera obsesioa zela agerian utzi dute: Baztango Udalaren euskara plana baliogabetu izana, Iruñeko haur eskolen afera, ETBren emisioak etetea... Dena dela, iluntasunera kondenatu nahi arren, argitasuna beti egon izan da euskaraz bizi nahi duten herritarren artean. Argiak piztu dira argirik gabe uzteko bokazioa zuen Gobernuari aurre eginez. Euskaraz bizitzeko nahiak belaunaldi berriak euskalduntzen jarraitu du, helduak euskaldundu izan ditu urtez urte, euskarazko hedabideak sortzen eta hedatzen jarraitu du, euskarazko kultura guztion eskura jarri izan du eta abar luzea. Hartara, saiakera handiak eta eskura zuen guztia egin arren, euskaraz bizitzeko nahia goibeltasuna argituz joan da. Euskaraz bizitzeko nahiari esker ezarri nahi izan zitzaigun iluntasun horretan argi-izpiak egon dira, eta horri esker lortu da euskarak egun duen bizi-indarra.

Gogoan dut iazko apirilaren 25ean Anaitasuna kiroldegian milaka argi piztu genuen unea. Irudi zirraragarria milaka herritarrek, beste behin, euskaraz bizitzeko nahia halako determinazioz erakusten zutela ikustea. Izan ere, aldaketaren bueltan geunden iaz garai honetan. Erregimenarekin amaitu eta bestelako Nafarroa bat eraikitzeko aukerak egitate bihurtu ziren, eta, nola ez, aldaketa horrek euskararen berreskurapen prozesuari energia emango zion.

Handik hilabetera amets hori errealitate bihurtu, eta aldaketarako ateak zabaldu zirela ikustean, urteotan piztutako argi guztiek are indar handiagorekin argituko zuten konbentzimendua izan genuen.

Eta, bai. Argi-izpi batzuk sortu dira azken hilabeteotan, baina horren iluntasun sakona argitzeko energia gehiago behar da. Biziki kezkatu gintuen herritarren eskubideak bizi diren herriaren arabera aitortzen dituen legea desadostasun bihurtzea. Herritar askori oinarrizko eskubideak aitortzen ez dizkion lege bat baliogabetzeak izan behar zuen aldaketaren lehen urratsetakoa, hain zuzen ere, araudi horrek sortzen duelako egun Nafarroan dagoen itzalik zabalena. Eta, aldaketatik urte bat joan bazaigu ere, lege maltzur horren eraginez abian jarritako araudi are murriztaileek ere baliogabetu gabe jarraitzen dute, eta bada garaia corpus juridikotik argi-izpiak izateko. Nafarroako herritar guztiak berdintasunean hartuko baditugu, ez du balio batzuk are inguru ilunago batean bizitzera behartzea. Oreka sozialaren aldeko urrats gisa ulertu behar dugu, beraz, aldaketa.

Bestalde, aurreko Gobernua argiak itzaltzen saiatu zen hainbat proiektu eta asmori energia guztia mozten; baina ez zuen lortu. Baliabideetan ere argi-izpiak sartu dira aurten, baina iluntasunetik ateratzeko energia gehiago behar da, eta, beraz, eremu horretan ere aldaketak behar dira.

Bihar argia sortzen jarraitzen dugula erakutsiko dugu. Halere, hori ez da nahikoa. Euskaraz bizitzeko nahiak sortutako argiak are energia gehiago behar duela aldarrikatu nahi dugu, eta Nafarroa iluntasunetik ateratzeko guztiok batera, norabide berean jokatu beharra azpimarratuko dugu. Urte asko, urte gehiegi izan dira iluntasunaren itzalpean, eta egun ditugun aukerak baliatu behar ditugu argitasuna ahalik eta handiena izateko. Euskarari bide emanez lortuko dugu argitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.