Jone Miren Hernandez Garcia.

Lurrekoa

2017ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Baigorritik Barakaldora. Tartean bihurgune, biribilgune, autopista eta eskualde-errepide anitz. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak antolatutako ibilbidea dugu hau; bestela, ziurrenik, egingo ez genukeen bidaia.

Aitzakia ederra geografia eta errealitate ezberdinak zeharkatu, ezagutu eta barneratzeko. Aurtengoa zazpi lurraldetara ireki da eta bere erakargarritasun nagusienetariko bat sendotu du. Paralelismoak ikusten ditut hain errotuak dauden beste ekimen batzuekin. Korrikarekin esate baterako. Zer izango litzateke Korrika bere izaera ibiltaririk gabe? Era pausatuago batean, baina Txapelketak ere geografia du jomuga eta ibilera horretan testuinguru, zein paseatzaile ezberdinekin loturak sortzen dira, harreman eta memoria partekatuak. Eta ikuskizuna amaituta ere, horiek hor diraute.

Baina Txapelketa ez da bakarrik espazioan zehar mugitzen. Denboran zehar ere lekualdatzen da. Txapeldunak, txapela mantentzen du buruan lau urtez, baina txapel bakoitzak aurrekoari ere egiten dio erreferentzia. Txapelketa bere txapeldunen zerrenda da eta hamarkadetan zehar bildutako bertsoak, doinuak, errimak, potoak, txaloak... Txapelketa bakoitza ez da hutsetik abiatzen, pilatutako kapital bat du eta hori bertsozaleen bizipenetan ederki islatzen da. Horregatik, aurtengoa ematen ari dena eta oraindik emango duena episodio bat baino ez litzateke izango. Ekarpenaren tamainaz hitz egiteko, aurreko txapelketekin solasaldian jartzea garrantzitsua iruditzen zait.

Azken hiru edizioak jarraitzeko aukera izan dut. Aurten sarritan izan dudan inpresioa da, 2017 honetan sumatzen ari naizena, aurreko bietan hautemandakoarekin lotzen badut bakarrik duela zentzua. Txapelketak historia bat du, eta istorio bat da.

Eta zer kontatzen digu aurtengo Txapelketak? Luze joko luke erantzunak. Horregatik, bi alderdi bakarrik nabarmenduko ditut: bizitza eta aniztasuna.

Bizitza. Hau diot, Txapelketan entzundako bertsoak bizitzarekin inoiz baino lotuagoak ikusten ditudalako. Oso lurreratuta, gaiak lurreratu direlako eta bertsolariek erronka horri eutsi diotelako. Saioetan gaiak entzuten ditudanean gai-jartzaileen ahotan, eta aurreko astean arrandegian nire txanda iristeko tartean entzundako esanak, lantokian lankide batek partekatutako kezkak, autobusean ondoan ditudan bidaiarien arteko solasaldiak... etortzen zaizkit gogora.

Imajinatzen dut ez dela erraza izan behar egunerokoan sortzen diren egoera txiki, xume eta bizi horiei kantatzea. Plaza arruntetan errazagoa izan daiteke, baina, txapelketan? 1935ean lehenengo txapelketa garaikidea egin zen. Basarrik jantzi zuen txapela hura. Hortik aurrera Txapelketa dela medio— hitzaren erritualizazio prozesu bati ekin zitzaion. Errituek ondorioztatzen duten guztiarekin.

Berez errituak, erlijio edo mito kultural bati daude lotuak eta zeremonia oso formalak, solemneak eta arautuak dakartzate. Bertan tradizioa, identitatea, boterea agertzen zaizkigu nahastuta, eszenaratuta. Bertsolari Txapelketak hitzaren (euskararen) erritualizazioan paper protagonista izan du. Horrela, 1935etik (frankismoaren etena tartean) aldiro-aldiro euskararen inguruko mitoa elikatu dugu, euskaldun eta euskaradun bezala beharra izan dugulako, eta dugu oraindik, gure hizkuntzari, gure kulturari, geure buruari kontatzeko eta kantatzeko. Zein garen eta zer garen gogorarazteko beharra dugu. Arnastu, elikatu eta istorioak entzun, horiek funtsezko betebehar ditugu gizakiok, toki eta kultura guztietan. Inguruan ume txikiak dituenak ondo daki horiek berdin-berdin disfrutatzen dutela gaileta bat janda edo ipuin bat entzunda.

Lehenengo Txapelketa asmatu zutenek geure buruari kontatu beharreko istorio horiek euskaraz izatea nahi zuten, identitatean errotzeko modu eraginkorrena zelakoan. Euskara azala izatetik odola izatera pasatuz: Odolaren mintzoa. Eta hizkuntzak euskaldunen identitatean txertatzen asmatu zuelako bertsolaritzak aurrera egin zuen, bertsolariak eta bertsozaleen artean ehuntzen den sarea tinko eutsiz. Bertsolaria herriaren ahotsa izan da, gizartearen bozgorailua... baina, batez ere, mitoaren elikatzaile eta (hitzaren) errituan apaiz. Eta euskaraz entzun nahi genituen istorioak elikatzeko behar genituen historiak irudikatu eta sortu ditugu, bertsolariak eta publikoak, elkarlanean. Garai bakoitzean garaikoak.

Aniztasuna. Garaikoa da. Hemen dago. Eztanda egin dute munduak eta aukerek, kezkek, leloek, identitateek... gainera erori zaizkigu, besteak beste, teknologia berriak, komunikazio moduak eta mugikortasunaren azkartasuna direla eta. Agendak inoiz baino beteagoak ditugu. Gaiak zein kezkak, biderkatu egin dira, antza.

Gizarte bezala berrasmatzen ari garen honetan, hor dira bertsolariak, (gure) betiko bidelagun, bertsolari gisa ere, berrasmatu beharrean. Garai bateko epika, egun, berrasmatze lan neketsu, gogor zein erakargarri horretan dagoela uste dut. Inoiz baino lurrekoagoa den bertsolaritza emozioak eztandarazteko gai dela erakusten ari da. Beste behin ere, bertsolaritza hordagoari erantzutekotan dago. Ezinbestean!, esango dute batzuek. Amildegiaren ertzean bizirik irautea da erronka. Bertsolaritzaren betiko historia, ohiko istorioa.

Irungo saio gogoangarri horretan, kazetari atzerritar bat izan nuen ondoan. Une batean, egungo bertsolaritzan politikak zein pisu duen galdetu zidan. «Bueno esan nion, politikaz zer ulertzen dugun, horren arabera...». Bere aurpegian erreparatuta, erantzuna ez zuela ulertzen iruditu zitzaidan. Orduan, pertsonala (ere) politikoa dela gaineratu nuen, feminismoaren lelo ezagunari erreferentzia eginez. Bizitza, egunerokoa... politikoa da.

Lur mailako txapelketa dugu aurtengoa, eta azaroaren amaiera honetan bertsoaren bila jarraitzen dugu, geure buruari kontatu eta kantatu nahi diogun bertsoaren bila...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.