Izenak izana dakar

2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Ezker eta eskuin terminoen sorrera Frantzian kokatzen dute historialariek. Data zehatza zalantzan jarri bada ere, adituek 1789ko Frantziar Iraultzaren Asanblada Nazional Konstitugileari egiten diote erreferentzia kontzeptuaren jatorri historikoa azaltzeko. Badirudi, urte horretako udazkenean, sortze prozesuan zegoen konstituzio berriaren inguruko eztabaida izan zela; zehazki, errege agintaritzaren erabakitze gaitasuna, betoa onartzea edo ez, alegia. Proposamenaren alde zeuden diputatuek, hots, monarkaren botere absolutua mantentzearen alde zeudenak, asanbladako presidentearen eskumaldean kokatu ziren; kontra zeudenak, aldiz, hau da, subiranotasun nazionala errege boterearen gainetik egon behar zela argudiatzen zutenak, ezkerraldean kokatu ziren. Horrela, ordutik gaur egun arte, eskuma beti tradizioarekin lotzeko joera eduki dugu, eta ezkerra, ostera, aldaketa soziopolitikoarekin.

Kontzeptuak asanbladako kokalekuarekin zerikusia badauka ere, zatiketa honek bi portaera politiko irudikatu ditu, kontrajarriak askotan. Perspektiba historiko batetik eta maila orokorrean, pentsamendu politikoa bi molde ideologiko handitan banatu daiteke: aurrerakoia, ezkerra; eta kontserbadorea, eskuma. Norberto Bobbio politologoak berdintasun ereduan oinarritzen du bereizketa hau; izan ere, autore horren aburuz, berdintasunaren inguruko joera kontrajarriak eskuin eta ezker doktrinak desberdintzen ditu. Ezkerrak berdintasunean sustraitzen den gizarte eraikuntzan sinisten du, eta eskumak, berriz, ideia horren aurkako jarrera dauka. Bobbiorentzat ezkerrak gizakiak berdintzen gaituena nabarmentzeko joera dauka, eta eskuinak, aldiz, desberdintzen gaituen hori azpimarratzeko joera.

Baina kontzeptu hauen sorterrian, Frantzian gaur egun, bereizketa honek suposatzen duen aurkakotasun maila ez dute aintzat hartzen. Behintzat, hori da Observatoire de la Democratie-k egindako ikerketa batek adierazi duena. Frantziarren %75ek ezker eta eskuman kokatzen diren alderdien arteko lankidetza positibotzat jotzen du. Tokiko eta lurraldeko erabakiak hartu behar direnean ehunekoa 78ra arte heltzen da. Ez da harritzekoa, beraz, iritzi publikoak bat egitea gaur egun Frantziako presidentea den Macronen planteamenduekin. Macron Hollande sozialistaren eskutik heldu zen Eliseora eta Manuel Valls-en gobernuaren ekonomia ministroa izan zen. Garai horretakoak dira haren «ezker eta eskumakoa naiz» adierazpenak. Ez zen kontzeptuetatik aldentzen, ezker eta eskumakoa aldi berean izatea aldarrikatzen baitzuen, ideologien batuketa, hain zuzen ere. Haren ustez, dogmen garaia alde batera utzi behar da, eta erabakiak, ideologien betaurrekoen bitartez hartu bainoago, nahimen orokorraren bidez hartu behar dira; izan ere, erabaki progresistak har daitezke kontserbadoreen sostenguarekin eta, alderantziz, erabaki kontserbadoreak progresisten sostenguarekin.

Ikuspegi hau lantzeko La République en marche..! (LREM) alderdia sortu zuen, «ez eskuineko, ezta ezkerreko ere» den programa bat proposatuz eta arrakastatsua izan zen, gaur egun Frantziako presidentea baita. Horrela, errealitateak herrialde horretan egin diren hainbat ikerketa soziologikorekin bat egin du. Azterketa horien arabera, frantziarrak ezkerraren eta eskuinaren arteko zatiketa tradizionalez nekatuta eta nazkatuta daude, eta alternatiba berriak aldarrikatzen dituzte.

Ezin dezakegu esan joera hau mundu mailan orokortu egin denik, baina Donal Trumpen lehendakaritza fenomeno honen baitan kokatu dezakegu. Finean, alderdi politiko eta aktore politiko tradizionalekiko herritarren mesfidantzarekin du zerikusia eta portaera hau gero eta nabarmenagoa izaten ari da. Gurera etorrita, gai honen inguruan itauntzen duen azken Euskal Soziometroaren (2016ko uztaila) datuak oso esanguratsuak dira. Hiritarren instituzioekiko konfiantza maila neurtzen duen zerrendan, azkeneko postuan bankuak agertzen dira %16rekin; eta azken aurreko postuan, berriz, alderdi politikoak, hamar biztanletatik soilik ia bik (%17k) baitute konfiantza eurengan. Eta «alderdi politiko batetik hurbil sentitzen zara?» galdetzean, «batere hurbil ez» %51ek erantzuten du, «ez oso hurbil» %15ek eta «apur bat» beste %15ek. Hamar biztanletik ia 8k alderdi politiko batetik urrun kokatzen dute euren burua.

Errealitate horren aurrean, eskuma eta ezkerraren esanahi ideologikoaren zentzua galtzen ari da? Bobbio berriz ere aipatuz, ezkerra eta eskuma bereizketaren gaurkotasuna azpimarratu beharko litzatekeela uste dut. Bai ohiko hizkuntzan, baita diskurtso politikoan ere hitz hauek erabiltzen jarraitzen badugu «kutxa hutsak ez direla» frogatzen da, hots, eduki batekin egituratuta daudela, esanahi bat daukatela gure gizartean.

Izena duen guztia omen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.