Nork abesten dio nazio estatuari?

2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Butler-en eta Spivak-en arteko solasaldi bat argitaratu zen 2007an Who Sings the Nation-State? izenpean. Liburuaren pizgarria: AEBetako ereserkiaren espainierazko bertsioa, The Star-Spangled Banner delakoa Nuestro Himno bihurtuta. 2006an izan zen, Los Angelesen. Himnoa migrazio ilegala delitua izatearen kontrako manifestazio nazional bat egin baino egun batzuk lehenago agertu zen eta, noski, manifestazioan hispano ilegalek harro abestu zuten. Eskubiderik ukatzen zien nazio estatuaren kide izateko irrikaren adierazgarri izan omen zen gertaera hura. Errepublikano eta antzekoek, Bush buru zutela, ereserkia eurena zela, ingelesez abestu behar zela, edo keinu iraingarria zela esan zuten. Estatua norena den, nazio kide eskubideduna nor den, horra kontua. Trumpen aroan argi dago, jabeek ingeles garbian mintzo den zakil zuri kristaua dute.

Baina izenburuko galderak badu beste ertzik. Garai hartan, nazioaren ateak itxita zituztenek nuestro Himnoa abestu zuten hartan, nazio-estatuen bukaeraz edo nazioaren hondarrez edo estatuen ezintasunaz hitz egiten zen. Harrezkero ikusi dugu nola kapital globalizatuek euren zerbitzupean hartu dituzten nazio estatuak, nola estatu botere indarberrituetatik den-dena kontrolatu eta pribatizatu nahi duten, eta nola hartarako populazioak xaxatu eta kitzikatu egin dituzten, zerekin eta nazioarekin. Nazio estatuak ez ziren joan eta, hala ere, haien bueltan bizi omen gara. Itzulera harroputza, oldarkorra, matxoa izaten ari da. Ez da gertaera unibertsala: hainbat tokitan mundu ordena berriak ez du estatuen beharrik izan, beste banda kriminal batzuekin josi ditu aliantzak. Unibertsala da joko politiko publiko eta bizitza komunaren aurkako gerra; gure mundu bazter honetan nazio ereserkiaren doinu eta letraz egiten ari den gerra.

Batzuek diote estatu nazionalismo populisten gorakada globalizazio neoliberalaren aurkako erreakzioa dela, antiglobalizazio nostalgiko bat dela. Hala izan daiteke estatu babesa eta jabetza galdu dutela sentitzen duten masa nazionalizatuen kasuan. Ez da, inolaz ere, nazionalismo hori hauspotuz estatuak zentralizatu, gogortu eta jabetu nahi dituzten oligarkien kasuan.

Bertoko gezurtegi politikoetan estatuaren birzentralizazioa dugu hizpide. Begi bistakoa da, baina nago txarto ulertzen ari garela, nago ez dela espainiar nazionalismo zaharminduaren berezko loraldia, nago mundu mailako tentsioen ondorioa dela eta nago bere muina kapitalen berrantolaketa estrategikoa dela. Izan, nazioak orain duen eginkizuna eta modernitatean izan zuena oso parekoak dira: orduan, estatuaren botere kontzentrazioa legitimatzeaz gain, barne merkatuak sortzeko, antolatzeko eta kontrolatzeko erabili zuten nazioaren lilura; orain, mundu merkatuak sortu, antolatu eta kontrolatzeko darabilte. Feudalismo berria estatu zentralizatu eta gogorren eskutik dator, eta ez inperio hautsien gainbeheratik. Marxek behinola esan antzera, orain estatuak kapitalismo neoliberaleko mundu burgesiaren interes komunen kudeatzaileak dira, eta nazionalismoa, berriro ere, estatu neoliberalak eta euren proiektua legitimatzeko fantasia.

Ez ote gabiltza itsuka estatuen zentralizazio eta homogeneizazio nazionalista lehengo nazionalismo zaharrari egozten dizkiogunean? Estatu nazionalismoen olatu berri eta gorakorra mundu tentsioetan ulertu behar dugu. Hala ulertu dut nik Ciudadanosen protagonismoa Katalunian, neoliberalismo eta tabarnismoaren artikulazioa guztiz da berezkoa. Hala ulertu dut nik daniar irakasle espainiarzalearen tiriki-tauki humanista liberala. Zuzen ibili zen salaketan: mugimendu independentistak arrisku larria dira Europarentzat. Ziniko edo ergela izan behar da ez ikusteko Europa, estatu neoliberalen kluba, oligarkien afera kudeatzeko bulegoa dela. Jakin badakite herri mugimendu independentistak mezu arriskutsu bat ari direla zabaltzen masa neoliberalizatuen artean: agian, beharbada, bestelako estatu bat posible dela oraindik, agian, beharbada, herri burujabetza guztiz itoko ez duen estatu bat posiblea dela. Eta bidean, nazio estatu errealen kontra arituz, herriak beregaina izateko aukerak eta uneak dituela.

Oso ahula izanagatik ere, nik esango nuke hemen eta orain nazio estatuen aurkako borroka dela komun berriak sortzeko masa biderik argiena. Ahuldadearen iturri nabaria begitantzen zait ez ulertzea independentismoak ez duela aurrean espainiar estatua soilik, ezta espainiar edo frantziar nazionalismoak ere, aurrean estatu neoliberalen elkar sostenguko sareak dituela. Eta sare horien parean, munduan beste blokerik ez den artean, herri burujabetzaren aldeko mugimenduek aliantza bakarra osatu beharko lukete. Independentziak herri burujabetzaren aldeko mugimenduen interdependentzia behar du ezinbestez. Abestuko al dute elkarrekin nazio estatuen aurka?

Bitartean, Marta Sanchezek abesten dion nazio estatuari, migratzaile arrotzen eta espainiar subditu desleialen kastigu eta kondenarako. Serio hartu beharko genuke nacer, honrar eta resistir, orgullo, amor eta honor, Grande EspaƱa eta Dios josten dituen ereserkia. Areago abestia tentuz aditzen badugu: itzuli egin dena muturreko estatu nazionalismoa da, eta abestiak dioen moduan, barkamenik eskatu gabe, bazter guztietara eramango ditu espainiar eguzkia eta handitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.