Planto egin

2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herrian, martxoaren 8an, milaka emakumek Mugimendu Feministak deituta lan greba, zaintza greba, ikasle greba eta kontsumo greba deialdiari babesa eman genion eta Emakumeok Planto lelo pean kalera atera ginen. Gizarte matxista eta heteropatriarkalari aurre egiteko prest gaudela ozen eta argi erakutsi genuen munduko hamaika tokitan egindako manifestazioetan. Fenomenoa globala izan zen, nazioarteko aldarrikapena, herrialde desberdinetan eta modu desberdinetan egina.

Mugimendu Feministak berriz ere, milioika emakumek partekatzen duten borroka komuna adierazteko aniztasuna erakutsi zuen. Mundua gelditzen zen bitartean nazioarteko feministen sareak dantzan ipini ziren Kurdistanetik Australiara eta Europatik Latinoamerikara. Kontuan hartu 170 herrialde baino gehiagotan, patriarkatuan eta kapitalismoan egituratzen den sistema globalari planto egiteko mobilizazioak egin zirela.

Gertaera historiko hori emakumeok sistemari planto egiteko daukagun indarra eta gaitasunaren erakuslea da. Adibidetzat jo izan da sarritan, Estatu Batuetako Eskubide Zibilen Aldeko Mugimenduko aktibista batek, Rosa Parks afroamerikarrak egindakoa. AEBetako hegoaldeko legeak desobedituz, uko egin zion autobusaren atzealdean esertzeari eta bere eserlekua ez zion gizonezko zuri bati utzi. Honen ondorioz preso hartu zuten eta ekintza honek segregazioaren aurkako protestak piztu eta bultzatu zituen. Beltzez jantzitako emakumeak ere aipa ditzakegu. 1988an, Israelen okupazioa salatzeko sortutako emakume judutar taldea. Gaur egun nazioarteko mugimendu bat da, sistema patriarkalean patriarkalena den kontzeptuari aurre egiten dion mugimendua bilakatuz, gerraren aurkako mugimendua, hain zuzen. Guda eta politika militaristekin bukatzeko lan egiten duten mugimendu hauekin batera, bestelako adibide asko aipa ditzakegu. Finean bere plantoarekin ekintza kolektiboan eragiten eta astintzen duten emakume taldeak dira, sistema kapitalista eta patriarkal honek ezartzen dituen diskriminazio egoerei planto egiten dietenak eta bestelako gizarte parekideagoa eta justuagoa sortzeko ametsa jorratzen dutenak.

Borroka honetan erreferente bat Marielle Franco, ekintzaile feminista brasildarra izan da. Giza eskubideen aldeko politikari honek hasieratik planto egin zion sistemak atxikitzen zion paperari eta injustiziei. Emakumea, beltza eta txiroa jaio zen, Rio de Janeiroko fabela gune handiena eta bortitzenetakoa den Maré fabelan, alegia. Poliziaren arrazismoa, matxismoa eta indarkeriaren aurka borrokatzen zuen eta PSOL Sozialismoa eta Askatasuna alderdiko zinegotzia zen 2016tik Rio de Janeiron. Gazte emakumezko beltzak: egiturak mugitzen izena zuen ekitaldi afrofeminista batetik bueltan, martxoaren 14ean, autoan zihoala, tiroz hil zuten. Hilketako lekuko bat, tiroz hilda agertu da aste honetan. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak adierazi zuen moduan «Sistema heteropatriarkal, arrazista, klasista eta kolonial honetan eroso daudenak ez dituzte Marielle Francorenak bezalako ahotsak entzun nahi».

Baina entzun behar dituzte, halako emakume asko daudelako munduan. Bolivian adibidez neskametik justizia ministroa izatera pasatu zen aktibista izan da eredu honen adibide. Casimira Rodriguez Romero indigena eta txiroa jaio zen eta 13 urterekin bere komunitate indigena utzi eta hirira, Cochabambara, joan zen zerbitzari lana egitera. Hasieran janari eta ohe baten truke lan egin zuen, ia esklabotasun baldintzetan. Zortzi urte ondoren, emakume quechua honek etxe-langileen sindikatua sortu zuen eta Boliviako Neskameen Federazio Nazionalaren liderra izan zen, baita Latinoamerikako Neskameen Konfederazioaren burukidea ere. Beti diskriminazioaren kontra eta etxe-langileen lan baldintzak hobetzeko borrokan aritu zen. Horrela, sektore honen lan ordutegia arautzeko legea aurrera ateratzea lortu zuen, eta indemnizazioa eta gabonsaria jasotzeko eskubideak bermatu. Batxilergoa nagusientzako gaueko eskola batean bukatu ondoren eta antropologiako ikasketak egiten ari zela, Evo Moralesek Justizia Ministro izendatu zuen. Abokatu titulu barik, Boliviako gobernuan egondako lehen emakume nekazari quechua izan zen, berez sistema kapitalistak eta patriarkalak egokitutako diskriminazio egoerari planto eginez. Gaur egun, emakumeen eskubideen alde borrokatzen jarraitzen du.

Borroka feministarekin zerikusirik ez badu ere, ezin dut artikulu hau bukatu Euskal Herrian planto egin duen andra baten izena aipatu gabe. Oraingoan ustelkeria eta lapurreta politikoari aurre egin dion emakume bat da. Ainhoa Alberdi. Bere salaketarik gabe ez litzateke De Miguel makro-auzirik egongo. 26 lagun epaitzen ari dira Arabako Probintzia Auzitegian, EAJko hogei kargudun ohi. Horien artean, Alfredo De Miguel ABB Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioetarako diputatu ohia, Aitor Telleria ABBko kide ohia eta Koldo Otxandiano ABBko kide ohi eta Arabako Ongizate Institutuko zuzendari izandakoa. Emakume honek Arabako Foru Aldundiko bulego batetik xantaia egiten ari zitzaizkiola salatu zuen, zehazki, EAJko De Miguelek eta Telleriak 100.000 euroko komisioa eskatu ziotela Arabako Miñao Teknologia Parkearen hedapena kudeatzeko Urbanorma izeneko enpresa bati emandako kontratu batengatik.

Ainhoa Alberdik azaldutakoaren arabera De Miguelek berak aldundian zuen helbide elektroniko ofizialetik igorri zion xantaia mezua eta haien «lasaitasuna» eta «arinkeria» ikusita hura ohiko jarduera zela pentsatu zuen. Bederatzi urte pasatu dira salaketa ipini zuenetik eta adierazi duenez «presio» eta «mendekuak» jaso ditu. Administrazioarekin beste kontratu publikorik lortzea ezinezkoa izan zaio, eta gainera, indarrean zegoen beste kontratu bat bertan behera utzi zioten «azalpenik eman gabe». Guzti honek kostu pertsonal izugarria sortu dio, depresioa eta antsietatea duela adierazi baitu. Ustelkeriaren aurkako Adi! elkarteak bere babesa eskaini badio ere, emakume honek planto egiteko eduki duen ausardiak euskal gizartearen aitortza merezi du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.