Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Matxinada delitua

2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Sen onari jarraikiz, Puigdemont kasua inoiz ez zen bide juridiko-penaletik eraman behar. Zoritxarrez, horra eraman dute, eta egoera ankertu egin da, 155. artikuluaren esku-hartzea ia bigarren mailan geratzeraino. Eskatzen diren zigor penalak kontuan harturik eta Puigdemont Alemanian atxilotua izan ondoren, indarkeria gako bilakatzen ari da. Indarkeria, ordea, ez da mundu juridikoaren kontzeptu esklusiboa eta modu askotara interpreta daiteke. Baina delitu-zati bat denean mundu juridikoan sartzen gara, eta zuzenbide penalaz ari bagara, «indarkeriak» oso esanahi zehatza eduki dezake, argitzea komeni dena.

Indarkeria kontzeptua, zuzenbide penalean, «zatitan» mozten dugu, izan ere, kontzeptu horren barruan gauza oso desberdinak kabitzen dira. Pentsa dezagun, esaterako, lapurretan. Indarkeriarik ez badago horri deitzen diogu ebasketa eta zigor arinarekin debekatzen da. Besteen ondare-zatiak, ordea, indarkeriaz hartzen badira, orduan lapurreta dugu eta zigorra handiagoa da. Baina hor ez da kontua bukatzen. Lapurreta barruan mailak daude: gauzetan indarra (indarkeria mota zabal bat dena) besterik ez badago (adibidez, gauza bat hartzeko leiho bat apurtzen badugu lehenago) zigorra baxua izan daiteke, benetan larria den lapurretarekin konparatuta: alegia, pertsonenganako indarkeria fisiko edota larderia (hots: pertsonenganako izua, intimidazioa) dagoen lapurretarekin. Azken honetan zigorrak askoz handiagoak dira. Aipatutako delitu horietan, guztietan, ondasun juridiko berbera babesten da: ondarea. Baina erasoa gauzatzeko eraren arabera, zigorra eta delituaren zentzua erabat alda daitezke. Deskuideroak, esaterako, aukeraz baliatzen dena karterak hartzeko, ez du zerikusirik labana bat lepoan jartzen dizun gaizkilearekin edota dirua hartzeko zuzenean jo egiten dizunarekin: horren irudi historikoa bide-lapurrarena dugu, indarkeriari zentzu hertsian ekiteko prest dagoena. Azken honek bai zigor handiak merezi dituela. Hortaz indarkeria asko egon daitezke, eta larriena fisikoa dugu.

Ekin diezaiogun orain matxinada delituari. Teknikoki delitu mota honi penalistok asaldatzea deitzen diogu, matxinadaren mailarik gorena, larriena, dakarrena, horren bigarren mailan albaramendua (sedizioa), «asaldatze arina» ere deitua, gertatuko delarik.

Zigor kodearen 472. artikuluaren arabera asaldatzea zera da: jendeaurrean indarkeria erabiliz altxatzea, helburu jakin batzuekin (horien artean, nazio-lurraldearen zati batean independentzia aldarrikatzea). Konstituzio delituen aurka Kodean deskribatzen den lehenengo jarduera da, horrek duen larritasunaren adierazgarri.

Delitu honen zigorrari begiratzea besterik ez dago (30 urte artekoa), indarkeria kasu honetan modu zabalean interpretu ezin dela ondorioztatzeko, lapurretan ikusi dugun bezala, indarkeria-mailarik gorena halabeharrez eskatuko delarik.

Aipatu lehenengo argudioz gain, asaldatzea ez da indarkeria, baizik eta indarkeriaz «altxatzea» jende aurrean. Historikoki, armada, militarrak, izan dira altxatu direnak eta horietan pentsatzen egin zen delitu honen deskribapena legegileen aldetik. Armada baten kasuan «larderia», indarkeriaren mehatxua, argi eta garbia izan daiteke, tirorik emango ez balute ere, matxinatu direnean, Espainian gehienetan odoltsua izan bada ere. Irudi honetatik gudaroste bat altxatzen- Auzitegi Gorenaren instrukzio-epaileak, Llarena jaunak, «analogia», konparaketa bat egin du, Puigdemontek eta bere gobernuak, baita independentziarako alderdi politiko zein gizarte-mugimenduek egin dutenarekiko analogia hain zuzen ere. Bainahauteskundeak irabazi dituen gobernu batek, «legea ez errespetatu arren», indarkeriarako deitzen ez badu espreski edota indarkeria modu argian erabiltzen ez badu bere agindu zuzenekoaz, ezin da armada batekin parekatu. Instituzio zibil oso baten (Generalitatea, kasurako) koakzio-boterea, hau da, gobernu autonomiko bat boterean egoteagatik duen indarraren monopolio abstraktoa, ez da armada batena, berez, indarkeria erabiltzekoa dena.

Gorenaren epaileak, nire iritzi apalean, armada eta Generalitatea edota independentziaren mugimendua parekatzerakoan analogia erruztatuaren aurka modu ez-zilegian egiten ari da: analogia in malam partem deitzen duguna eta zuzenbide penalean debekaturik dagoena, legezkotasun-printzipoaren aurka jotzen duelako.

Aurreko argudiootara beste bat gehitu beharra dago. Ez dagoen asaldatzea balego ere, frogatu beharko litzateke pertsona zehatzekin loturik. Puigdemonti delitu hori leporatzen badiote, ez da nahikoa zera esatearekin: indarkeria jazotzen ari dela, independentziaren aldeko prozesuan. Ezin da delitu larri hau «nahi gabe» egin.

Zuzenbide penaleko beste printzipioa, goi mailakoa, erruduntasunarena dugu: delitu larriak doloz egin behar dira. Hau da, jakitun eta nahita. Ez «arrisku bat» hartzen, asmo argi eta garbiaz baizik. Puigdemontek jakitun eta nahita indarkeria erabili al du? Indarkeriarako deia egin al du?

Kontrakoa. Berak eta bere gobernuak; bere alde egon diren alderdiek; inguruan duten gizarte-mugimenduek, guztiek, indarkeriaren aurka jo dute argi eta garbi, behin eta berriro. Noski, hori egin arren, ezin da milioika pertsona dauden herri batean, gutxi batzuk batzuetan indarkeria-ekintza isolatuak egitea saihestu. Baina horiek ez dute prozesu osoa pozointzen, behintzat ez zuzenbide penalaren ondorioetarako. Besteek modu isolatuan egindako indarkeria-ekintzak ezin dakizkioke Puigdemonti edo bestelako buruzagiei besterik gabe egotzi.

Labur esanda. Ez dago indarkeriarik. Ez, behintzat, bere maila gorenean asaldatze bat osatzeko. Gainera, Generalitatea eta independentziarako mugimendu demokratikoa ez da armada bat eta are gutxiago altxatzen ari dena, besteenganako indarkeria erabiliz. Eta, hala balitz, orduan bilatu eta frogatu beharko litzateke, esaterako, Puigdemontek berak hori guztia «doloz» bultzatu duela, modu argian: berak erabili eta bultzatu duela indarkeria, delitu egiteko.

Zuzenbide penaleko kategoriak (indarkeriaren interpretazio zorrotza, egiletzaren printzipioa, erruduntasun printzipioa, analogiaren debekua, legezkotasun printzipioa....) behartzen ari dira, ez dagoenetik indarkeria ateratzeko. Horri zuzenbidearen abusua deitzen zaio, hitz potoloagoak ez erabiltzearren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.