Europara eraman dute berriz ere Altsasuko auziaren «bidegabekeria»

Gurasoek agerraldia egin dute Bruselan. Jende asko ari da bat egiten igandeko mobilizazioarekin

Altsasuko Gurasoak plataformako kideak, atzo, Bruselan egindako agerraldian. BERRIA.
Erredakzioa
Iruñea
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Auzia «nazioartekotzeko» euren helburuarekin aurrera jarraituko dutela adierazi dute Altsasuko Gurasoak plataformakoek, eta Europako Parlamentura eraman dute, beste behin, Altsasuko auzia. Han izan ziren atzo, eta han izango dira gaur ere. Atzokoan, EAJko, EH Bilduko, ERCko, Podemoseko, IUko eta BNGko europarlamentariek babestuta egindako agerraldian, Altsasuko gazteei ezarritako zigorrak «neurriz kanpokoak eta injustuak» direla salatu zuten Miren Goikoetxea eta Antxon Ramirez gurasoek: «Ez zen epaiketa justurik egon».

Ez da lehen aldia Altsasuko Gurasoek Europako erakundeetara jotzen dutena. Atzo Bruselan oroitarazi zutenez, urtebete baino gehiago da Frans Timmermans Europako Kontseiluko presidenteorde eta Harreman Instituzionaletarako mandatariarekin bilera egin zutela. Kasua jarraituko zuela esan zien hark, baina Ramirezek kritikatu zuen ez dutela bere berririk izan ordutik.

Goikoetxeak salatu zuenez, azkenean terrorismo delitua egotzi ez badiete ere, «terrorismoa balitz bezala» epaitu dituzte gazteak, eta halakoak dira ezarri dizkieten zigorrak ere. Martxoaren hasieran, izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio salak bere egin zuen ekainean Zigor Arloko lehen aretoak ebatzitakoa. Terrorismo zantzurik aurkitu ez arren, hamahiru urte arteko zigorrak berretsi zituen agintaritzaren kontrako atentatua egitea, desordena publikoa eragitea zein lesioak eragitea egotzita. Altsasuko Gurasoek jakinarazi dutenez, Espainiako Auzitegi Gorenera jotzeko kasazio helegitea prestatzen ari dira orain abokatuak. «Gu ez gara geldituko, eta jarraituko dugu entzun nahi digun ororekin hitz egiten», adierazi zuen Goikoetxeak.

ICECen jardunaldian gaur

Bel Pozueta Altsasuko Gurasoak taldeko kideak estatuen indarkeriari buruzko parlamentuko ekitaldi batean parte hartuko du gaur, Korsikako eta Herrialde Katalanetako hizlariekin batera. ICEC Europar Hiritarren Nazioarteko Batzordeak antolatu ditu ekitaldiak, eta Anna Arque ICECeko kidearekin, Karl Drabbe historialariarekin eta Korsikako ordezkariekin arituko da Pozueta.

Igandean, manifestazioa egingo dute Altsasun, Ez da justizia, Altsasukoak aske lelopean (12:00), eta geroz eta atxikimendu gehiago ari dira jasotzen. Euskal Herriko leku askotan autobusak antolatzen ari dira, eta alderdiak eta eragileak ere bat egiten ari dira deialdiarekin. Atzo, EH Bilduk eta Nafarroako Ahal Dugu-k egin zuten bertaratzeko deia. EH Bilduk euren «elkartasuna eta babesa» adierazi zien deitzaileei, Auzitegi Nazionalaren «funtzio errepresiboa» salatu zuen, eta Altsasuko gazteen senitarteko eta lagunek erakutsi duten «duintasuna» nabarmendu. Ahal Dugu-ko Mikel Buillek esan zuen Guardia Zibilen kontrako erasoak «gaitzesten» dituztela, ez dutela «inpunitaterik» eskatzen, baina zigorrak «neurrigabeak» direla.

Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak ere salatu zuen zigorren «zentzugabekeria», eta nabarmendu zuen Altsasuko herriaren erantzun «zeharkakoa eta inklusiboa». Haien ordezkaritza bat igandeko manifestazioan izango dela jakinarazi dute.

Bartzelonak Udalak, aldiz, adierazpen instituzionala onartu zuen atzo. Auzitegi Nazionalaren epaiarekin «erabateko ezadostasuna» agertu, eta Altsasuko herriari elkartasuna adierazi zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.