«Etorkizunaren alardea gara»

Atorra tradizionala soinean eta txilibitua ahoan desfilatu dute 1.300 emakumek eta gizonek Irungo San Martzial jaietako alarde publikoan. Parte hartzaile asko alarde parekidea baino gazteagoak dira; hala ere, udaleko, diputazioko eta Jaurlaritzako buruek ez diete oraindik harrerarik egiten.

Duela 21 urte hasi zen emakumeek Irungo San Martzial jaietako alardean parte hartzeko borroka. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Samara Velte.
Irun
2017ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Junkalgo Andre Mariaren elizako atarian, goizeko martxatik atseden hartzen ari da Telmo, txilibitua jakako patrikan gordeta. Bigarren aldiz desfilatu du Irungo (Gipuzkoa) San Martzial festetako alardean, eta aurten Bruno laguna ere gehitu zaio. 16 urte dituzte biek; ez dute ezagutu desfilea bakarra eta genero bakarrekoa zeneko garairik. «Gurasoak beti ibili dira alarde mistoan», azaldu du Telmok: «Kontatu izan didate lehen gatazka handiak egoten zirela, baina guk ez ditugu ezagutu». Nagusixeagoak direnez, Amaiak (23 urte) eta Laidak (28) bai, oroitzen dituzte: hamar urte inguru daramatzate alarde publikoko musika bandan. «Zaila izan zen urratsa egitea, ingurukoak betiko alardean ateratzen zirelako», ekarri du gogora Laidak: «Kale nagusian arazoak izaten ziren, oihukatu egiten zizuten, eta horrek beldurra ematen zuen. Orain, lasaiago dago».

Bereizitako alardeetara ohituta hazi den belaunaldiko kideak dira laurak: badakite alarde parekideak erakundeen eta zenbait herritarren erdeinua sufritzen duela, baina normalizatuta daukate, eta horrek ez die baldintzatzen festa. Aurten 21 urte igaro dira Irungo emakumeek, lehenbiziko aldiz, alarde tradizionalean sartzea erabaki zutenetik. Oso gogoan du Txaro Arribasek: «Zalaparta sortu zen. Kontua auzitegietara eraman zuten, eta [EAEko Jusitzia] Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zigun: duela 20 urte zehatz, emakumezko konpainia bat sortu behar zela zioen auto bat kaleratu zuen». Alardeko mandoek ere bozkatu zuten, eta aldeko hamabost boto eta aurkako hamabi jaso zituen ebazpenak: emakumeei konpainiak parte hartzeko eskubidea aitortu zien. «Baina hurrengo goizean alardera agertu ginenean, ez zegoen inor. Ibilbidea aldatu zuten propio, gu ez gintezen sartu. Urte hartan desfilea normaltasunez egin ahal izan bagenu, orain ez geundeke gauden lekuan».

Orduan hasi zen emakumeek jaietan gizonek bezainbeste parte hartzeko borroka luzea. Urtez urte babes handiagoa lortu du alarde publikoak —desfile baztertzaileak izaera pribatua du halabeharrez, ez dituelako parekidetasunezko baldintzak betetzen—: atzo, 1.300 gizon eta emakumek parte hartu zuten bertan. «Hemen ospatzen ari garena ez da 1522ko San Martzial eguna», adierazi dute konpainiako kideek: «Ospatzen ari garena Alardea da, irundar guztiek, zahar eta gazte, gizon eta emakume, libreki, bakoitzak nahi duen erara eta bakoitzak nahi duen postua betetzen dutelarik». Duela hogei urte lehen urratsa egin zuten emakumeen keinua goraipatu dute: «Egin zutena ez zen inondik inora gauza xume bat». Haiei esker, folklorea «herri bat elkartzeko» tresna bihurtu dela nabarmendu dute: «Festa, dantza, erritoa, dena delakoa tradiziozko ondaretzat hartuko badugu, lehenik eta behin giza eskubideen errespetuan oinarritu behar da».

Errespetu hori, ordea, oraindik jaitik desagertzen da une batzuetan: arratsaldean, tentsio uneak sortu ohi dira Kale Nagusian, alarde baztertzailearen zaleek eta alarde parekideak bat egiten dutenean. Atzo, ordea, «inoiz baino babes handiagoa» jaso zutela azaldu du Alba Fatuartek: «16 urte daramatzat hortik igarotzen, eta inoiz baino hobeto hartu gaituzte. Ia inork ez digu bizkarra eman; gehienek txalotu gaituzte; eta ertzainak ere normal jantzita zeuden, ez beltzez». Keinu zakarrenetakoa EAJren batzokiaren atarian jaso zuten: balkoian zeudenek bizkarra eman zieten..

Erakundeen babesik ez

Erasoak eta arbuioak gorabehera, Inma Landa jenerala pozik agertu da, baina gaztetxoei baino zapore mikatzagoa geratu zaio: «Kontent gaude, baina aurten ere alkatearen ausentzia da aipatzekoa». Jose Antonio Santanok (PSE-EE) alarde baztertzaileari baino ez dio harrera egin, EAJko ordezkariak eta Javier de Andres Espainiako Gobernuko ordezkaria aldamenean zeuzkala. «Penagarria da», dio Landak: «Hogei urtean, gauzak asko aldatu dira Irunen: lagunak bi alardeetan dauzkagu, kuadrila batzuk nahastuta daude, eta gure gaztetxoek hasieratik bizi izan dute alarde parekidea. Etorkizunaren alardea gara».

Bi martxak alderatuta, bistakoa da desberdintasuna: parekidean 40 urtetik beherakoak dira gehienak; baztertzailean, aldiz, gizonak eta helduak dira ia denak. Neskak kantinera postuan baino ez dituzte onartzen. Usadio horren zaleak diren familientzat, ohorea da alaba kantinera bihurtzea; udalak izarren pare promozionatzen ditu festen atarian.

Alarde parekidekoei ez die sekula egin harrera Santanok; bai, ordea, haren alderdikide Denis Itxasok. Gipuzkoako Kultura diputatuak bandera eman zion iaz alarde publikoari, jarduneko ahaldun nagusi zenean. Keinuak harrabotsa eragin zuen diputazioan, EAJko ordezkariek ez baitiote babesik adierazten alarde parekideari. Atzo ere errepikatu zen irudia: Itxasok egin zion harrera alarde parekideari —etorkizunean «alarde bakarrerantz» joateko eskatu zuen—, baina ez zen diputazioko beste goi kargudunik egon. Jaurlaritzatik ere ez, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Manu Lezertua arartekoa salbuetsita. «Gero eta herri gehiago ari dira tradizioak egokitzen emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko», adierazi zuen Landaidak, eta «elkarrizketa apal eta lasaia» eskatu zuen Irungo gatazka konpontzeko. Noren artekoa izan behar duen elkarrizketa horrek, ez zuen zehaztu nahi izan: «Instituzioen eredua oso garrantzitsua da, baina herritarrek ere aukera dute horrelako prozesuak bultzatzeko».

Bandera Joxe Diez EH Bilduko udal zinegotziak eman die aurten alardeko ordezkariei; bere alderdiko hainbat legebiltzarkide izan ditu alboan. Maddalen Iriarte bozeramaileak zoriondu egin ditu irundarrak «urte osoan parekidetasunaren alde egindako lanagatik», baina egiteko asko geratzen dela nabarmendu du: «Urratsak egiten ari gara, baina hemen egon behar lukete ordezkari politiko zenbaitek: alkateak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta [Iñigo] Urkullu lehendakariak, emakumeak eta gizonak jaietan ere berdinak garela azpimarratzeko». Elkarrekin Podemoseko Juantxo Iturriak ere ausardia falta leporatu dio EAJri: «Elkarbizitza arazo bat dela diote, baina ez da: genero berdintasun arazo bat da». Ados dago Arribas: «Erakundeetatik, oso gaizki geratzen da berdintasunaren aurka zaudela esatea; ondorioz, tokiko harreman arazo bat dela sinetsarazi nahi dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.