223 milioiren zuzenketak egin dizkie EH Bilduk aurrekontuei

Koalizioak zuzenketa partzialak aurkeztu ditu. PPk eta Elkarrekin Podemosek, aldiz, osoko zuzenketak

Nerea Kortajarena, Maddalen Iriarte eta Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak, atzo, erregistroan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Erredakzioa
Gasteiz
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzarekin aurrekontuen gaineko negoziazioak oraindik itxi gabe dauden honetan, EH Bilduk 19 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio gobernuaren aurrekontu proiektuari. Orotara, 233 milioi eurori eragingo lieketen aldaketak proposatu ditu koalizio abertzaleak. Zuzenketa horien artean dago pentsio baxuenentzako DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez osagarria handitzea. Neurri horrekin, gutxieneko pentsioa 732 eurotik 858ra handitzea proposatu du EH Bilduk.

Maddalen Iriarte, Leire Pinedo eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideek erregistratu zituzten atzo zuzenketak, Eusko Legebiltzarrean. Aurretik, proposamenak azaldu zituzten hedabideen aurreko agerraldian. Koalizioko ordezkarien esanetan, aurkeztu duten proposamena ez da heltzen pentsiodunek eskatzen duten 1.080 euroko gutxieneko pentsiora, baina «urrats garrantzitsu bat» izango litzateke bide horretan. «Gure helburua oso argia da: pentsio baxuenak osatzea premian dagoen pentsiodun bakar batek ere ez dezan hilabetea pasa 858 eurorekin baino gutxiagorekin. Hori jauzi garrantzitsua litzateke, gaur pentsioen osagarria 732 eurora baino ez delako iristen».

EH Bilduk aurrekontuei bide emateko Eusko Jaurlaritzari egin zion hasierako proposamenean, 420 milioi inguruko aldaketak egiteko eskatu zion Iñigo Urkulluren gobernuari. Atzo legebiltzarreko erregistroan aurkeztu zituzten zuzenketa partzialek diru kopuru txikiago bati eragiten diotenez, azken proposamena hasierakoaren aldean exijentzia txikiagokoa den galdetuta, ezetz erantzun zuten Pinedok eta Kortajarenak. EH Bilduko legebiltzarkideek azaldu zuten ezen, pentsioen osagarria «eskubide subjektiboa» den heinean, zuzenketetan jasotako diru kopurua handitu egin beharko duela Jaurlaritzak, eskari guztiei erantzuteko. «Pentsioen osagarria eskubide subjektiboa den heinean, diru sail hori zabalik geratuko litzateke, gobernuak osagarria ordaintzeko behar adina diru egongo dela bermatzeko. Horixe bermatzen dute gure zuzenketek».

Aurrekontuei osoko zuzenketarik ez ziela aurkeztuko iragarri zuen koalizioak asteazkenean. Jaurlaritzari akordioa lortzeko «beste aukera bat» emango ziola adierazi zuen, eta aurrekontuei bi abstentziorekin bide emateko eskariaren «bi zutoinak» berretsi: «Diru sail nahikoak bideratzea pentsio baxuenak osatzeko eta osagarriak jasotzeko baldintzak malgutzea».

Osoko zuzenketak

Elkarrekin Podemosek eta PPk, berriz, osoko zuzenketak aurkeztu zituzten atzo, partzialez gain. Bi indarrek adierazi dute ezezko borobila emango diotela Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari. Elkarrekin Podemosek 450 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, osoko zuzenketaz gain. 320 milioi eurori eragiten die proposatutako aldaketek. Koalizioaren esanetan, zuzenketek frogatzen dute posiblea dela gobernuaren gizarte politiken norabidea biratzea. Julen Bollain legebiltzarkideak eman zituen atzokoan azalpenak: «Ezinbestekoa da gobernuaren marketing hutsetik biratze sozial batera igarotzea, enplegu, industria, gizarte inklusio, etxebizitza, hezkuntza eta, nola ez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiketan. Azken batean, EAJren aurrekontuak oso txarrak dira, eta horien malgutasunik eza kontuan hartuta, erantzun bakarra erabateko ezezkoa da».

PPk ere osoko zuzenketa eta zuzenketa partzialak aurkeztu dizkie Jaularitzaren aurrekontuei —500 inguru dira partzialak, 300 milioiri eragiten dietenak zuzenean, eta 250 milioiri zeharka—. Anton Damboreneak, beste behin, EAJren eta EH Bilduren arteko «itun politikoa» salatu zuen atzo, «ezegonkortasun politikoa» ekarriko duela iragarri, eta «berez txarrak diren» aurrekontuak, «okertu» egingo dituela esan zuen. Aurreko legegintzaldietan Jaurlaritzak eta PPk adostutako helburuetatik «hurrundu» egin da Jaurlaritza, eta EH Bilduri zeharka errferentzia eginda, esan zuen: «Batzuk, pentsiodunak ari dira erabiltzen, mundu guztiari DSBEa igotzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.