PSE-EEk eta EAJk batzorde guztien lema hartu dute Bizkaian

Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordeak eratu dira. Oposizioak ez du parte hartu nahi izan

Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordeen eratzea, atzo, Bilbon. BERRIA.
gotzon hermosilla
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Eratu dira Bizkaiko Batzar Nagusietako batzordeak, polemikaz eratu ere. EAJk eta PSE-EEk duten itunaren karietara, batzorde guztien lema eskuratu dute bi alderdiok: ohiko batzordeei dagokienez, zazpitan presidentea jeltzalea izango da, eta beste bitan, sozialista. Hori ikusita, EH Bilduk nahiago izan dubozketan parte ez hartu, «inposizioa» salatzeko, eta Elkarrekin Podemos eta Alderdi Popularreko batzarkideek boto zuria eman dute bozketa guztietan: «batzordeen funtzionamendua blokeatzen saiatzea» egotzi diote EAJk eta PSE-EEk oposizioari.

Agintaldi honetan, bederatzi ohiko batzorde izango dituzte Bizkaiko Batzar Nagusiek, aurrekoan baino bat gehiago, Ekonomiaren Sustapenerako Batzordea ere sortu baitute. Batzorde bakoitzean presidentea, presidenteordea eta idazkaria aukeratu behar zituzten: EAJk eta PSE-EEk euren arteko akordioa baliatu dute, eta batzorde guztietako presidentetza guztiak eskuratu dituzte.

Zehazki, EAJk zazpi bereganatu ditu horien artean, Ogasuna, Euskara eta Kirola, Azpiegituretakoa, Ekonomia Sustapenerakoa eta Gizarte Ekintzakoa, eta PSE-EEk, berriz, bi: Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasunerako Batzordea eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Batzordea.

Ohiko batzordeez gain, hiru batzorde iraunkor ere badaude, Batzar Nagusietako funtzionamendua bermatzen dutenak. Batzarkidearen Estatutuaren Batzordea eta Eskaeretarako eta Herritarrekiko Harremanetarako Batzordea eratu dira PSE-EEk eta EAJk eskuratu dituzte presidentetzak, hurrenez hurren, eta gaur eratuko da hirugarrena, Arautegi eta Jaurbiderakoa.

Gainerako ardurak ere bai

Presidentetza guztiak eskuratuta, EAJren eta PSE-EEren asmoa zen gainerako arduretan —presidenteordeak eta idazkariak— tokia egitea oposizioko indarrei, baina oposizioak ez du hori onartu. EH Bilduk, esaterako, uko egin dio bozketan parte hartzeari, «inposizioa» salatzeko, eta ez du hautagairik aurkeztu. Elkarrekin Podemosek eta PPk boto zuria eman dute bozketa guztietan, eta haiek ere ez dute hautagairik aurkeztu ardurak betetzeko. Horren ondorioa izan da batzordeetako presidenteordetzak eta idazkaritzak ere EAJren eta PSE-EEren artean banatu dituztela —zenbaitetan, hiru bozketa ere egin behar izan dituzte mahaia osatzeko—. Hortaz, presidente, presidenteorde eta idazkari guztiak jeltzaleak edo sozialistak izango dira.

«Agintaldiaren hasiera eskasa» iritzi dio EH Bilduko Bea Ilardiak batzordeen eratzean gertatutakoari. Haren ustez, oposizioari «kudeaketa aukera guztiak» ukatu zaizkio, eta «fiskalizaziorako eta kontrolerako tresna» EAJren eta PSE-EEren esku gelditu da.

Ilardiak gogorarazi du EH Bildu Bizkaiko bigarren indarra dela, eta haien proposamena zela «presidentetzen banaketa modu proportzionalean» egitea. «Gure jarrera irekia izan da, baina EAJk eta PSEk kargu guztiak euren artean banatzea erabaki dute».

EH Bilduk azaldu duenez, hori Bizkaian baino ez da gertatu, Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan batzordeak «modu proportzionalean» banatu baitira.

Beste ondorio bat ere izan du batzordeetako mahaiak modu horretara eratzeak: lau batzordetan—Ogasuna, Azpiegiturak, Garraio eta Mugikortasun Jasangarria eta Ekonomia Sustapena—, mahaia osatzen duten guztiak gizonezkoak dira.

«Berdintasun parametroak bete gabe» geratu izana salatu du Ilardiak, are gehiago kontuan izanik Batzar Nagusiek badutela berdintasun plana.

EAJk eta PSE-EEk, aldiz, «batzordeen funtzionamendua blokeatzen saiatzea» leporatu diote oposizioari. «Haien esku zegoen batzorde guztietako presidenteordetzetan eta idazkaritzetan egotea, baina haien helburu bakarra izan da aitzakia merke eta faltsua bilatzea EAJri eta PSE-EEri kritika egin ahal izateko».

Gobernua osatzen duten bi alderdiek « harridura» azaldu dute «oposizioko alderdiek erakutsi duten interes falta» dela eta: «Erantzukizuna euren gain hartu eta Bizkaiko herritarrei azaldu beharko liekete zergatik egon diren prest batzordeen funtzionamendua blokeatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.