Tokia egin desadostasunei

G20 taldekoek klima aldaketa, migrazio politikak eta harreman komertzialak izango dituzte hizpide, gaur eta bihar Hanburgon. Angela Merkelek ohartarazi du negoziazioak «zailak» izango direla

Istilu larriak gertatu ziren atzo Hanburgon, segurtasun indarren eta bileraren aurkako ekintzaileen artean. F. VOGEL / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
«Munduko ordena eta botere harremanak aldatzen ari dira», adierazi zion Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, asteon, Die Zeit astekariari. Badaki, beraz, gaur eta bihar Hanburgon (Alemania) G20 taldekoak bilduko dituen goi bileran desadostasunei lekua egin beharko dietela. Negoziazioak «zailak» izango direla ohartarazi du kantzilerrak, eta munduko herrialde boteretsuenetako buruzagiek lanak izango dituztela batzarraren ondorengo dokumentua adosteko. Izan ere, ondoko gaiak izango dituzte mahai gainean: klima aldaketa, migrazio politika, «terrorismoaren kontrako borroka», eta herrialdeen arteko harreman komertzialak, besteak beste.

Goi bilera hasi aurretik, atzo, Merkelek onartu zuen gai inportanteenei dagokienez «desadostasunak handiak» direla. Gogoan zuen, ziurrenik, Donald Trumpekin topo egin izan duenean —atzo batzartu ziren bakarka, baina ez zuten adierazpenik egin—, NATOren azken goi bileran eta G7 taldekoen batzarrean, AEBetako presidenteak uzkur jokatu zuela eta elkar hartzeko izan beharrean America First edo Amerika edozeren gainetik dagoela aldarrikatzeko baliatu zituela enkontru horiek.

Trump atzo heldu zen Europara, eta Hanburgora jo aurretik geldialdia egin zuen aliatutzat daukan herrialdean: Polonian. Varsoviako Krasinski plazan mintzatu zen jendearen aurrean, eta, beste ezeren gainetik, ondokoa nabarmendu zuen: «Gure garaiko kontu giltzarria da ea Mendebaldeak badaukan bizirik irauteko borondatea». Halere, karguan daramatzan ia sei hilabeteetan Klima Aldaketaren Aurkako Parisko Akordiotik ateratzea eta harreman komertzialetan protekzionismoaren aldeko hautua egitea deliberatu du.

Merkelek behin baino gehiagotan esan du Trumpek nekez aldatuko duela bere iritzia lehen gaiari dagokionez. Bestetik, kantzilerrak dio Alemaniak «arau justuko harreman komertzial libreak» defendatuko dituela. Eta bere herrialdearen izenean hitz egiten duenean, EB Europako Batasunarenean ere mintzo da, Alemania baita erakundeko motorra.

Kantzilerrak ez dauka desadostasunak saihesteko intentziorik. «Horiek izendatuko ditut». Herenegun, gainera, goi bilerara etxeko lanak eginda joateko asmoarekin, Xi Jinping Txinako presidentearekin bildu zen, eta azpimarratu zuen Txina aliatu inportantea dela «ziurtasunik gabeko» garaiotan.

Errusiak ia ziurtzat jotzen zuena zen Trump Etxe Zurirairitsita bi herrialdeen arteko harremanak hobeak izango zirela, baina oraingoz ez da halakorik gertatu. Trumpek Varsoviako agerraldia aprobetxatu zuen Vladimir Putin Errusiako presidentea kritikatzeko, «Iran eta Siria babesten dituelako». Bakarka gaur bilduko dira biak estreinakoz. Errusiak ere badauka zeresana EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokan, esaterako, etabaita Turkiak ere migrazio politikei dagokienez hartu beharreko erabakietan. Iritsi da jada Hanburgora Recep Tayyip Erdogan presidentea. Denak mahai beraren bueltan bilduko dira, baina buruzagiek bakarkako bilerak ere edukiko dituzte, desadostasunei (zein adostasunei) lekua egiteko.

'Welcome to Hell'

G20ko kideen goi bileraren aurka protesta egiteko, milaka ekintzaile bildu dira Hanburgon Welcome to Hell lelopean (Ongi etorri infernura), eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Euskal Herriko Herriok Erabaki plataformako hainbat kide ere han daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.