Kataluniako erreferendum legea nazioarteko legedian oinarrituko da

Espainiak onartutako akordioak aipatzen ditu. Jordi Baiget kontseilaria kargutik kendu dute

2017ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Kataluniako Gobernuak bide juridikoa ireki nahi dio urrian egingo duten galdeketari. Horretarako, erreferendum legea aurkeztuko dute gaur egingo duten ekitaldi ofizialean. Hala ere, atzo, RAC irratiak zirriborroaren hiru artikulu argitaratu zituen. Junts Pel Si eta CUP alderdiek elkarrekin adostu dute testua, eta hitzaurrean, Nazio Batuen Erakundeko Eskubide Zibil eta Politikoen eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen itunak gogoratzen dira, «autodeterminazio eskubidea giza eskubideen lehenengotzat» aitortzen baitute. Itun horiek 1966an onartu ziren Nazio Batuen Batzar Nagusian, eta Espainiak 1977an berretsi zituen. Horretaz gain, lege proposamenak gogorarazten du Espainiako Konstituzioaren arabera berretsitako nazioarteko hitzarmenak «bere barne antolamenduaren parte» direla Espainiarentzat.

Nazioarteko Justizia Auzitegiak egindako txosten batzuk ere aipatzen ditu, non esaten baita herrien erabakitzeko eskubidea aldatuz joan dela XX. mendean zehar eta bere erabilera zilegitasunik gabeko indarkeriak bakarrik mugatu duela.

Lege proposamenaren edukiari dagokionez, 1. artikuluak erreferendumaren gauzatzea, emaitzen araberako ondorioak ezartzea eta Hauteskunde Batzorde berri baten sorrera arautzen ditu. 2. artikuluak Katalunia «subjektu politiko burujabetzat» hartzen du, eta gaineratzen du «bere bidea aske eta demokratikoki» hautatuko duela. 3. artikuluak nabarmentzen du egitasmo hau kanpotik etor daitezkeen beste arauei gailentzen zaiela.

Lege proposamenak guztira 34 artikulu ditu, eta gaur aurkeztu eta gero, edukiak azaltzeko kanpaina bat hasiko dute.

Kontseilariaren zalantzak

Jordi Baiget Kataluniako Gobernuko Enpresa eta Ezagutza sailburuak El Punt Avui-ri emandako elkarrizketa batean esan zuen estatuak «erreferenduma gelditzeko adina indar» daukala, eta «azaroaren 9aren antzeko zerbait» egin beharko dela. Adierazpen horiek polemika handia piztu zuten, eta Baigetek esan arren Kataluniako Gobernuari eta atzean duen gehiengoari zintzo mantendu zaiola, Carles Puigdemont presidenteak atzo iluntzean kargutik kendu zuen, konfiantza galera argudiatuta. Baigeten ordez Santi Vila Kultura kontseilaria jarri dute karguan, behin-behinean, beste norbait izendatu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.