Koronabirusa

Beste 1.925 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, daturik txarrena uztailetik

Proben %12,4k eman dute positibo. 349 gaixo daude COVID-19ak jota Hego Euskal Herriko ospitaleetan, duela astebete baino %20 gehiago

Haur bat COVID-19aren proba egiten, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Birusa zeharo oldartuta dabil Hego Euskal Herrian. Positibo kopuruari dagokionez, azken lau hilabeteetako daturik txarrenaren berri eman zuten atzo: egun bakarrean 1.925 lagunek eman dute positibo COVID-19a atzemateko probetan. Uztailaren 29ra egin behar da atzera datu okerrago bat ikusteko. Astelehenetik—orduan eguneratu zituen azken aldiz datuak Eusko Jaurlaritzak— 5.233 kasu atzeman dituzte, joan den asteko epe berean baino %49 kasu gehiago. Positiboen ehunekoak ere erakusten du birusaren hedapena kontrolatu ezinik ari direla: herenegun COVID-19a atzemateko egindako 15.551 probetatik %12,4k eman dute positibo; hau da, OME Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia kontrolpean edukitzen hasteko ezarritako %5eko mugaren gainetik nabarmen.

Gipuzkoako egoera da bereziki gordina: beste 715 lagunek eman dute positibo —bezperan baino lau gutxiagok—, eta azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 971 kasukoa da. Gainerako lurraldeetako intzidentzia ere etengabe igotzen ari da: Nafarroan, beste 564 positibo atzeman dituzte —daturik okerrena uztailaren 16tik—, eta 658 kasukoa da intzidentzia; jakinarazi dute Araban 185 pertsonak eman dutela positibo —herenegun baino 39 gutxiagok—, eta 517 kasukoa da intzidentzia bertan; azkenik, beste 453 herritarrek eman dute positibo Bizkaian —daturik txarrena abuztuaren 13tik—, eta 343 kasuko intzidentzia daukate. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak ez diren zortzi herritarrek ere positibo eman dutela.

Horiek horrela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri gehien-gehienak eremu gorrian daude. Hain zuzen, 197 herri —astelehenean baino hogei gehiago— daude 150 kasuko intzidentzia gainditzen duten herrien zerrenda horretan: Bizkaian daude 90, Gipuzkoan 76, eta Araban 31.

Positiboak areagotzearen ondorioz, Hego Euskal Herriko ospitaleetan gero eta gaixo gehiago ari dira artatzen. Azken datuen arabera, 349 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arengatik. Atzo emandako datuak herenegungoak baino hobeak izanagatik ere —22 gaixo gutxiago daude ospitaleratuta—, joera goranzkoa da oro har: duela bi aste baino %92 gaixo gehiago daude ospitaleratuta, eta duela astebete baino %20 gehiago. ZIUetan ere gero eta jende gehiago dago COVID-19ak jota: 69 gaixo daude; duela bi aste baino %86 gehiago, eta orain dela astebete baino %44 gehiago.

Batez ere, umeak

Haientzako oraindik txertorik ez dagoela eta, intzidentzia bereziki handia da umeen artean. Eusko Jaurlaritzak atzo emandako datuen arabera, 6-12 urte bitarteko umeen artean 1.686 kasukoa da intzidentzia, eta 780koa 3 eta 5 urte bitartekoetan. Intzidentzia orokorra, berriz,577 kasukoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Beraz, umeena nabarmen gainetik dago. Nafarroan, joan den asteko datuen arabera, 5 eta 14 urte bitartekoen intzidentzia 786 kasukoa da; orokorra, berriz, 336koa.

Horrek zuzenean eragiten die ikastetxeei. Egun, Hego Euskal Herriko 310 ikasgela daude itxita —herenegun baino 24 gehiago—, eta 143 ikastetxek dute koronabirusagatik gelaren bat itxita —herenegun baino bost gutxiagok—. Nafarroako Gobernuak berrogeialdian dauden ikasleen datua ere eman du: 1.826 ikasle daude bakartuta, positibo eman dutelako edo positibo eman duen norbaiten kontaktudirelako.

Zahar etxeetan ere bai

Pandemian, birusak bereziki erasan die zahar etxeei. Azken goraldian eusten ari baziren ere, birusak berriz ere lortu du adinekoen egoitzetara sartzea. Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk adierazi du 21 lagun daudela positibo emanda egoitzetan. Nabarmendu duenez, horietako bat bera ere ez dago ospitaleratuta. Gainera, esan du positibo eman dutela elbarriak artatzen dituzten zentroen hamazortzi erabiltzailek ere. Horietako bat ospitaleratu egin behar izan dute.

Zahar etxeetako bisitetan egin dituzten aldaketen berri ere eman du Maeztuk. Azaldu duenez, joan den astean «gomendio» batzuk ezarri zituzten. Eskatu zuten aurrerantzean ez uzteko egoitzetara sartzen txertatu gabe daudenei. «Horretarako egokitutako lekuetan» egon behar dute. Esan du intzidentzia metatua handia den tokietan ere «mugak» daudela jarrita.

Gipuzkoan, berriz, foru aldundiko informazio iturriek jakinarazi dutenez, beste bi erabiltzailek positibo eman dute. Guztira, bederatzi adineko daude positibo emanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.