Gutxienez 49 bidaiari hil dira Nepalen gertatutako hegazkin istripu batean

Hegazkinaren konpainiak Katmanduko kontrolatzaileei egotzi die errua

Erreskate taldeak istripuaren gunean, atzo, Katmandun. NARENDRA SHRESTHA / EFE.
mikel rodriguez
2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Bangladeshko hiriburutik Nepalgora zihoan hegazkin batek lurra jo zuen atzo, eta gutxienez 49 bidaiari hil ziren. Katmandutik hurbil izan zen ezbeharra, hango aireportuan lur hartzekotan zenean. 67 bidaiari eta tripulazioko lau kide zeramatzan hegazkinak, eta, Poliziaren arabera, 22 bizirik atera ziren istriputik —ospitalera eraman zituzten guztiak, zaurituta—. Hegazkinaren konpainiak, US-Banglak, Katmanduko aireportuko kontrolatzaileei egotzi die ezbeharraren ardura. Nepalgo aireko arduradunek erantzun dute «ezohiko» lur hartze bat egiten hasi zela hegazkina, eta Khadga Prasad Sharma Oli lehen ministroak hitzeman du «berehala» ikertuko dutela. Nepalen 1992tik gertatu den aireko istripu larriena izan da.

Raj Kumar Chettri Katmanduko aireportuko zuzendariak Reuters agentziari erran dionez, hegazkinak aireportuko kanpoaldeko hesia jo zuen lurra jo aitzinetik. Sanjiv Gautam Abiazio Zibileko Agintaritzako zuzendariak Katmandu Post egunkariari adierazi dionez, iparraldetik hurbildu zen, hegoaldetik hurbildu beharko zukeenean. US Banglako zuzendari exekutiboak, Imran Asifek, kontrolatzaileei leporatu zien «okerreko aginduak» eman izana. «Ez da gure pilotuen errua».

1992an, Pakistango konpainia baten hegazkinak lurra jo zuen Katmandurantz hurbiltzen ari zenean, eta barruan zihoazen guztiak hil ziren —167 lagun—. Urtea hasi denetik gertatu den hirugarren istripu larria izan da atzokoa. Otsailean, Errusian 71 lagun hil ziren ezbehar batean, eta Iranen, berriz, bertze 66.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.