Venezuelan Maduro garaile, baina abstentzioa nagusi

Azken urteetako parte hartze txikiena izan da: %46. Elkarrizketarako deia egin dio presidenteak oposizioari

Nicolas Maduro, garaipena ospatzeko ekitaldian, igandean, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Nicolas Madurok Venezuelako presidente izaten jarraituko du 2025. urtera arte, igandean eginiko presidentetzarako hauteskundeetan bozen %68 lortu ostean. Maduroren garaipenarekin batera, abstentzio handia izan zen hauteskunde eguneko protagonista nagusia, %54koa. Izan ere, oposizioaren zati handi batek «boikoterako» deia egin zuen. Parte hartzea erabaki zuten oposizioko hautagaiek, berriz, hauteskundeak errepikatzeko eskatu dute, irregulartasunak argudiatuta. Nazioartea ere ez da isilik geratu, eta tartekatu egin dira «iruzurra» salatzeko mezuak eta Maduro zoriontzeko hitzak.

Maduro presidenteak 6,2 milioi boto lortu zituen igandeko hauteskundeetan. Atzetik, Henri Falcon chavista ohia izan zuen, 1,9 milioi bozekin. Falconek hauteskundeetara aurkezteko asmoari eutsi zion, oposizioko MUD Batasun Demokratikorako Mahaiak abstentzioaren aldeko hautua egin bazuen ere, urtarrilean gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketak haustean. Ofizialismoari aurre egiteko saiakeran, ordea, Falconek ez ditu esperotako emaitzak lortu. Orain, hautagaiak adierazi du ez dituela igandeko emaitzak onartzen, eta «ez legitimotzat» jo ditu. Falconekin bat egin du hirugarren hautagai bozkatuenak ere, Javier Berticci artzain ebanjelariak —925.000 boto inguru—.

Laugarren hautagaia Reinaldo Quijada zen, PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Bateratuko kide ohia. Venezuelako presidente ohi Hugo Chavez hiltzean «Madurok albo batera utzitako» iraultzaberreskuratzeko asmoa adierazi zuen hark hauteskunde kanpainan. Igandean, 34.000 boto inguru lortu zituen.

Gauzak horrela, oposizioaren gehiengoak bultzatu zuen abstentzioak parte hartzea %46ra jaistea eragin zuen; azken urteetako txikiena izan zen. Esaterako, parte hartzea ia %80koa izan zen azken presidentetzarako hauteskundeetan, 2013an.

Halere, chavismoak gogotsu ospatu zuen garaipena. Madurok «inperialismoaren» aurkako garaipen gisa aurkeztu zuen emaitza: «Iraultza geratzeko dago hemen». Chavezen ondorengoak adierazi zuen gobernuaren lehentasuna egungo egoera ekonomikoari aurre egitea izango dela, aurre egiteko azken urteetan Venezuela gogor jo duen atzeraldiari.

Garaipenaren berri izan bezain laster, Madurok presidentetzarako hautagai guztiekin eta abstentzioaren aldeko oposizioko kideekin biltzeko asmoa adierazi zuen, «agenda eraikitzaile bat» ezartzeko. Elkarrizketarako eta adiskidetzeko deia egin zuen, «sektore politiko, sozial eta ekonomiko guztiak» biltzeko nahia adierazita.

Oposizioko lider nagusiak, ordea, ez dira aldekoak. Caracasko alkate ohi Antonio Ledezmak esan du espero duela nazioarteak hitza betetzea, «narkotiraniaren» aurka eginez. Bestalde, Batzar Nazionaleko presidente Omar Barbozak adierazi du lanean ari direla urte amaieran hauteskunde «justuak» egiteko.

Nazioartea, banatua

Nazioarteak berehala erantzun die igandeko emaitzei. Estatu askok bozen aurretik adierazi zuten aurka zeudela, eta aurreratu zuten ez zituztela onartuko emaitzak. Orain, esana berretsi dute.

AEBak dira multzo horretako adierazle nagusia. Mike Pompeo Estatu idazkariak «iruzurtzat» jo ditu bozak, eta Etxe Zuriak mahai gainean jarri du Venezuelako petrolio sektoreari zigor berriak ezartzeko aukera. Bide beretik jo dute Latinoamerikako gobernu eskuindarrek. Besteak beste, Brasilek, Argentinak, Guatemalak eta Kolonbiak ez dituzte emaitzak onartu. Txileko presidente Sebastian Piñerak ere adierazi du hauteskundeek ez dituztela bete «benetako demokrazia izateko gutxieneko oinarriak». Europatik, Espainiako Gobernuak salatu du «oinarrizko hutsune demokratikoak» egon direla, eta esan du beharrezko neurriak hartuko dituztela «Europako bazkideekin» hitz egin ostean.

Beste muturrean daude Latinoamerikako gobernu aurrerakoiak. Boliviako eta El Salvadorgo presidenteek Maduro zoriondu dute, eta Venezuelak demokrazian aurrera egiteko pausotzat jo dituzte hauteskundeak. Berdin egin dute Kuban. Miguel Diaz Canel presidenteak eta Alderdi Konunistako buru Raul Castrok zoriondu egin dute Venezuelako presidentea, lortutako «garaipen sendoagatik».

Bozen emaitzak errespetatzearen alde daude Pekin eta Mosku ere. Errusiak, gainera, AEBen esku sartzea salatu du. «Ohiko bi parte hartzaileez gain —hautesleak eta hautagaiak—, beste parte hartzaile bat ere egon da: hauteskundeei boikot egitera deitu zuten gobernuak», esan du Aleksander Stxetininek, Errusiako Atzerri Ministerioko Latinoamerikarako departamenduko zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.