BCC Innovation, enpresei begirako gastronomiako zentro teknologikoa

Gastronomia alorreko munduko lehen zentroa da. Berrikuntzaren Euskal Sareari atxikiko zaio

Iosu Alberdi.
Donostia
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
BCC Innovation munduko lehen gastronomiako zentro teknologikoa inauguratu zuen atzo BCC Basque Culinary Centerrek, bere egoitzan, Donostian. BCCko zuzendari Joxe Mari Aizegaren esanetan, erakundeak emaniko pausoa «berrikuntzaren alde eginiko apustuaren» erakusle da: «Gastronomiaren bilakaerak eta eraldaketak planteatzen dituzten erronka berriei erantzun ahal izateko». Gainera, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari atxikiko zaio zentroa.

Proiektu berriaren ardatzak ikerketa, jasangarritasuna eta berrikuntza dira, eta hainbat helburu ditu: gastronomiaren bidez aberastasuna sortzea, enpresetan berrikuntza sustatzea eta, enpresa berrien sorrera bultzatuz, sektorearen etorkizuna bermatzea. Horretarako, besteak beste, elikadura produktu berriak sortzea izango du bere gako nagusietako bat, ondoren enpresa industrialek garatu ahal izateko.

Aizegak azaldu du BCC Fundazioa sortu zenetik «enpresekin erlazionatutako zerbait» egin nahi zutela, eta zentro teknologikoaren garapena «salto kuantitatibo eta kualitatibotzat» jo du. Proiektua aurrera eramateko, zentroak 1,2 milioi euroko aurrekontua du aurten, eta 25 langile.

BCCko I+G zentroa 40 enpresarekin aritu da elkarlanean orain arte, baina zentro berriarekin zenbakia handitu nahi dute datozen urteetan.

Egun, Eusko Jaurlaritzak 124 agenterekin egiten du lan, ikerketaren alorrean, gehienak industrialak. Horien artean kokatu da BCC Innovation, zentro teknologiko sektorial gisa. Halako zentroek hiru ardatz nagusi dituztela azaldu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak: «Bikaintasuna, espezializazioa eta begirada merkatuari jarria».

Sailburuak azaldu du 4.0 teknologia gastronomiara ere iritsi dela, eta negozio berriei begira jarri beharra dagoela: «Oso garrantzitsua da espezializazioa».

Elikaduraren katea, itxita

BCC Innovation elikadura alorreko hirugarren zentro teknologikoa izango da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Tapiaren esanetan, «elikaduraren balio-kate ibilbidea» itxiko duena, era horretako zentroen ikuspuntutik.

Beste biak Neiker eta Azti dira. Neikerrek elikagaien ekoizpena lantzen du, eta Aztik eraldaketa. BCC Innovationek, berriz, elikadura eta gastronomia lotuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.