Errusiako agente bat hil dute zerbitzu sekretuen egoitzan izandako erasoan

Kalaxnikov bat zeraman gizon bat zerbitzu sekretuen egoitzan sartzen saiatu da. FSBko iturriek jakinarazi dute erasotzailea hil egin dutela

Errusiako poliziak, atzo, zerbitzu sekretuen egoitzaren inguruetan, Moskun. YURI KOCHETKOV / EFE.
Erredakzioa
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Errusiako FSB Segurtasunaren Zerbitzu Federaleko agente bat hil tzen atzo zerbitzu sekretuen egoitzaren aurkako eraso batean. KGB inteligentzia agentziaren oinordeko den segurtasun zerbitzuak zabaldutako oharraren arabera, agentea tirokatuta hil zen, eta erasoan beste bi agente larri zauritu ziren. Egoitzaren atarian izandako tiroketan beste hiru lagun ere zauritu zituzten.

Moskva albiste agentziaren arabera, hiru izan ziren erasotzaileak, eta eraikinaren barruan sartu ziren tiroka, kalaxnikov fusilekin. FSBk, ordea, ukatu egin du bertsio hori. Erasotzaile bakarra izan zela adierazi zuen, eta, zehaztu zuenez, ez zen eraikinean sartu, atarian geratu ei zen. Jakinarazi zuen identifikatu gabeko erasotzailea hil egin zutela.

Tiroketa leku eta egun sinboliko batean gertatu zen. Moskuko Lubianka plaza historikoaren aldamenean dago eraikina, eta ustez herrialdeko azpiegitura seguruenetako bat da. Atzo, bestalde, Segurtasun Indarren Eguna ospatzen ari ziren Errusian. Vladimir Putin presidentea bera ospakizunaren harira antolaturiko kontzertu batean zegoen tiroketa gertatu zenean, Kremlineko Jauregi Handian. Lau orduko ekitaldi horretan hitz batzuk ere helarazi zituen presidenteak zerbitzu sekretuen lana eskertuz eta goraipatuz.

Moscow Times egunkariak, FSBko iturri bat aipatuz, zabaldu zuen litekeena zela erasoa zerikusia izatea ospakizunarekin. Poliziak, bestalde, babes hesi jarri zuen inguruan. Herritarrek sare sozialetan zabalduriko bideoetan, tiroketa entzuten da. Eraikinaren alboan jostailu denda handi bat dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.