Txinako birusak kutsaturiko bi kasu atzeman dituzte Frantzian

Europako lehen kutsatuak dira. Pekinek beste sei hiri jarri ditu berrogeialdian; 26 dira hilak

Herritarrek ilara luzeak egin zituzten atzo Hong Kongen Ci bitaminadun pilulak eta ur botilak jasotzeko. JEROME FAVRE / EFE.
Ander Perez Zala - Arantxa Elizegi Egilegor
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Zabaltzen ari da, oraindik ere, Txinako koronabirusa: Frantzian Europako lehen bi kutsatuak atzeman dituzte, Agnes Buzyn Frantziako Osasun ministroak atzo jakinarazi zuenez. Parisen eta Bordelen (Okzitania) daude ospitaleratuta.

Buzynek prentsaurrekoan azaldu zuenez, Bordeleko kutsatua Wuhanen (Txina) izan zen duela gutxi, lan bidaia bat egiten; hiri horretan agertu zen lehen aldiz birusa, eta han izan da hildako eta gaixo gehien. Bigarren kasuari buruz ezer gutxi adierazi zuen: atzo arratsaldean atzeman zutela, eta hiriburuko ospitale batean dagoela, isolamenduan. «Ziurrenik kasu gehiago izango ditugu. Batzuk dagoeneko egon behar dira Europan», ohartarazi zuen.

Denera bederatzi herrialdetan topatu dituzte kutsatuak, baina Txinatik kanpo ez da hildakorik izan. Birusa atzeman duten herrialdeen artean daude Japonia, AEBak, Thailandia eta Nepal, esaterako. AEBetan bi lagun daude kutsatuta, bi Japonian eta beste bi Hego Korean; Singapurren hiru daude gaixo, eta Vietnamen, bost.

Osasunaren Mundu Erakundearen aholkuak betez, aireportuetako kontrolak zorroztu dituzte, batez ere Txinatik datozen hegaldiekin; Taiwanek beste urrats bat egin du, eta debekatu egin ditu hegaldiak. Zientzialariek zabaldutako datuen arabera, birusa gizakitik gizakira igarotzen da, eta norbanako kutsatu bakoitzak beste pertsona bat edo bi kutsatzen ditu. Hala ere, kasuen %25 soilik jo dituzte larritzat edo oso larritzat. Orain arte, ez da SARS arnasketa sindrome akutu larria bezain hilgarria, baina sintomarik ageri ez duten kutsatuek ere zabaldu dezakete birusa, eta, beraz, zailagoa da hari eustea. Adituek ez dute argitu noiz hasten den kutsatze aldia.

AEBetako zientzialariek atzo iragarri zuten hiru hilabete barru eskura izango dutela birusaren aurkako txerto bat, gizakietan probatzen hasteko. «Piztualdi horrekin zer gertatuko den aurreikustea ezinezkoa bada ere, erantzun egoki batek berehalakoa izan behar du», adierazi zuen AEBetako Gaixotasun Infekziosoen eta Alergien Institutuak.

Erietxe berria Wuhanen

Txinan, garai honetan, milioika herritarrek bidaiatzeko baliatu ohi dituzte Urteberriko ospakizunak; ondorioz, gobernuak atzo beste sei hiri jarri zituen berrogeialdian —hamar daude egoera horretan—, eta garraio publikoa eten egin zuen. Hortaz, neurriak 41 milioi laguni eragiten die eta hamar egunean mila oheko erietxe bat eraikiko dutela iragarri zuten atzo; 896 dira kutsatuak.

Wuhan 11 milioi biztanleko hiri bat da, eta bertan behera utzi dituzte autobus, metro eta tren zerbitzu guztiak, eta etxetik ez irteteko eskatu diete herritarrei. Horrez gain, itxi egin dute Pekingo Hiri Debekatua.

Shanghain, berriz, 14 egunez etxetik ez irteteko eskatu diete herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.