Zerga erreforma geratu izanak ez ditu apaldu Kolonbiako protestak

Lan, pentsio eta osasun erreformak «gelditu arte» jarraitzeko eskatu dute protesten deitzaileek. Gutxienez hamasei lagun hil dituzte istiluetan

Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Gaineko geruza desagertuta, azpikoak azaleratu dira Kolonbian. Azken egunetako protestek behartuta, gobernuak atzera bota du ezarri asmo zuen zerga erreforma, baina harago doaz manifestarien eskariak. Gizarte erakundeek, ikasleek, sindikatuek eta kolektibo indigenek deia egin zuten atzo Cali hirian protesta egiteko. «Bataila bat irabazi dugu zerga erreforma atzera botatzeko gobernuaren erabakiarekin, baina ez dugu borroka irabaziko lan erreforma, osasun erreforma eta pentsio erreforma biltzen dituen Duqueren paketea atzera bota arte eta hildakoei, zauritutakoei eta harrapatutakoei justizia egiten zaien arte»,adierazi zuten ohar batean.

Deitzaileen arabera, azken egunetan hiri horretan izandako manifestazioetan hamasei lagun hil dira, eta 234 zauritu. Horrez gain, jakinarazi zuten bost lagun desagertuta daudela, seik begia galdu dutela eta emakume bat bortxatu dutela istiluen aurkako agenteek. Segurtasun indarren bortizkeria gogor salatu dute manifestariek azken egunetan, baina egoeraren larritasuna haien bizkar utzi du Ivan Duque presidenteak, eta, gainera, militarrak kalera bidaltzea erabaki zuen larunbatean, protestei aurre egiteko.

Pandemiak utzitako zulo ekonomikoari buelta emateko neurri arranditsu gisa aurkeztu zuen Duquek zerga erreformaren proiektua, eta, horren bidez, estatuko finantza publikoak 5.220 milioi euro baino gehiagorekin diruztatuko zirela hitzeman zuen; besteak beste, zerbitzu publikoei %19ko BEZa ezarrita. Oposizioa eta herritarrak gainera etorri zitzaizkion, ordea, eta presio horrek proposamena atzera botatzera behartu zuen. «Kontsentsuen fruitu» izango den beste proiektu bat lehenbailehen garatzen hastea da bere asmoa orain.

Eredu ekonomikoen arteko talka azalarazi dute protestek, eta oligopolioen eta enpresa handien mesedetan aritzea leporatzen diote manifestariek gobernuari. Egiteko modu horren ordezkaritzat dute Alberto Carrasquilla Ogasun ministroa, eta haren ministerioan sortutakoa da atzera bota duten zerga erreforma. Horregatik, protesten jomugan dago, eta dimisioa eskatzen ari zaizkio herritar asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.