Sirian hilabeteko su-etena adosteko testuaren aurka agertu da Errusia

Ghouta ekialdea setiopean da egunotan. Damaskoren armada Afrinen sartzea nahi du YPGk

ander perez zala
2018ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Sirian hilabeteko su-etena adosteko testua aurkeztu zuten atzo Suediak eta Kuwaitek, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan. Igandeaz geroztik, hiriburuaren ondoko Ghouta ekialdea setiopean da, eta NBEk su-etenerako beharraz ohartarazi zuen; ordea, atzo aurkezturiko ebazpena ez dela nahikoa argudiatu zuen Moskuk, ez dituelako beharrezko «bermeak» zehazten —gaur bozkatuko dute, Errusiaren zuzenketak eztabaidatu ostean—. Bost egun dira hegazkinak Ghouta ekialde gainetik pasatzen ari direla —Errusiako Gobernuak ukatu du bereak direnik—, eta gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute ehunka hildako izan direla bonbardaketen ondorioz.

Damaskoren eta hiri inguruko eskualdeen kontrola berreskuratu zuen gobernuak, eta orain ez dago prest matxino islamisten presentzia onartzeko eskualdehorietan. Hain justu, matxino islamisten esku dago Ghouta ekialdea, eta Siriako armadak inguratua du eremu hori; irtenbide gisa, Moskuk ebakuazio plan bat proposatu zien, baina ez zuten onartu, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren arabera.

Suediak eta Kuwaitek aurkezturiko ebazpena babesteko prest agertu zen atzo Errusiako Gobernua, soilik matxino islamistak kanpo geratuko balira. Ordea, testuak ez zituen eskakizun horiek bete: «Ezin dugu jakin su-eten hori errespetatuko ote duten», argudiatu zuen Vasili Nebenzia Errusiaren NBErako enbaxadoreak.

Siriako armadaren laguntza

Afrinen, Kurdistango barruti autonomoan, YPG Herriaren BabesUnitateen bozeramaile Nuri Mahmudek Baxar al-Assad Siriako presidenteari dei egin zion atzo, Siriako tropak Afrinera bidal ditzan. «Damaskorekin lerrokaturiko taldeak etorri ziren Afrinera, baina ez dira nahikoa Turkiaren okupazioa gelditzeko», ohartarazi zuen.

Bitartean, Alepoko barrutietan zeuden YPGko borrokalariak Afrinera joan izanak ondorioak izan ditu. Alepoko YPGren komandante Furat Khalilek atzo jakinarazi zuen Damaskok kurduen esku zeuden barrutien kontrola hartu zuela. «Alepon ginenak Afringo kantonamendura joan gara Turkiari aurre egitera, eta, horren ondorioz, Alepo hiriko ekialdeko barrutien kontrola Siriako Gobernuaren esku geratu da», adierazi zuen Khalilek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.