Bernard Landry. Quebeceko lehen ministro ohia

«Independentzia nahi bada, gainditu egin behar da ezker-eskuin zatiketa»

Gaur beteko dira 35 urte Quebecen independentziari buruz lehen erreferenduma egin zenetik. Quebeceko lehen ministro eta Alderdi Quebectarreko presidente izana, burujabetza prozesuari buruz aritu da Bernard Landry BERRIArekin.

ALEXANDRE DEMERS.
Jenofa Berhokoirigoin.
Montreal
2015eko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Independentzia lortu ahal izateko ezkerraren eta eskuinaren arteko zatiketa gainditu behar dela dio Bernard Landryk (Saint-Jacques-de-Montcalm, Quebec, 1937).

Lehen erreferenduma 1980ko maiatzaren 20an ukan zenuten. Nola oroitzen duzu egun hura?

Giro orokorra sentituz eta zundaketei behako bat emanez, bagenekien irabazteko aukera txikia genuela. Rene Levesque orduko lehen ministroak ere bazekien, baina erreferenduma hitzemana zuenez eta hitzeko gizona izanki, antolatu zuen. Independentziari buruzko eztabaida sakonak egiteko aukera izan zen; guztia oso demokratikoki pasatu zen, bortizkeriarik gabe.

Galdera ez zen zuzenean independentziari buruzkoa, baizik eta negoziatzeko ahalari buruzkoa.

Denek zekiten independentistak ginela.

Zergatik formulatu zenuten galdera horrela?

Levesque demokrata handia zen, ez zuen populua sorkatu nahi. Bazekien erdi bidea hautatzen. Burujabetza hitza teknikoagoa da, harrotasun gutxiagokoa nolabait. Garaian horrela jokatu behar zela pentsatzen zuen.

Beldur gutxiago sor zezakeelako, agian.

Bai, arras hori da. Beldurra da independentziaren aurkakoen arma nagusia. Independentistak prest izan behar dira beldurrari loturiko argumentu guztiei erantzuteko; guk independentziari buruzko argumentu baikorrak plazaratu behar ditugu.

Mugimendu abertzalea 1960ko urteetan egituratu zen Quebecen. Hogei urtera baiezkoak %40,44 lortzea emaitza ona da.

Abertzaleok gutxiengo txikia ginen, baina oso laster garatu zitzaigun mugimendua: 1980an, baiezkoak, %40,44, eta 1995eko bigarren erreferendumean, %49,42! Kanadak garaipena legez kanpo eta bidezkotasunik gabe lapurtu ez baligu, hogei urte lirateke independente izanen ginela.

Garaipena lapurtu?

Ez zituzten errespetatu finantzaketari buruzko gure legeak, eta diru federala baliatu zuten bozketan eragina ukaiteko. 2006ko Gomery batzordeak frogatu zuen, zehaztuz Kanadako Gobernuak ez zuela modu etikoan jardun.

Independentisten garapen azkar hori nola esplikatzen duzu?

Gaitzeko koalizioa zegoen: Jacques Parizeau garaiko lehen ministroa [Alderdi Quebectarra], Lucien Bouchard Bloke Quebectarraren burua, Mario Dumont Quebeceko Ekintza Demokratikoaren sortzaileetarikoa... Batasun zabala zen. Herri guztietan kausitzen dugu eskuinaren eta ezkerraren arteko zatiketa, baina, independentzia nahi bada, zatiketa hori gainditu eta bigarren maila batera pasatzen jakin behar da, independentziaren aldarriari emateko lehentasuna. Independentzia lortu ondoren, batzuetan ezker izanen da gobernua, eta besteetan, eskuin. Independentziaren aldarria ez da ezker ala eskuin kontu bat.

Anitzek bozkatu zuten independentziaren alde.

Libre izateko ahala duten herriek libre izateko betebeharra dute, bai norbere interesen alde eta bai mundu mailako interesen alde. Georges Washingtonek zioen nazioen artean ez zela oparirik egiten. Kanadaren partetik ez dugu sekula oparirik jasoko. Zergen erdia bidaltzen diogu, eta hortik hartzen du bere zatia. Ez da Kanada gaiztoa dela, nazio guztiek dute horrela funtzionatzen. Herritarrek ulertu dute gure nazioari ordainduriko zergak gure nazioan gastatuko direla osoki.

Baiezkoaren aldeko argudio azkar bat zenuten hori.

Bai, baina besterik ere bagenuen. Duintasunaren eta harrotasunaren aldeko mezua genuen. Horrez gain, gure kultura eta hizkuntza babesteko ezinbestekoa dugu independentzia. Mexikoren iparrean dagoen Ipar Amerikako unibertso anglofonoaren erdian gara.

Garaian, arras zapaldua zen frantses hizkuntza. Anglofonoen speak white iraina gogoan dugu.

Garai kolonial batean ginen.«Gure etxean nagusi» errepikatuz iritsi zen boterera Alderdi Liberala 1960. urtean.

Garai kolonial hori iraganean duzue.

Bai. Ekonomikoki benetako iraultza ezagutu dugu. 1960 aitzin ez ginen eragile ekonomiko handia; gaur egun, berriz, enpresa multinazional andana bat dugu, eta mundua menderatzen dugu bideo jokoen sektorean, baita informazioari buruzko teknologietan ere. Aberastasunaren banaketa zuzena dugunez, herritarren bizi maila auzo dugun Ontario probintzia aberatsekoena baino hobea dugu. 1960ko hamarkadako Iraultza Lasaia aitzin, gure hezkuntza maila munduko apalenetarikoen artean zegoen; gaur egun, berriz, altuenetan dago. Hezkuntza izan da gure iraultzaren muina. Hezkuntzak ekarri ditu beste garapen guztiak.

Hobekuntza handiak eraginen zituen Iraultza Lasaia independentista al zen?

Zuzenki ez, baina guztia lotua zen. Aldaketa horiek eraginez, gure nazioa independente izan zitekeela frogatzen genuen.

Karrikan, gutxi sentitzen da egun independentziaren gosea.

Badu zenbait urte garai hits batean garela. 1995. urteko porrota oso gogorra izan zen, bihotz hisgarria izan zen guztientzat. Neurastenia garai batean gaude, ahuldu gara. Gazteak beste borroka batzuei lotu dira, ingurumenaren edo mundu mailako herritartasunaren alde. Borroka interesgarriak dira, baina independentziaren aldarriari lotarazi behar ditugu. Iduritzen zait, hala ere, haize berri bat datorkigula.

Ikusiz frankofono gisa orain diskriminazio gutxiago pairatzen dutela, agian independentziaren beharra gutxiago sentitzen dute.

Bai, arrazoi duzu. Garaian, matxinadatik hurbil ginen, hain zen egoera frustragarria. Gure arrakastaren biktimak gara! Baina nik diot independentzia lortuz gero oraindik arrakasta handiagoa ukango dugula.

Zer erantzuten diozu «zergatik independentzia?» galdetzen dizun quebectarrari?

Galdetzen diot zergatik ez ote den herririk munduan independentzia ezagutu eta uko egin diona. Gure interesetan da independentzia lortzea; ez bakarrik materialki edo diruari doakionez, norbere harrotasunari eta duintasunari doakionez ere bai.

Hein berean ezartzen dituzu biak?

Ez, lehenik kokatzen ditut duintasuna eta harrotasuna. Bihotzari loturiko gai bat da, eta interes materialak lotzen zaizkio.

Alderdi abertzaleen aldetik, mezu independentista gutxi entzuten dugu.

Alderdi independentista andana dugu: Alderdi Quebectarra; ezkerrago, Quebec Solidarioa; eta gehienbat gazteak batzen dituen Aukera Abertzalea. Hiruren emaitzak batuz gero, garaipena dugu.

Alderdi bakarrean batzearen aldekoa zara?

Ez. Baina ekintzari, estrategiari eta taktikari doakionez, elkarlanean aritu behar gara. Elkarlan hori ezinbestekoa da independentziara heltzeko.

Aldarri independentista aski plazaratzen dute politikariek zure gustuko?

Ez, garai hits eta nostalgiko batean garelako. Laster, Pierre Karl Peladeauk hartuko du Alderdi Quebectarraren burua. Populartasun handikoa eta karismatikoa da, eta independentziaren aldarria lehen mailara pasa nahi du.

Anartean, ez gara horretan, eta bigarren mailan gelditzen da.

Egia da, eta errespetu osoz diot buru batzuek ez dutela mobilizazioa elikatu. Agerikoa da orain. Horren alde borrokatzen segituko dut, ez dudalako nahi nazio baten probintzia soil den nazio batean bizi daitezen nire haurren haurrak.

Hirugarren erreferendum bat ukanen duzue?

Bai, segur naiz. Hain da kausa noblea, ezin dugula abandonatu: gure herritarren geroa da jokoan. Jakinik, gainera, bigarrena doi-doietarik galdu genuela.

Zein da Kanadaren postura?

Gaur egun, Kanadako Gobernuko batzuk hasten dira ulertzen Quebec nazio bat dela. Adibidez, Michael Ignatieff Alderdi Liberala indar federalistako buruzagi ohiak aitortu berri du bi herri garela. Duela urte batzuk Kanadako Parlamentuak nazio gisa ezagutu gintuen. Iraganean, zailtasunak zituzten nazio ginela aitortzeko. Aitzinamenduak badira, beraz.

Frantsesak etorri aitzin, autoktonoak ziren hemen. Historian zehar zapalkuntza anitz jasan dute. Zein izango da autoktonoen egoera Quebec independente batean?

Kanadako beste eskualde guztiekin konparatuz, ohartzen gara hemen direla hobekien tratatuak. Adibidez, Bihoztunen arteko bakea deitu bake akordioa izenpetu genuen 2002an cree populuarekin. Elkar aditze hori etsenplu gisa aurkezten du usu Nazio Batuen Erakundeak. Oraindik hobeto jokatuko dugu Quebec independente batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.