Errefuxiatuen krisia. Siziliako egoera

Frustrazioaren itxarongela

Italiako harreragunerik handiena da Mineoko CARA, Sizilian. Asilo eskatzaileek 'herrixka' bakartu horretan bizi behar dute administrazioak haien auziari buruz ebatzi artean. Zentroko giroa gaiztotu dute baldintza kaskarrek, itxaronaldi amaigabeek eta ustelkeria kasuek.

AEBetako base militarreko soldaduen etxebizitza gunea zen Mineoko harrera zentroa. Egun 1.900 asilo eskatzaile inguru bizi dira han. ADRIAN GARCIA.
Adrian Garcia.
Mineo
2015eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Siziliako landa aldean, limoiondo eta laranjondo sail erraldoien erdian. Bidaia arriskutsu eta garesti batetik onik ateratzen diren askok eta askok hortxe amaitzen dute. Esperoan. Catania hiriburutik 60 bat kilometrora dago Mineoko CARA Asilo Eskatzaileen Harreragunea, Italiako handiena. Herri bakartu bat da, hiruzpalau metroko txarrantxa hesi batez inguraturik. Ez da beste hirigunerik inguru zabalean. Mineo herria dago gertuen, bost bat kilometrora, Iblei mendixkaren gainean. Milaka lagunen itxaropenak harreragune horretan itotzen dira. Pixkanaka-pixkanaka. Batetik, zentroko baldintza kaskarrengatik etsita —2.000 lagunentzako tokia du, baina 4.000 inguru ere egon dira—. Eta, bestetik, haien asilo eskaeraren inguruan ebatzi behar duen administrazioaren erantzun falta eta atzerapenengatik frustratuta.

Konboi militarrek zaintzen dute ingurua. Italiako armadako soldaduek, arma automatikoak eskuetan, ematen dute zentrora sartzeko baimena. Barruko segurtasunaz, ordea, Barne Ministerioa arduratzen da: Italiako Polizia. Sarrerako hesia gainditu ondoren beste bostehun bat metro egin behar dituzte guneko biztanleek etxebizitza gunera iristeko. Teorian behintzat, sarrera eta irteera librea dute. Baina herrixkara sartzeko polizien eta haien txakurren miaketak jasan behar dituzte.

Ia bi urte eman ditu barruan Abdullahek. Ghanakoa da, eta Mediterraneoa gurutzatuta iritsi da Italiara. Behin-behineko baimena du orain, baina anaia harreragunean duenez, bisitan joan zaio. «Bizi baldintzak ez dira asko aldatu. Egunero berdina ematen dute jateko: pasta eta arroza. Afrikarrok ez dugu batere gustukoa». 4.000 lagun bizi zirenean, itogarriak ziren bizi baldintzak, zortzi bat lagun sartzen baitzituzten gela bakoitzean.

Egoera zertxobait normaldu dela diote orain. Datu ofizialen arabera, 1.900 lagun bizi dira egun. Paperak lortzeko esperantzak lotzen dituzte itxaronaldi amaigabera. «Baimenagatik egoten da jendea; bestela, azkar egingo zuketen alde. Paperak lortu zain daude denak», adierazi du Abdullahek.

Esperoan

Legez 35 egunen buruan eman behar die erantzuna administrazioak asilo eskatzaileei. Baina atzerapenak dira ohikoenak, eta urtebete inguru itxaron behar izaten dute askok batzorde batek auzia azter dezan, eta haien patua erabaki. Errefuxiatu estatusa baztertuz gero, helegitea jartzeko aukera dute, eta berriro hasten da itxaronaldia. Beste horrenbeste denbora hartu ohi du administrazioak bigarren eskaerari erantzuteko.

Etengabeko itxarotea da asilo eskatzaileena. Urteak eman dituzte bidaiatzen, giza trafikatzaileei ordaintzeko dirua irabazten eta aurrezten. Europan sartzean ere, itxaron beste erremediorik ez dute. Baldintza kaskarretan. Mineon, Sizilia barnealdean, ez dute nora jo.

Sistema ustela

Italiako Gobernuak egunean 35 euro inguru jartzen ditu errefuxiatu bakoitzeko. Diru horren gehiena, ordea, harreraguneak kudeatzen dituzten azpikontratatutako enpresetan xahutzen da, janaria eta bestelako zerbitzuak ordaintzeko. Zati txiki bat iristen zaio asilo eskatzaileari eskudirutan. «Egunean 2,5 euro ematen dituzte», argitu du Abullahek. Aurrera egiteko, zentroan ematen dizkieten materialak saltzen saiatzen dira herrian, hala nola tabakoa eta beste produktuak; baina herriko merkatariekin liskarrak eragin ditu horrek. Aukera gutxi baitituzte asilo eskatzaileek Siziliako nekazaritza lursailen erdian, eta fruituak biltzen amaitzen dute askok, lursail jabeek esplotatuta askotan. Hala lan egin zuen Abdullahek. «Hamabost euro irabazi ditzakezu egun oso bat lan egitearen truke».

Askok egiten dute Cataniarako bidaia. Ibrahim du ondoan Abullahek. Hura ere Ghanakoa da, eta hiriburura joateko «taxiaren» zain dago. «Hemen ez dago egiteko ezer. Ez dago lanik, ez dago ezer, eta kanpora joaten gara egunero». Bost euroren truke, taxia deritzoten Opel zahar beltz batek egiten ditu garraio lanak. Autoa jendez gainezka ekartzen du gidariak. Hustu, berriro bete, eta kostaldera abiatzen da. Ez du kazetariarekin hitzik egin nahi gidariak. Legez kanpokoa da haren jarduna, baina segurtasun indarrek ez ikusiarena egiten dute.

CARAko eta Mineo herriko biztanleen arteko harremanak ez dira errazak. Frustrazioak eta baldintza kaskarrak piztuta, liskarrak sortu izan dituzte asilo eskatzaile batzuek. Giulianok ez ditu gogoko atzerritarrak. Zentrotik ehun bat metrora dagoen baserri baten jabe da, eta limoiondoak ditu landatuak. «Etxea erre zidaten, eta Mineo herrira joan behar izan dut bizitzera. Zaborraz beteta uzten dute ingurua». Taxiaren zain dauden hainbat lagun uxatu ditu Giulianok, baina Abullahek bere tokiari eutsi dio. «Ez dituzte beltzak nahi, baina gero gutaz aprobetxatzen dira».

Zentro barruan handia da merkatu beltzeko produktuen salerosketa. Poltsa handi batekin sartzen saiatu da lagun bat, baina militarrek miatu dute eta sarrera galarazi diote. «Orain bi hilabete ere esan genizun ez sartzeko», oihu egin dio soldaduak. «Nik ere gauzak erosten nituen, gero barruan garestiago saltzeko», azaldu du Abdullahek.

Integraziorako oztopo

Polemika bizia piztu du Mineoko CARAk, ez soilik Sizilian, Italia osoan baizik. Kazetariek eta gizarte langileek oso zaila dute barrura sartzea; baimena eskatu behar dute Cataniako prefekturan, baina zurrunbilo burokratikoan galtzen dira eskaerak. Hesien beste aldean gertatzen dena ezkutatu nahi du administrazioak.

Militarren auto blindatuek sarrera zaindu ez eze, hesira gerturatzeko saialdi oro zapuzten dute. Alerta egoeran daude, asilo eskatzaileen ibiliei gertutik so. «Ez dira arriskutsuak, baina inguruan segurtasuna bermatzea da gure zeregina», dio hesiaren ondotik doan bidea blokeatzen duen militarretako batek. Kazetaria hurbiltzean, autotik txartel bat hartu du, haren nagusiaren telefonoa emateko. Txartel horretan italieraz irakur daiteke kazetariekin hitzik ez egiteko argibidea.

Zentroko langileek ere debekatua dute barruko baldintzei buruz hitz egitea. 350 bat langile ditu CARAk, gehienak Mineo eta inguruetako herrietakoak. Paolo Rossi —ez du benetako izena eman nahi— zentroko lorezaina da. «Argi esaten digute debekatua dugula kazetariekin hitz egitea». Zentroko egoera hobetu dela dio. «Borrokak egoten ziren lehen, baina lekualdatu egin dituztenetik [asilo eskatzaileak] lasaiago dago dena». Lehen sektorea oinarri duen eskualdearentzat pizgarri ekonomiko garrantzitsua eskaintzen dute zentroko lanpostuek. Kezkatutadaude, kaleratzeak egongo diren zurrumurruak entzun baitituzte. «Jende asko dago kolokan».

Krisi humanitarioa irabazi handiko negozioa bilakatu da harrera zentroetako kudeatzaileentzat. Salvo Catalano kazetaria Meridionews Siziliako Interneteko agerkariaren zuzendariordea da, eta gertutik jarraitu ditu Mineoko CARAri lotutako ustelkeria auziak. Laranjen Etxebizitza deitu zioten guneari eraiki zutenean, 2.000 urtean. Orain bost urtera arte inguruko Sigonela AEBetako base militarreko soldaduak izan dira bertako maizterrak. Baina 2011n gunea hustu, eta asilo eskatzaileentzako zentro gisa hasi ziren erabiltzen. Azpikontratatutako enpresa batek kudeatzen du zentroa. «Lehiaketa publikoa egin zuten, baina hasieratik egon dira irregulartasunak», esan du Catalanok. Gobernuak asilo eskatzaile bakoitzeko emandako 35 euroekin ateratzen dituzte etekinak. «Zentroa kudeatzeko era mafiosoa da, epailearen hitzetan». Italiako Gobernuaren gertuko ustelkeria sare bat azaleratu dute ikerlariek.

Ana Duque Arci Catania GKEko kide da, eta Mineoko CARAn sartu dituzten asilo eskatzaileekin egiten du lan. «Beldurrez daude, haien estatusa erabakitzen duen batzordearen zain. Administrazioak ez die informazio zuzena ematen».

Generoagatik baztertu ez ezik, herrialdeka banatzen dituzte. «Oso zaila da haien integrazioa. Ezerezaren erdian dagoen kanpaleku bat da». Errefuxiatuekin antzerki tailerrak egiten dituzte. «Haien inguruko harreman sarea aztertzeko helburua dute antzerkiek, errealitatea barnera dezaten». Bidegabeko egoera bat aurkezten dute antzerkian, eta ikusleei parte hartzeko aukera ematen diete, egoera bideratzeko. Mineoko herritarrek parte hartzea da hurrengo helburua, sentsibilizazioa sustatzeko.

Barruan «gerra txikiak» egon direla dio Duquek. «Oso zaila da zer gertatzen den jakitea. Ospitale bat dute, eta dena barruan geratzen da». Informazio bakarra asilo eskatzaileengatik jasotzen dute. «Hainbatetan eskatu dut sartzeko baimena. Ez didate sekula eman».

Mineoko CARAren itxiera eskatu dute gobernuz kanpoko erakundeek, egokia ez delako asilo eskatzaileak hartzeko. «Horrelako azpiegitura baten premia zuten, eta ez zutenez, berri bat eraiki beharrean AEBen soldaduen bizilekua hartu zuten».

Herritarren eta CARAko biztanleen artean tentsioa izan da. Batez ere zentroa gainjendeztatuta zegoenean. Mineo herriak bezainbeste biztanle ere eduki ditu harreraguneak. Ezintasunak eraginda, istiluak sortu izan dituzte asilo eskatzaile batzuek, errepideak blokeatu eta segurtasun indarrei objektuak jaurtiz.

«Aparteko errepublika»

Herritar guztiek ez dute ongi ulertu protesten arrazoiak. «Janaria eta dirua eskatzeko sortzen dituzte liskarrak», adierazi du Mariok, Mineoko gazte batek. Herritarren artean Palagoniako hilketa bikoitza oso presente dute. Abuztuan, Mineo inguruko udalerri horretan, adineko senar-emazte batzuk hilik topatu zituzten etxean. Poliziak CARAko asilo eskatzaile bat atxilotu zuen krimenarekin lotura zuelakoan. Hilketak zenbait herritar immigrazioa eta delinkuentzia lotzera eraman ditu.

«Kondairak badakizu nolakoak diren». Roberto Zafarana Mineoko Udaleko gizarte laguntzailea da, eta baieztatu du herritarren eta errefuxiatuen arteko elkarbizitza ona dela. «Kasu bakan batzuetan izan ezik. Normala da 4.000 lagunetik bakar bat gaizkilea izatea». Zentroak udalaren gizarte saila kontuan hartzea gustatuko litzaioke. «Ez didate ezertarako deitzen». Urte hasieran izaniko tentsioak baretu diren arren, CARAko kudeaketa «kaskarra» dela salatu du. «Aparte bizi den errepublika independente bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.