Irlandako mugarako 'B plana' urtebetekoa izatea proposatu du Londresek

Erresuma Batuak eta EBk 'brexit' ondorengo trantsizio aldia akordiorik gabe bukatuko balute, uharteko muga irekiak 2021era arte iraunen luke

mikel rodriguez
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Ekaina hilabete garrantzitsua izanen da brexit-aren etorkizuna argitzeko. Erresuma Batuko Komunen Ganberak hurrengo asteartean eta asteazkenean eztabaidatu eta bozkatuko du EB Europako Batasuna uzteko legea, eta hautsak harrotuta daude Theresa May lehen ministroaren gobernuan. Irlandako mugari buruzko B planak desadostasun handia sortu du ministroen artean, batez ere David Davis brexit-erako negoziatzailearekin, Mayrekin ados ez zegoelako dimisioa emanen ote zuen ere espekulatu baita azken egunetan. Ez du halakorik egin azkenean, ontzat jo baitu gobernuak atzo aurkeztu duen proposamena; izan ere, horretan zehaztu dute Bruselarekin akordiorik lortu ezean Irlandaren aduana batasunak epe bat izanen lukeela indarrean egoteari uzteko: 2021eko abendua.

Brexit-a 2019ko martxoaren 29an da indarrean sartzekoa. Erresuma Batuak eskatuta, Londresek eta Bruselak hitzartu zuten batasuna uzteko trantsizio aldi bat egitea, 2020ko abendura arte. Iragarritako asmoen arabera, bi aldeek adostuta edukiko lukete ordurako etorkizuneko harremana. Hori gertatu ezean, B plan bat edo «babes plan bat» dute proposatzeko, eta Londresek atzo egin zuen berea. Oraintxe bertan, Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko muga da bi aldeek duten auzi gatazkatsuena, eta, plan horren arabera, Erresuma Batuak muga ikusezinari eutsiko lioke bertze urtebetean; hau da, aduana batasunari eta pertsonen eta gaien trafiko libreari.

Davisek babes plan horri epe zehatz bat paratu nahi zion; izan ere, haren ustez, mugagabe utziz gero, de facto lurralde haustura bat sortuko luke Erresuma Batuan.

Dublin, epearen aurka

Trantsizio aldian behin betiko akordio bat egiten bada, ez da babes plan baten beharrik izanen, baina, oraingoz, Mayren gobernuak atzoko proposamena eramanen dio EBri negoziatzeko. EB epeak paratzearen aurka agertu izan da erabat. Michel Barnier negoziatzaile buruak atzo adierazi zuen pauso ona dela proposamen zehatz bat egitea, baina ez zuen edukiaren inguruan iritzirik eman nahi izan. Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroa argiago mintzatu zen: «Babes planak indarrean egon behar du alternatiba bat topatu arte. Ezin zaio epe bat paratu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.