Presidentetzarako bozak maiatzaren aurretik egingo dituzte Venezuelan

Batzar Konstituziogileak hauteskundeen eguna aurreratu du, EBren azken zigorrei erantzunez

ander perez zala
2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Venezuelako Batzar Nazional Konstituziogileak adostu du apirilaren 30a baino lehen egitea presidentetzarako hauteskundeak. Epea atzo onartu zuen ganberak, dekretu bidez, eta CNE Hauteskunde Batzorde Nazionalaren esku dago orain eguna zehaztea. Nicolas Maduro presidentea izango da beste behin ere ofizialisten presidentegaia; oposizioari dagokionez, oraindik jakiteko dago parte hartuko ote duen, zatiketa handia baitago koalizioa osatzen dutenen artean gobernuari nola aurre egin adosterakoan. Urtearen amaierarako zeuden aurreikusita hauteskundeak, baina batzarrak bozak aurreratzea erabaki du.

«Konstituzioaren arabera, nahitaezkoa da dekretuen edukia betetzea», gogorarazi zuen atzo Diosdado Cabellok. Beraz, badirudi CNEk errespetatu egingo duela batzarrak proposatutako egutegi aldaketa. Ez da lehen aldia hauteskunde eguna aldatzen dutela: iaz eskualdeetako hauteskundeen data ere aldatu zuten, esaterako.

Atzoko erabakiari buruz, Cabellok azaldu zuen EB Europako Batasunak astelehenean ezarritako zigorren aurkako erantzuna izan dela; hain justu, Cabello da EBk zigorrak ezarri dizkien zazpi politikarietako bat: «Munduak zigorrak aplikatu nahi baditu, guk hauteskundeak aplikatuko ditugu».

Data aldaketa ustekabean iritsi da Venezuelara. Iritzia ematen lehena Henrique Capriles oposizioaren presidentegai ohia izan zen, bere alderdikideei «batasunerako» deia eginez. Hain justu, aurreko presidentetzarako hauteskundeak 2013an egin ziren, eta Capriles bera izan zen oposizioko presidentegaia; Madurok irabazi zituen, botoen %50,61 eskuratuta. 2015eko abenduan, berriz, parlamenturako bozak egin zituzten, eta iazko uztailean Batzar Nazional Konstituziogilerakoak.

Datarik ez elkarrizketetan

Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketak blokeatuta daude oraindik. Azken hitzordua joan den ostegunean jarri zuten, baina, aurreko egunetan sorturiko tentsioaren ondorioz, atzeratzea erabaki zuten.

Oraingoz ez dute jarri beste hitzordurik, baina kolokan dago gobernuaren presentzia, EBren zigorren ondorioz. Jorge Arreaza gobernuaren ordezkariak iragarri du aztertuko dutela elkarrizketekin jarraitu ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.